
Eraso sexisten, LGTB+fobikoen eta arrazisten aurkako gida bat sortuko dute, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jai giroan ematen diren era horietako gehiegikeriei aurre egiteko tresna izateko bokazioa izango duena. EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Sumarrek Gasteizko Parlamentuan Lakuako Gobernuari galdegin diote lantalde bat sortu dezala hura ontzeko. Eskaera EH Bilduren ekimenez irten da aurrera, koalizio subiranistak aurkeztutako zuzenketa batean jasoa baitator. PP abstenitu egin da eta Voxek aurka bozkatu du.
Ekimena izenpetu duten taldeek proposatu dute gida Eudelekin elkarlanean egitea, baita bestelako gizarte eragileekin ere, udalerri bakoitzaren berezitasunetara eta beharretara egokitu dadin.
Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, eraso sexistengatik, LGTB+fobikoengatik eta arrazistengatik jarritako salaketak esponentzialki hazi dira azken urteotan, «erakundeek, hedabideek eta sare sozialek hartu dituzten diskurtso faxistek bultzatuta».
Jaietan eraso horiek ekiditeko eta horiei aurre egiteko protokoloak badaude ere, «ikuspegi intersekzional orokorra» beharrezkoa dela uste du Arresek, eta nabarmendu du gaurko akordioa «gizarteari egindako eraso horien aurkako mezua» dela.
EAJko Maitane Ipiñazarrek uste du udalerri bakoitzaren errealitatea kontuan hartu behar dela indarkeria adierazpen horiei erantzuteko, eta horien atzean gorroto diskurtsoen hazkundea dagoela, «sare sozialek elikatutako muturreko ideologien gorakadarekin».
Adrian Fernandez PSEko legebiltzarkideak defendatu duenez, «konpromisoarekin eta benetako konponbideekin» aurre egin behar zaio emakumeek, pertsona arrazializatuek eta LGTB+ kolektiboak espazio publikoetan pairatzen duten «jazarpenari eta indarkeriari».
Ildo beretik mintzatu da Sumarreko Jon Hernandez. Akordioaren garrantzia azpimarratu du, eta eraso horien azterketa diagnostiko bat egitea positiboa litzatekeela ere defendatu du.
Bestalde, PPko Muriel Larreak adierazi duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerri gehienetan dagoeneko badaude horrelako ekimenak eta EH Bilduri leporatu dio aurkeztu izana, «alderdian kriminalak dauzkanean». Voxeko Amaia Martinezek antzeko adierazpenak egin ditu, koalizio subiranistari esanda ez dagoela «indarkeriaren aurkako lezioak emateko moduan».

«Ganas, paciencia y un poco de mano», receta para ser un constructor naval a pequeña escala

El presidente de Kutxabank contrapone educar en euskara y captar talento: «Es limitante»

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

Salvioli, exrelator de la ONU: «Es inaceptable lo que hace el Poder Judicial en este país»
