NAIZ

Bizkaiko LEPetan hizkuntza eskakizunak atzeratzearen alde bozkatu dute Batzar Nagusiek

Bizkaiko Batzar Nagusietan Diputazioari oposaketetan euskarazko hizkuntza eskakizunak mantendu ditzan eskatzeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk, eta aurka bozkatu dute gainontzeko talde guztiek. Horrela, eskakizunen derrigortasuna atzeratuko dute inpugnatutako prozesuen epaiak irmoak izan arte.

Kontseiluaren protesta hizkuntza eskakizunen alde, duela aste batzuk, Bizkaiko Aldundiaren aurrean.
Kontseiluaren protesta hizkuntza eskakizunen alde, duela aste batzuk, Bizkaiko Aldundiaren aurrean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bizkaiko Batzar Nagusietako osoko bilkuran atzera bota dute EH Bilduk aurkeztutako mozioa, Bizkaiko Foru Aldundiak orain arte erabiltzen zuen Lan Eskaintza Publikoetan hizkuntza eskakizunak zehazteko irizpideei berriro heltzea eskatzen zuena. Izan ere, duela gutxi erabaki zuen lanpostu jakin batzuetan hizkuntza eskakizunen derrigortasuna atzeratzea, inpugnatutako prozesuen epaiak irmoak izan arte.

EAJk, PSEk, PPk eta Elkarrekin Podemosek EH Bilduren ekimenaren aurka bozkatu dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiak «aurrekari» bat sortu duela adierazi du koalizio subiranistak, «neurtzeko zailak diren ondorioak» sortuko dituena.

Rakel Goñi EH Bilduko batzarkideak «gaztelaniaren nagusitasuna iraunarazteko eta euskara zokoratzeko» dagoen «eraso judizial, politiko, mediatiko eta sindikala» deitoratu du, eta «euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko ausardia eta koherentzia» eskatu du.

«Segurtasun juridikoa ez du ekarriko auzitegiek ezarritako euskalduntzearen aurkako jurisprudentzia itogarria onartzeak. Lege aldaketa beharrezkoa da enplegu publikora iristeko euskararen ezagutza orokorra ezartzeko», azaldu du.

Ildo horretan, EH Bilduren mozioak eskatzen zuen Aldundiak LEPetan jarrai dezala «orain arte hizkuntza eskakizunak zehazteko erabiltzen zituen irizpideak» ezartzen, eta beste erakunde batzuekin batera bultza ditzala «lege aldaketak, hizkuntza eskakizunen segurtasun juridikoa bermatzeko».

Neurri puntuala

Mikel Bagan EAJko batzarkideak Bizkaiko Foru Aldundiak bere LEPetan «segurtasun juridikoa» bermatzeko hartutako «neurri puntuala» defendatu du, eta baieztatu du ez duela eragozten «erabakiak judizialki defendatzea». Halaber, Baganen aburuz, lanpostu jakin batzuetan derrigortasuna atzeratzeak «ez du oztopatzen zerbitzuak ematerakoan herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea».

Legea aldatzeko proposamenari dagokionez, «errekurtsoaren ibilbidea ikusi» beharko dela eta, beharrezkoa bada, «bide berriak» aurkituko dituztela adierazi du. «Baina oraindik ez dakigu legea aldatu behar den. Hala balitz, zein lege aldatu beharko litzateke? Autonomikoa? Estatukoa? Ez dakigu», planteatu du.

Ana Berta Campo PSEko ahaldunak adierazi du administrazio publikoek aurrera egiten jarraitu behar dutela «eskubideak eta hizkuntza bizikidetza normalizatua bermatzeko». Raquel Gonzalez PPko bozeramaileak, halaber, deitoratu du euskara «babestutako eta sustatutako» hizkuntza izatetik «neurriz kanpoko iragazki» izatera igaro dela, eta horrek «eragin negatiboa» duela «zerbitzuen eta gizarte kohesioaren kalitatean».

Azkenik, Ricardo Vaquero Elkarrekin Podemoseko batzarkideak euskara «batu beharko gintuzkeenean arma gisa» erabiltzea kritikatu du, eta EH Bilduren proposamena «lan eskaintza publikoetan hizkuntza eskakizunak ezartzeko irizpideak mantentzean» oinarritzen dela kritikatu du, «nahiz eta auzitegiek hainbat LEP geldiarazi dituzten irizpide horiek legedia betetzen ez dutelako edo eskubide guztiak bermatzen ez dituztelako».