NAIZ
Bermeo

Oroimena, aitortza eta eskertza, Bermeoko Alde Zaharreko sutearen 12. urteurrenean

Duela hamabi urte Bermeoko Alde Zaharreko hainbat etxe eta udaletxea suntsitu zituen sutea gogoan, ekitaldia egin dute udaletxean, oroimena, aitortza eta eskertza uztartu dituen ekitaldian.

Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea, udaletxe eraberrituan egin duten ekitaldian.
Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkatea, udaletxe eraberrituan egin duten ekitaldian. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Bermeoko udaletxean ekitaldi berezia egin dute ostiral honetan, duela 12 urte Alde Zaharrean piztutako suteak herrian utzitako arrastoak eta Udalaren historia hurbila ardatz hartuta. Ekitaldiak oroimena, aitortza eta eskertza uztartu ditu eta 1979tik egun arte Udalean lanean egon diren hainbat alkate eta zinegotzi bildu ditu.

Nadia Nemeh Shomaly alkateak gogoratu du 2013ko apirilaren 11n gertatutako suteak ez zuela bakarrik udaletxeko eraikina kaltetu, baizik eta Udalaren funtzionamendua bera ere eten zuela: «Ez zen bakarrik eraikina galdu; udal kudeaketa eten egin zen, langileak beste toki batzuetara lekualdatu behar izan ziren, eta Bermeok bere erreferente nagusietako bat galdu zuen», esan du.

Hala ere, nabarmendu du Bermeok sekula ez duela amore eman, eta urteotan egindako lan kolektiboaren balioa azpimarratu du: «Guk badakigu beltzean badagoela berdea, eta errautsean ernea». Hartara, Udalaren eguneroko funtzionamendua posible egin duten pertsona guztiei eskerrak eman dizkie. Udal langileak aipatu ditu bereziki, euren «lan isila eta etengabeko konpromisoa» goraipatuz. Era berean, udal ordezkari politikoen lana ere aitortu du, haiek hartu baitute «Bermeoren norabidea gidatzeko ardura».

Alkateak adierazi du gaurko eguna ez dela eraikin bat berreskuratu izanaren ospakizun hutsa: «Gaur, Bermeoko Udalaren historian parte hartu duzuen guztiei aitortza egin gura dizuegu». Bere esanetan, «herriaren etxea» den eraikina berriz irekita dago, baina batez ere, «Bermeok ez dio sekula funtzionatzeari utzi, zuen konpromisoari esker».

Herritarrak ere aipatu ditu alkateak, eskerrak emanez, erakutsitako «pazientzia, laguntza eta konfiantzagatik».

Ekitaldian, Jon Ojanguren Bermeoko Herri Babeseko koordinatzaileak ere hartu du hitza; sutea izan zen eguneko goizaldea ekarri du gogora eta udalerriko eta Alde Zaharreko egungo beharrizanak eta erronkak aipatu ditu.

Ekitaldia bisita gidatu batekin amaitu da.