NAIZ

Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin autobusez lotzeko proposamena egin du EH Bilduk

Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin busez lotzeko proposamena egin du EH Bilduk, Gipuzkoako Aldundiak aurreikusitakoa bi eskualde hauen biztanleen beharrak ez dituela asetuko nabarmendu ondoren.

EH Bilduren ordezkariek Legazpin egin duten agerraldia.
EH Bilduren ordezkariek Legazpin egin duten agerraldia. (EH BILDU)

«Urola Garaia eta Goierri eskualdeak Donostiarekin lotzen duten garraio publikoko zerbitzua urria da gaur gaurkoz. Gipuzkoako Foru Aldundiak egin berri duen autobus linearekin ere ez da bermatuko kalitate nahikoa eskaintzea eskualde horietan», salatu du EH Bilduk. Hori dela eta, «bertako herritarren bizimodua nabarmen hobetuko lukeen autobus linea proposamena egin du.

«Gaur egun Gipuzkoako errepide bidezko garraio publikoaren sareari dagokionez, lurraldeen arteko oreka eta ekitatea ez da bermatzen. Besteak beste, Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin lotzen dituzten garraio publikoko zerbitzu urriek ez baitiete zerbitzurik ematen hainbat eremuri», azaldu du EH Bilduk.

Horri erantzuteko asmoz, EH Bilduk autobus zerbitzu berri bat planteatu du. Legazpin eskualde horietako ordezkariekin egin duen agerraldian aurkeztu du EH Bilduren batzarkide Oskar Bordesek. «Urola Garaia zein Goierriko bizimodua nabarmen hobetu dezake proposamenak. Izan ere bi eskualde horiek eta Donostia lotzen dituzten garraio publikoko zerbitzu urriek ez diete zerbitzurik ematen proposatzen ditugun eremuei», azaldu du Bordesek.

Bi linea Legazpitik

Koalizio subiranistaren egitasmoak bi linea jasotzen ditu: Urola Garaia eta Goierri Donostiarekin lotzeko lehen linea hau izango litzateke: Unibertsitate gunea eta Donostiako zentroa. Hasiera Legazpitik izango luke, Zumarraga, Beasain, Ordizia eta Tolosa. Donostiara sartu, Unibertsitatetan, Benta Berri eta Donostiako bus geralekuan amaitzeko.

Bigarren lineak Eskuzaitzeta poligono industriala, Eusko Treneko kostaldeko eta Topoko lineak lotzeko nodoa (Errekalde), Donostiako parke teknologikoa eta Donostiako ospitale gunea lotuko lituzke. Legazpitik hasi, Zumarraga, Beasain, Ordizia, Bazkardotik Lasarte-Oria aldera jarraituz, Eskuzaitzeta parke teknologikoarekin lotura egiteko Bugatiko geltokia, Donostiara sartu Errekalde auzotik Errekaldeko ETko geralekuan, Galarretan, parke teknologikoan, eta ospitaleetan (unibertsitatetako ikasle eta langileentzat) amaituko litzateke.

Orduroko maiztasuna

Linea hauek orduroko maiztasuna izan beharko lukete eraginkorrak izan daitezen. Urola Garaia eta Goierritik Donostialdera egunero egiten diren joan-etorriei erantzungo lieke zerbitzuak, errutina finkoengatik, hala nola, lanarengatik edo ikasketengatik egiten direnei. Beste garraio zerbitzu batzuen erabilera ere erraztuko du, hala nola, Eusko Tren, bai eta Donostiako ospitale-gunerako sarbidea ere, EH Bilduren iritziz.

«Eskualde horien eta hiriburuaren arteko erdi-zuzeneko autobus linea proposamena da hau, benetako behar gero eta handiagoari erantzuteko: alternatiba jasangarri, ekonomiko eta praktiko bat, mugikortasun modu jasangarriago eta bidezkoago baterantz», azaldu du Oskar Bordesek.

Legazpi proposatzen da Urola Garaia eta Goierri Eskuzaitzetako industrialdearekin, Euskotrenen linearekin, Galarretarekin, Miramongo Parke Teknologikoarekin eta Donostiako ospitale gunearekin modu nodal edo zuzenean lotu beharko lituzkeen linea honetarako hasiera gisa.

Ospitale eremuak asistentzia gaitasuna areagotuko luke kanpo kontsultetarako eraikin berri bat eta Protonterapia Unitaterako beste bat eraikiz. Beraz, koalizioaren ustez, eremu hori ere kontuan hartzekoa da, unibertsitatea ere badenez, ikasleei ere zerbitzua emango balieke.

Trafikoa murriztea

Proposamen honek trafikoa eta horren ondorioak murriztea ere bilatzen du. «Erakundeek, tarifetan deskontuak eginez, garraio publikoaren erabilera bultzatzeaz gain, ezinbestean, Lurraldebuseko kalitatezko zerbitzu gehiago eskaini behar dute, eta horrek pixkanaka auto pribatuaren erabilera murriztea ahalbidetuko du. Zertarako balio dio Goierriko herritar bati Mugiren erabilerak onura ekonomikoak izatea, bere helmugara hurbilduko duen kalitatezko garraio publikoko zerbitzurik ez badu?», galdetu du EH Bilduk.

Aldundiak landu duen proposamenarekin osagarria dela azaldu du Bordesek, are gehiago, «osatu egin behar direla. Helmuga desberdinak dituzten bi zerbitzuekin, ziur Urola Garaiko eta Goierriko biztanleek irabaziko dutela», gaineratu du.

Foru Aldundiari eskaera bat ere egin diote agerraldian, Legazpiko EH Bilduren bozeramaile Edurne Gonzalezen ahotik, bere egitasmoa berriz azter dezala eta Legazpi izan dadila proposatzen duen autobus linearen hasiera eta amaiera. Zuzenketa horrek ez du inola ere zerbitzuaren eraginkortasuna murrizten, aitzitik, Legazpiko bizilagunak kaltetuak izatea saihesten du, EH Bilduren arabera. Bestetik, autobusaren ordutegiak Renfekoekin bateragarriak izan daitezen ere eskatu du koalizio subiranistak.