NAIZ

Pediatra bat eskatu dute Auritzeko osasun etxerako: «Ez gara bigarren mailako herritarrak»

188 haur dituen Auritzen astean bi egunez baino ez zeukaten pediatra, baina baja hartu zuen eta aukera bakarra Agoitzen izan dute. Orain, Agoitzeko pediatra joan egin da eta zerbitzurik gabe geratuko direla salatu dute. Eskualde despopulatu bat bada ere, arreta jasotzeko eskubidea aldarrikatu dute.

Agoitzeko bizilagunek pediatra eskatu dute herriko 188 haurrentzako.
Agoitzeko bizilagunek pediatra eskatu dute herriko 188 haurrentzako. (PEDIATRA ORAIN)

Auritzen astean bitan zerbitzua eskaintzen zuen pediatrak baja hartu zuenetik, ez da zerbitzu hori ordezkatu. Ordutik Agoitzera joan behar izaten dute, ostegun arratsaldeetan, baina «txikiak ez dira soilik ostegunetan gaixotzen». Gainera, aukera bakar hori desagertu egingo da orain, bizilagunek salatu dutenez, pediatra joan egingo delako. Herriko familiak elkartu egin dira, zerbitzu hori berriro martxan jar dadin aldarrikatzeko.

188 haur bizi dira Auritzen eta nahiz eta eskualde despopulatu batekoa izan, bertakoek nabarmendu dute «gure txikiak ere gaixotzen» direla eta «kalitatezko zerbitzu bat jasotzeko eskubidea» daukatela. «Are gehiago, despopulazioari aurre egiteko neurriak aztertzen ari badira, lehen lerroan jarri beharko genuke osasun arreta duina jasotzeko eskubidea», gaineratu dute ohar batean, «gure etorkuzina» diren haurrak zaintzeko eskatuz.

Hori dela eta Nafarroako Gobernuari eta Osasunbideari eskatu diete «arazoa ahal bezain pronto konpontzeko beharrezko neurriak» har ditzaten. Argudiatu dutenez, «gure txikiak ez dira bigarren mailako herritarrak; alta, kalitatezko zerbitzua jasotzeko eskubidea dute». «Ganorazko konponbide bat» nahi dute.

Eskaerarekin batera, Auritzeko osasun etxeko langileei eskerrak eman diete, arreta berrantolatzeko saiakera egin dutelako. Gainera, behin-behineko neurriak proposatu zituzten. Horien artean haurren lehen mailako arreta Iruñera bideratzera eta ondorengo jarraipena erizainak edo ekipoko kide batek egitea planteatu zuten.

Bestalde, umeren bat gaixotuko balitz, bere bizitokiko familiako medikuak egingo lioke arreta eta, zalantzak izanez gero, Iruñeko San Martin zentroko pediatrarekin kontaktuan jarri beharko lukete.

«Hartutako neurriok ez dira nahikoak», deitoratu dute familiek. «Lore bat zaintzeko basozain bat ez da egokiena, lorezaina behar da. Bada, gure haurrak behatzeko, helduen medikuak, borondate ona izan arren, ez dira aproposenak», alderatu dute.