
Euskadiko Parke Teknologikoak azken urteetako hazkundearen ildoari eutsi zion 2024an, eta egungo sei campusetako batean (Zamudio/Derio, Gasteiz, Donostia, Leioa, Hernani eta Abanto) dauden 673 enpresara iritsi da. Enpresa horien fakturazio bolumena, guztiak batera, 8.243 milioi eurokoa izan zen, hau da, 2023an baino 860 milioi gehiago, eta langile kopurua ere hazi egin zen; 642 profesional sartu ziren plantilletan, 23.674 langileko zifra errekorra lortu arte, gehienak kualifikazio handiko lanei lotuta.
I+Gko gastuak ere igoera esanguratsua izan zuen, 2023an 660 milioi izatetik 2024an 754 milioi izatera igaro baitzen, hau da, %14,2ko hazkundea. Era berean, atzerriko kapitala duten enpresen kopuruak ere gora egin zuen, 69 baitira dagoeneko.
Datu horiek Euskadiko Parke Teknologikoaren urteko jarduerari buruzko txostenean jasotzen dira. Enpresek emandako zifrek, oro har, «hazkunde orokorra» erakusten dute jarduera eremu nagusi guztietan.
Langileen atalean, langile kopuru osotik harago, txostenak egoeraren ikuspegi zehatzagoa ematen du kualifikazioari, generoari eta I+G dedikazioari dagokionez. Hala, Lanbide Heziketaren ingurunera hurbiltzearen aldeko apustuak aurten Batxilergoko 1.000 ikasle baino gehiago mobilizatu ditu LH Parke bezalako ekimenekin. Horrek ere plantilletan isla izan du, izan ere, 2024an jada LHko titulazioa zuten 6.092 profesional baitzeuden kontratatuta.
Hala ere, unibertsitate titulazioek osatzen dute profil profesionalen muin nagusia Parkeko enpresetan, unibertsitateko prestakuntza duten 12.792 pertsona baitaude bertan.
Bestalde, I+G jardueretan espezifikoki aritzen diren langileak 7.369 dira; horietatik 4.276 gizonak eta 3.093 emakumeak. Testuinguru horretan, txostenak nabarmentzen du berdintasun politiketan eman diren aurrerapausoak. Berdintasun Planak ezarri dituzten 50 langiletik gorako enpresen kopurua %13 handitu zen 2024an, eta 170 enpresara iritsi zen.
Jaione Ganzarain Lakuako Gobernuko Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde eta Euskadiko Parke Teknologikoko presidenteak adierazi duenez, «ez gara datu horietan bakarrik geratzen, gure buruarekin exigentzia maila altua dugu eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko beste urrats bat eman nahi dugu».
Ildo horretan, etorkizuneko industria sektoreen aldeko apustua nabarmendu du: «Biozientzien sektorea ugariena da dagoeneko, mota horretako 129 enpresa baitaude campusetan, eta, ondoren, Informazio Teknologien sektorea dago, 127 enpresarekin». Bi horien artean Parkeko enpresen %40 osatzen dute enpresa kopuruari dagokionez.
Langile kopuruari dagokionez, ordea, datuak desberdinak dira. IKT sektorea da liderra, enpleguaren %20,44arekin (4.840 profesional), eta ondoren I+G sektorea dago, %18,9arekin (4.476 profesional). Biozientziek 3.041 langile dituzte (%12,85).
Fakturazioari dagokionez, aeronautika da gailentzen dena, enpresen fakturazioaren %30 metatzen baitu (2.479 milioi). Atzetik daude IKT sektorea, 1.980 milioirekin, eta I+G sektorea, 1.269 milioirekin.
«Azken batean, industria gehiagoren, industria hobearen eta emisio gutxiagoen alde egiten dugu», esan du Ganzarainek.

«El premio es para la familia de José Miguel, nosotros solo mostramos lo que ha hecho»

NAIZek esklusiban aurreratu zuen Hatortxu Rocken ‘Bi t'erdi’ bideoklipa sarean da jada

Jo eta fuego lanean Berriozarren Topagunea prestatzeko

«Pantierno», «castellano», «adaburu xarra»... así se insultaba en la Nafarroa del XVI y XVII
