NAIZ

Giro onean eta eguraldi polita lagun, topagunearen bigarren eguna Berriozarren

Ernairen ‘Gazteon eskutik independentziara’ topagunearen bigarren eguna izan zuten ostiralean. Ziklo politiko berriaz, oldarraldi erreakzionarioaz, euskarazko ikus-entzunezkoez, Euskal Selekzioaz eta trantsizio ekosozialaz hausnartu zuten, besteak beste. Hau da eguna laburbiltzen duen bideoa.

Lehenengo gaua Berriozarren pasa ondoren, ‘Gazteon eskutik independentziara’ topagunearen bigarren egunari ekin zioten gazteek ostiralean. Batzuek toki desberdinetako jendea ezagutzeko aukera nabarmendu dute eta beste batzuek eguraldi ona, kontzertuak eta giro ona. Bertakoek etxean lo egiteko aukera eskertzen dute.

Eguna Naiz Musikaren zuzeneko saioarekin hasi zen eta bitartean ‘Internazional erreakzionarioa. Euskal Herria salbu?’, ‘Urak eginen du bide. Euskara eta pantailen erronkak’, ‘Gurea Euskal Selekzioa!’ eta ‘Fronte zabaletik Frente Ampliora’ hitzaldiek girotu zuten goiza.

Iñaki Soto GARA egunkariko zuzendariak Amaiur Egurrola eta Markel Rio Ernaiko bozeramaileak elkarrizketatu zituen NAIZ gunean. Osteguneko manifestazioak erakutsitako indarraz eta ziklo politiko berriaz aritu ziren.

Eguerdian gazte bazkarian elkartu ziren Euskal Herri osoko gazteek, ondoren ‘Gure garaia da’ podkastaren zuzenekoarekin eta karrikadantzarekin jarraitzeko. Arratsaldean ‘Bagoaz zabaltzen. Ikasle borroka Ihaurriz!’ Ikama mugimenduaren inguruko hitzaldia eta ‘Munduaren ordena aldatzen ari ote da?’ eta ‘Trantsizio ekosoziala eta beste mobida totxo batzuk’ mahainguru eta hitzaldien txanda izan zen.

Gauean Sukena, Burutik, Naxker, Zilibito Records, Celia Carrera, Elena Barker eta La Blackie musikarien emanaldiak izan ziren, besteak beste.