NAIZ

Burujabetzaren aldeko indarrak batzeko garaia dela dio Gure Eskuk Aberri Egunaren ondoren

Aberri Egunak «herri gisa jauzi egiteko aukera» dagoela erakutsi duela eta burujabetzaren aldeko indarrak batzeko garaia dela nabarmendu du Gure Eskuk. Gauzak horrela, ekainaren 7rako deitu duen mobilizazio nazionala «funtsezko mugarria» izan daitekela gaineratu du.

Iruñean EH Bilduk antolaturiko Aberri Eguneko irudia.
Iruñean EH Bilduk antolaturiko Aberri Eguneko irudia. (Jon URBE | FOKU)

Aberri Egunak «herri gisa jauzi egiteko aukera» dagoela agerian utzi duela dio Gure Eskuk eta ekainaren 7arako deitutako mobilizazio nazionala «salto hori egiteko funtsezko mugarria» izango dela gaineratu du.

«Berriz ere nazioa dela eta munduak gaur egun dituen erronkei autogobernu handiagoaz eta burujabetzatik heldu nahi diela aldarrikatu du Euskal Herriak, lau haizeetara, Aberri Egunean. Azken hilabeteotan beste hainbatetan ikusi dugun bezala (Itzuliako etapetan, esaterako), euskal herritarrek harro erakutsi dute ikurrina eta ozen adierazi diote munduari etorkizunez beteriko herri bat dagoela hemen. Aberri Egunean argi geratu da burujabetzarako bidean urratsak egiteko gogoa dagoela. Ez hori bakarrik: aukera ere badago«, adierazi du Gure Eskuk.

‘Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki’ lelopean ekainaren 7rako Bilbon dietu duen manifestazioa «funtsezko mugarria izango» dela nabarmendu du, «erabakitze eskubidea erdigunean jartzearen aldeko bultzada sendo bat, burujabetzaren aldeko posizionamendu garbi bat, herri gisako agerraldi jendetsu bat».

«Euskal Herriak bere burua gobernatu nahi du»

«Aberri Egunak argazki bat utzi digu: Euskal Herriak bere burua gobernatu nahi du. Euskal Herriak, gainerako herri guztiek bezala, mundu mailako erronka handiak ditu. Eta erronka horiei askotariko bere errealitatetik heldu nahi die, erabakiak demokratikoki bertan hartuta, munduko gainerako herrien eskutik eta haiekiko elkartasunez. Horregatik, burujabetza tresna gehiago behar ditugu, euskal herritarren nahi eta beharren araberakoak eta etorkizuneko erronkei erantzun egokia emateko modukoak», adierazi du Gure Eskuk.

«Eta aukera dugu orain datozen urteetan tresna horiek eskuratzea ahalbidetuko digun oinarria jartzeko. Burujabetza agenda politikoan dago. Gero eta begi-bistakoagoa da autogobernu baliabideak behar direla euskal herritarrei haien errealitatera egokitutako etorkizuneko soluzioak eskaintzeko. Baita gure hizkuntza, kultura eta herri nortasuna zaintzeko ere. Herritarren borondatea ere garbia da», gaineratu du.

«Aukera aprobetxatu beharra dago. Horregatik, ezinbestekoa da herritarren aktibazioa: funtsezkoa da euskal herritarrek haien nahi eta sentimendua erakustea eta bultzada ematea herri gisa aurrera egin dezagun. Arduraz eta eskuzabaltasunez jokatu eta burujabetzaren aldeko indarrak batzeko garaia da», aldarrikatu du.