
Ostegun goizaldeko ordu txikietan hartu du lur Surne Bilbao basketen espedizioko hegaldiak Forondako aireportuan, eta handik Bilbora autobusez bidaia eginda amaitu da beltzezko gizonek Salonikan burutu duten irteera arrakastatsua. Kluba sortu zenetik 25 urte bete diren honetan, Bilbao Basketek orain arteko titulurik garrantzitsuena erdietsi du, eta Europa mailako titulu bat irabazi duten euskal taldeen artean bere lekua egin du, FIBA Europe Cup txapelketa beste batzuek baino maila baxuagoko lehia izanagatik.
Hasiera batean ostegunean bertan Salonikako aireportutik Forondarako bidaia arras dibertigarria izan da, bertan joan direnen hitzetan. Jokalariek, klubeko kideek, kazetariek, zaleek eta nahi izan duen guztiak garaikurra eskuz esku erabili ahal izan du asteazken gauean Palataki pabiloian 84-82 galdu arren, PAOK Salonikaren aurka bi partida eta gero 154-149 nagusitu ostean.
Parranda Palatakin bertan hasi zen, jokalarien euforiak talde greziarreko zaleen ihesarekin kontraste eginez. Bi ordu aurretik pabiloira joan eta dena alferrik! Ez da giro PAOK zaleen artean! Ezta Salonikako Aris, PAOKen etsai historikoari dagokionez ere. «Izorra itzazue eta irabazi Kopa!», zioten Aris eta baita Iraklis Salonika talde txikiko zaleek ere Bilbao Basketeko zaleekin topo egiten zuten bakoitzean. Hauek ere, beren mailan, badute zer ospatua.
Igande arratsaldeko 17.00etan jokatuko du Surne Bilbao Basketek bere hurrengo dema, Bilbon bere garaian aritu ziren Ludde Hakanson antolatzailea eta Sito Alonso entrenatzailearen UCAM Murtziaren kontra. Horren aurretik ostiral arratsaldean egingo zaio omenaldi instituzionala talde bizkaitarrari: 18.00etan Bilboko udaletxean eta 19.00ak aldera, Bizkaiko Foru Aldundian.
Egun bat gorabehera
Hasiera batean omenaldia ostegunean bertan egitea zegoen aurreikusita, beltzezko gizonek FIBA Europe Cupeko finala irabaziz gero. Alabaina, Fracisco aita santua hil ostean ezarritako hiru dolu egun ofizialek halako ospakizunik egitea debekatzen ei dute eta, hala, ostiral arratsaldean jasoko dute omenaldia Jaume Ponsarnauk eta bere taldeak.
Salonikako finala amaitu berritan Pradales lehendakariaren zorion mezu ofiziala jaso zuten beltzezko gizonek. «Europako txapeldunak. Zorionak. Goazen Bilbao Basket!» zioen mezuak. Ostiral arratsaldean berriz, arduradun instituzionalen lausengurik ez da faltako.
Hasteko, Juan Mari Aburto alkatea buru duen Bilboko udalbatzak omenaldia eskainiko dio talde bilbotarrari udaletxean eta bertoko balkoira aterako dira jokalari, teknikari eta bestelako kideak bilbotarrekin arrakasta hau erdibanatzeko.
Ez dute asti larregirik izango, nolanahi ere. Saio honetarako preseski kapotarik gabeko autobus baten egingo dute udaletxetik Foru Aldundirako bidea beltzezko gizonek. Foru Aldundiaren egoitzara iristen direnean, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiarekin eta gainerako ordezkariekin ekitaldia egingo dute. Azkenik, jokalariek foru jauregiko balkoitik agurtuko dituzte bertaratzen diren zaleak.
Surne Bilbao Basket taldetik dei egin diete Bilboko eta Bizkaiko zaleei eta herritar guztiei «gure kirolarentzat mugarri historikoa» den ospakizunean klubarekin egoteko.

«NAIZek euskal kulturgileak ukatu»?, NAIZen erantzuna

Cerdán dimite de sus cargos tras hablar el Supremo de «consistentes indicios» de comisiones

EH Bildu pide prudencia y que se «investigue hasta el final» la adjudicación de Belate

Fermin Muguruzaren Anoetako kontzerturako jakin beharreko guztia
