Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

104.159 afiliaturekin ekingo dio ELAk ekainaren 2an eta 3an ospatuko duen XVI. Kongresuari

ELAk duela lau urte baino 3.234 afiliatu gehiagorekin ekingo dio ekaianaren 2an eta 3an Bilbon ospatuko duen XVI. Kongresuari. Emakumeen ehunekoa %46tik %47,7ra igaro da lau urtean, eta igoera hori zerbitzuen sektoreetan gertatu da batez ere.

Amaia Muñoa eta Mitxel Lakuntza, kudeaketa txostena aurkezten.
Amaia Muñoa eta Mitxel Lakuntza, kudeaketa txostena aurkezten. (ELA)

Ekainaren 2an eta 3an Bilboko Euskalduna Jauregian egingo duen XVI. Kongresuaren atarian, ELAk, hainbat komunikabidetako kazetarien aurrean, sindikatuaren benetako afiliazio zifrak ziurtatu ditu gaur. Gonbidatuen eskura jarri du afiliazio datu errealak zuzenean egiaztatzea, betiere dagozkion datu pertsonalen babesarekin.

ELA sindikatuaren afiliazio-datu errealen ziurtzeaa. (ELA)

104.159 afiliatu ditu ELAk (aurtengo otsaileko datuak hartuta), hau da, 3.234 kotizatzaile gehiago 2021ko Kongresuan jasotako datuekin alderatuta (orduan 100.925 pertsona ziren). Federazioei dagokienez, Industria eta Eraikuntza da afiliatu gehien dituztenak, 38.925, zertxobait gutxiago 2021ean zituen 38.362ekin alderatuta. Ondoren, Zerbitzu Publikoak dago, 34.391ekin (2021ean 33.616 ziren) eta Zerbitzu Pribatuak 30.843rekin (2021ean 28.947 ziren). Horrela, zerbitzuen sektoreko igoera nabarmentzen da.

Izan ere, sindikatu osoko emakumeen ehunekoa %46tik %47,7ra igaro da lau urtean, eta igoera hori zerbitzu sektoreetan gertatu da batez ere (hemen emakumeen ehunekoak ia bikoizten du gizonena), prekarizatuenak direnak, hain zuzen ere. Industria eta eraikuntzan gizonak %82,21 dira.

Kongresu arteko afilizazioa. (ELA)

Adinaren arabera, afiliatuen %63,62 (66.026) 40 eta 59 urte bitartekoak dira, eta %3,96k (4.124) soilik ditu 30 urte baino gutxiago. Datu horiek bat datoz demografiarekin eta gazteak lan munduan sartzearekin.

Balantze ekonomikoa

Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak nabarmendu duenez, afiliazioa «funtsezkoa da ELAren zeregin sindikala eta izaera bera ulertzeko». Izan ere, indar militante horrek ahalbidetzen du sindikatuaren urteko diru-sarreren %92 baliabide propioetatik etortzea.

Sindikatuak bere egoera ekonomikoaren balantzea ere jakinarazi du. 2021etik 2024era ia 124.065.878 euroko diru-sarrerak izan ditu sindikatuak: kuotak, 112.598.076 euro; bestelako diru sarrera propioak, 1.654.417 euro; diru-laguntzak, 7.805.031 euro; parte-hartze instituzionala, 312.886 euro; negoziazio kolektiboko funtsak, 683.646 euro; eta bestelako diru-sarrerak, 1.011.822 euro. Bestalde, 87,8 milioi gastatu zituen epe berean: ohiko gastuetan 84.060.196 euro eta horniduretan 3.789.490 euro.

«Kontrabotere politiko eta ekonomiko gisa jarduteko autonomia ezinbesteko baldintza da»

«Afiliazioa eta kuotak ezinbesteko baldintza dira konfrontazio sindikalismoa garatu ahal izateko. Kontrabotere politiko eta ekonomiko gisa jarduteko autonomia ezinbesteko baldintza da. Ez dago kontrabotere posiblerik autonomiarik gabe», azpimarratu du Lakuntzak.

Erresistentzia kutxaren garrantzia

Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak ELAk duen erresistentzia kutxaren indarra nabarmendu du, ohiko gatazketan, greban dauden kideei 1.450 euro ematen baitizkie sindikatuak hilean laguntzetan. Hileko kalte-ordain hori %25 handitu du azken 4 urteetan. 2021tik 2024ra 16.819.912 euro suposatu dizkiote ELAri ordainketa horiek. Iaz, 5.653 afiliatuk jaso zuten erresistentzia kutxatik kalte-ordaina.

«Horrek azaltzen du ELAk lan baldintzak defendatzeko duen gaitasuna. Herrialde honetako esperientzia solidario handienetako bat da. 104.000 pertsonak beren kuotaren laurdena bideratzen diete solidarioki greban dauden langile guztiei. ELAk erresistentzia kutxa indartzen jarraituko du, lorpen sindikaletarako oinarrizkoa baita», azaldu du Lakuntzak.