Ardaxka, euskarazko literatura mundu zabalera hedatu nahi duen argitaletxea
Euskarazko liburuak edonorentzat eskuragarri jarri nahi du Ardaxkak. Euskal Herritik kanpo jaio da eta gure herritik kanpo liburuak saltzea du helburu. Bi lan ildo ditu argitaletxe berriak: munduko literatura gure hizkuntzara ekartzea batetik eta gure klasikoak bizirik mantentzea bestetik.

Bere esperientzia propioak eraman du Martin Besne Ardaxka proiektua abian jartzera. «Iruñean jaioa naiz. Duela zortzi urte atera nintzen eta harrezkero Copenhagen, Madrilen, Parisen, Bartzelonan eta Mexikon bizi izan naiz. Eta beti nuen arazo bera, euskarazko liburuak aurkitzea. Oso zaila zen eta segun zein tokitan ezinezkoa. Iruñera joaten nintzen bakoitzean maleta euskarazko liburuz betetzen nuen. Ikusi nuen arazoa pertsona gehiagok ere bazuela. Erronka moduan hartu nuen», kontatu du.
Euskaraz irakurri nahi, baina ezin. «Euskal Herritik kanpo bizitzeak oztopo bihurtzen du, sarri, euskaraz aritzea. Gure mugetatik kanpo dauden liburu-dendek ez dute euskarazko eskaintzarik, bidalketak garestiak dira, eta askotan liburu bat gure hizkuntzan eskuratzea ezinezkoa bihurtzen da. Horrela hasi zen ardaxka proiektua: beharretik, hutsune batetik, baina baita amets batetik ere», esan du.
Liburuak euskaraz argitaratzen dituzte. «Badugu helburu berezia, euskarazko liburuak eskuragarri jartzea euskaldun guztiontzat. Horrek esan nahi du Euskal Herrian bizi diren euskaldunentzat, noski, baina baita atzerrian bizi direnentzat ere», azaldu du.
Euskal Herriaz gain nazioarteko hainbat puntutara egiten dituzte bidalketak: Estatu espainol eta frantsesa, AEB, Alemania, Australia, Belgika, Britainia Handia, Herbehereak, Italia, Irlanda, Japonia, Kanada, Polonia, Suedia eta Turkiara. Zerrenda luzatuz doa pixkanaka.
Papera lehenetsi
Paperaren aldeko apustua egin dute. «Irakurketa momentuaren erritual antzekoa da, asko gustatzen zaigu liburua eskuan hartzea. Gure liburu denak daude eskuragarri paperezko formatuan eta hainbat izenburu eBook bezala irakur daitezke», azaldu du.
Eskuragarritasuna izatearen barruan sartzen dute prezioa ere. «6 eurotatik aurrera ditugu liburuak. Espainiar Estatuan ez dago arazorik online liburuak eskuratzeko. Aldiz, frantziar Estatuan zaila da. Eta Europako beste herrialde batera bidaltzeko segur aski diru asko ordaindu beharko duzu. Guk lortu du AEBn, adibidez, gure liburu batek 6,90 euro balio izatea».
Herrialde bakoitzeko txanponean egiten da liburuen ordainketa. «Web orrian sartuz gero eroslearen kokapenaren arabera prezioak bertako dibisara egokitzen dira. Eta herrialde horretan salmenta egiten dugun plataformara bideratuko zaitu», azaldu du.
Kolaboratzaile sarea du ondoan iruindarrak. «Pertsona askok lagundu dit bidean», dio. «Batzuk ordu bat edo bi eskaini dituzte, momentuaren arabera. Gure aisialdian egiten dugu denok. Oso zaila da kolaboratzaile kopurua zehaztea. Zenbaki bat aipatzearren guztira 5-10 pertsonak parte hartu dute».
Logistikak eman die buruhauste gehien. «Egungo plataforma digitalak erabili ditugu. Akordioak egin ditugu. Guk ez daukagu liburu fisikorik, eskaera dagoen momentuan inprimatzen dugu. Europako eskaerak Italian edo Polonian inprimatzen ditugu. Batetik, prezioa kontuan izan dugu eta horrekin batera oso zaila egiten zaigu aurkitzea liburu bakarra produzituko duen inprenta. Askok 100 liburuko gutxieneko tirada eskatzen dizute. Eta gaur egun ezinezkoa da hori guretzat, kostu handia izango luke. Horregatik Italia eta Polonia. AEBn ere beste hiruzpalaurekin daukagu akordioa eta horrela joan gara sarea osatzen».
Azarotik ari dira lanean. Apirilaren 23an, Sant Jordi egunean, salmahaia jarri zuten Bartzelonan aurkezpen modura. «Ez gara argitaletxe handi bat. Ez daukagu bulego ikusgarririk, ezta langile ugariz osatutako egiturarik ere. Munduan zehar sakabanatuta gauden euskaldun talde txiki bat baino ez gara», nabarmendu dute.
Txikitasunetik eragin
Txikitasunetik eragin daitekeela erakutsi dute. «Bai, gure helburua bada jarraitzea, ez dakit handi izatea... baina ez daukagu presiorik. Ardaxka osatzen dugun kideok oso lanpetuta bagaude agian ez dugu argitaratuko libururik hurrengo hilabetean. Ez da ezer gertatuko. Ez daukagu helburu komertzialik, ez du inork bere dirua jarri eta ez du berreskuratzeko premiarik. Epe luzerako proiektua da. Orain arteko feed-back-a oso ona izan da, indarra eman digu jarraitzeko. Sei hilabetetan lortutakoa asko izan da, baina ez dakit aurrerantzean erritmo berean jarraitzerik izango dugun. Malgutasun horren ahalbidetzen digu gauzak mimo handiz egitea eta xehetasun guztiak asko zaintzea».
Erabiltzaileen feed-backaz galdetu diogu. «AEBn bizi den neska baten mezua jaso genuen Instagram bidez, gure liburu bat erosi zuela. Ez zuela proiektua ezagutzen eta liburuaren amaieran jartzen dugun oharraren bidez jakin zuen gure berri. Pozik zegoela han bizi izanda azkenean euskarazko liburu bat erosteko aukera edukitzeagatik».
Freelance aritzen da marketing alorrean Besne. Ordu libreak eskaintzen dizkio Ardaxkari. «Guztiok daukagu beste lan bat, oraingoz proiektuak ez digu bizitzeko hainbat ematen. Helburua bai, bada. Etorkizunean gustatuko litzaidake denbora guztia argitaletxeari ematea. Asteburuetan eta denbora daukagunean egiten dugu. Denbora asko eskatzen du», esan du Martin Besnek Bartzelonatik.

Txosnen eredua arriskuan dagoela ohartarazi dute: «Ez gara enpresa bat»

Zea Maysek Kortaturen ‘Hay algo aquí que va mal’ abestiaren bertsioa osatu du

El Partido Carlista considera probado que «Juan Carlos tiene las manos manchadas de sangre»
Elkartasunak epaiketaren hotza goxatu du Baztanen
