NAIZ

Bardeetatik Donostiara, sistemarekiko «haustura» aldarrikatu du Emakumeen* Mundu Martxak

Donostiako mobilizazio nazionalarekin eman dio Emakumeen* Mundu Martxak amaiera larunbat honetarako prest zuen egitarauari. Euskal Herrian zehar milaka lagun bildu ekintza ezberdinetan herrien burujabetza eta bizitza duinak aldarrikatzeko.

Donostiako mobilizazio nazionalarekin eman dio Emakumeen* Mundu Martxak amaiera larunbat honetarako prest zuen egitarauari.
Donostiako mobilizazio nazionalarekin eman dio Emakumeen* Mundu Martxak amaiera larunbat honetarako prest zuen egitarauari. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Euskal Herria zeharkatu du larunbat honetan Euskal Herriko Emakumeon* Mundu Martxako Nazioarte VI.ekintzak. Goizean Bardeatik abiatu, Aramaio eta Gernika zeharkatu, Irun-Hendaian sartu irtena egin eta Donostian amaitu da mobilizazio nazionalarekin. «Migrazio politikak, indarkeria matxista, kapitalismoa eta gerra salatzeko eta lurraren defentsaren aldeko aldarrikapenak kalera ateratzeko» eguna izan dela nabarmendu dute Donostiako mobilizazioko amaiera ekitaldian.

Herri subiranoak eta bizitza duinak aldarrikatu dituzte han eta hemen, eta «gerren eta kapitalismoaren aurka» borrokan jarraituko dutela berretsi. Gogoratu dute duela bost urte eskuin muturraren , kapitalismo autoritarioaren eta xenofobiaren aurka altxa zirela, trasnazionalak, mugak eta migrazio politikak salatu zituztela orduan, «egoera ez da gehiegi aldatu» aitortu dute Mundu Martxako eledunek, baina hala ere, borroka feministak erakutsi diela herriaren alde borrokatzen, baita nahi duten sistema eta bizitza ereduaren alde lan egiten ere.

Aurrera egin aurretik, apirilaren 25ean bere senarraren eskuetan Haron hildako Miriam Olivera ekarri dute gogora: «Ez gara nekatuko erakunde publikoei exijitzeaz indarkeria matxistari aurre egiteko borondate politikoa, tresnak, neurriak eta baliabideak behar ditugula». Eta gizonengana ere zuzendu dira: «Zuen arteko konplizitateak hiltzen gaitu, zuen pribilegioek zapaltzen gaituzte eta zuengandik eta zuentzat sorturiko egiturek zapaltzen gaituzte». Bestalde, azpimarra egin dute indarkeria «egitura sozial» bat dela azalduz, eta emakumeen bizitzak eta gorputzak zeharkatzen dituela.

«Mugimendu Feministatik nolako justizia feministan sinisten dugun hausnartzen jarraituko dugu. Egungo justizia sistemaren arrakalak aztertu eta alternatiba feminista eraikitzeko lanean ari gara», azaldu dute, eta herriz herri indarkeria matxistaren aurkako borrokaren inguruko eztabaida eta hausnarketak ematen ari direla aurreratu dute.

Bost geldialdi, hamaika aldarri

Donostiako mobilizaziora heldu aurretik bost geldialdi egin dituzte, Bardeetan abiatu dute martxa egun bizi dugun gerra testuinguruaren irakurketa bat eginez: «Gerrak eta armadak heteropatriarkalak, inperialistak, kolonialistak, kapitalistak eta arrazistak dira. Horregatik, beharrezkoa da ikuspegi eta jarrera feminista antimilitarista izatea». Eta gaineratu dute antimilitarismoa ez dela «soilik bakezaletasuna», eraldaketa politiko eta sozial sakona eskatzen duen irakurketa baizik: «Gerren eta indarkeriaren egiturazko arrazoiak salatzen dituena: botere ekonomiko eta geopolitikoak, baliabideen kontrola, kolonialismo berria…». Eta Euskal Herria ere beste herrialde batzuk bizitzen ari diren gerra egoeraren erantzule dela kritikatu dute.

Aramaion eta Gernikan «lurraren kontrako erasoak» salatu dituzte:  «Indarkeria mota horrek bizitza sostengatzeko ezinbestekoak zaizkigun eremuak txikitzen ditu. Multinazionalek bultzatutako makroproiektu espekulatiboak ezartzen dituzte, natura jabetza bihurtuz eta pribatizatuz». Horren aurrea agroekologia eta jabetza publiko eta komunitarioa oinarri duen sistema transfeminista aldarrikatu dute, «bizitzaren jasangarritasunean eta elikadura burujabetzan oinarritutako ekonomia feminista», hain zuzen ere.

Hurrengo geltokian, Hendaia eta Irun arteko zubian, migrazio politikak salatu dituzte: «Migratutako pertsonak, batez ere emakumeak, gizartetik kanporatuak eta baztertuak izaten jarraitzen dugu, nahiz eta gehienak funtsezko lanak egiten ari garen. Gizarteak martxan jarraitzen du emakume* migratu eta arrazializatuen esplotazio kapitalista, kolonial eta arrazistan oinarrituta».
 
Sistemarekiko haustura

Mugimendu Feministak sistemarekiko «haustura» aldarrikatu du: «Hemen bizi garenok, zein munduko beste hainbat txokoetako emakumeak* eta sexu-genero disidenteak ez dugu sistema honekiko haustura helburu ez duen beste trantsiziorik onartuko».

«Irtenbidea lurraren, herrien eta izakien arteko harreman orekatuetatik etorriko da», egin dute aldarri. Eta adierazi dute herrien jakintzen, gorputzen, uraren, lurraren zein munduko ikuspegi eta hizkuntzen alde lanean jarraituko dutela.

Azkenik, gogoratu dute ekainaren 13an, 14an eta 15ean Marsellan izango dela Emakumeen* Mundu Martxaren Europako ekintza, eta Euskal Herritik ere joateko deialdia egin dute. Horretarako, autobusak antolatzen ari direla aurreratu dute, eta hurrengo egunetan zabalduko dutela izen ematea.