NAIZ

Hezkuntzaren kalitatea nabarmen hobetuko dela ziurtatu du Pedrosak akordioaren ostean

Ostiral gauean hezkuntza publikoan eskuratutako akordioa «historikoa» dela berretsi du astelehen honetan Begoña Pedrosa Lakuako sailburuak, eta batez ere kalitatea hobetzeko osagaiei erreparatu die: irakasleen formakuntza, mentoretzak, ratio jeitsiera...

Pedrosa sailburua, ikasturte honen hasierako ekitaldian, Zarautzen.
Pedrosa sailburua, ikasturte honen hasierako ekitaldian, Zarautzen. (Jon Urbe | Foku)

«Oso gustora» ageri da astelehen honetan Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza arloko sailburua, asteburuaren atarian etorri den sindikatuekin lortutako akordioa, bederatzi greba egunen ostean. Lehenengo balorazioan egin zuen bezala, «historikoa» dela berretsi du Euskadi Irratian, batez ere «eskola erdigunean jarrita lortu delako, emaitzak eta ikasleak, hau da inportantea».

«Kalitatea hobetzeko» saiakera nabarmendu du Pedrosak, eta arlo honetan onartu du sindikatuak bide hori lehenetsi dutela azkenean. Izan ere, negoziazioaren fase erabakior honen aurretik soldata altuagoak nahi izatea, ez besterik, leporatu zien.

Etorri berri diren ikasleak orain 8.000 inguru direla eta duela gutxi 3.000 zirela aipatu du sailburuak; akordioak errealitate horri erantzungo diola uste du

Kalitatearekin lotutako zenbait neurriri egin dio aipamen elkarrizketan sailburuak. Euskararen alorrean planteatzen den «mentoretza» sistemari garrantzi handia eman dio Begoña Pedrosak, eta orokorrean irakasleen formakuntzari. Izan ere, ikastetxeetan egungo egoera oso ezberdina dela aipatu du, kanpotik «etorri berri den ikasle asko dugulako. Izugarri igo da». Bere datuen arabera, ikasturte honen bukaeran 8.000 inguru izango dira etorri berriak eta duela urte gutxi 3.000 inguru ziren.

%60-%40

Ikasle hauek sare publikoa eta pribatuaren artean era orekatuan banatzen ari ote diren galdetuta, «saiatzen ari gara», erantzun du Begoña Pedrosak. «Sare publikoan %60an gaude edo pribatuan %40an, eta hau oso datu ona da».

Adostutako ratio jeitsiera ere kalitatea hobetzeko norabidean jarri du Pedrosak, «irakasleak ikasle bakoitzari denbora gehiago» eskaintzea ahalbidetuko duelako.

Akordioa sinatu duten sindikatuek aipatu dutenez, neurri hauen inplementazioak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 800 irakasle gehiago izatea ekarriko du. Kopuru hori baieztatzeko eskatu zaionean, ordea, «ez dut uste» erantzun du sailburuak. Zehazki zenbat izango diren ez dakiela adierazi du.

ELAk emandako ezetza ez du baloratu nahi izan Pedrosak: «Agian beste marko batean kokatzen da», kalitatearen hobekuntzatik aparte, aipatu du bakarrik. Eta larritasuna kendu dio negoziazioa luzatu izanari, «akordio hauek lortzeko prozesuak luzeak izaten direlako eta eztabaidak sendoak izan direlako».

Digitalizazio estrategia berria

Itunaren barruan ez zaio digitalizazioari aipamenik egiten baina oso present dagoen gaia da beti ere. Horretaz galdetuta, EAEko eredua defendatu du Pedrosak, pandemiak digitalizazioaren beharra frogatu zuela argudiatuta. Digitalizazioa gehiegizkoa eta kontrolik gabe garatua izan dela diotenen aurrean, «planteamendua arduratsua izan dugu beti –baloratu du–. Gure ikastetxeetan formatu egiten ditugu profesionalak, pantailak noiz eta zertarako sartu behar diren jakiteko. Eta ikasleak arduratsuak izateko eta erizpide kritikoarekin aritzeko formatzen ditugu ere». Hala ere, «laster digitalizazioa estrategia berria izango dugula» erantsi du, horren inguruko zehaztapenik eman gabe.

Steilasen balorazioa

Steilas sindikatuak ere –sektore honetako lehen indarra– akordioaren balorazio baikorra egin du. «Irakasleek erakutsitako borrokarako gaitasunari esker eta negoziaketa luze eta gogor baten ondoren, sindikatuen %80tik gorako babesa duen akordioa lortu dugu», goraipatu du.

Jakitun da akordioak «bere argi-ilunak» dituela, baina argi ikusten du lan baldintzak «modu esanguratsuan» hobetzen dituela. Aldi berean, Euskal Eskola Publikoari «bere erreferentzialtasuna itzultzen» diola uste du, hein handi batean.

Steilasen borroka ez da, ordea, hemen amaitzen. Esan duenez, jarraituko dute Euskal Eskola Publikoaren beste hainbat erronkari eta arazori konponbideak bilatzen; hala nola, matrikulazioan eragiten edota eskola-segregazioa salatzen eta berau saihesteko proposamenak egiten, «aukera berdintasuna, euskalduntzea eta kohesio soziala bermatuko duen hezkuntza sistema lortzeko Hezkuntza Sistema Publiko bakarra ezinbestekoa baita».

Sindikatuen batasuna

Steilasek ikasturte honetan lortutako batasun sindikala txalotu du, bere iritziz horrek ekarri baitu arrakasta. «Babes historikoa eman digute langileek eta grebak inoizko jendetsuenak izan dira».

Hezkuntza Sailaren jarrerari buruz, kritikatu du azken urte hauetako prozesuan, «aldebakarrez atzerapausoak inposatzen» ibili dela. «Mahai negoziatzaile ugari izan dira, baina azken greba dinamika sendoa martxan jarri arte, Hezkuntza Sailak ez du apenas edukirik ipini proposamenetan». Horrenbestez, etorkizunera begira, garbi du sindikatu honek, «esfortzu handia eskatzen badu ere, greba dela borroka tresnarik eraginkorrena eta emaitza onak dakartzala berarekin».

 

Steilasek salatu duenez, Hezkuntza Sailaren jarrera «fede txarrekoa» izan da; «negoziazioa luze blokeatu izan duelako eta presaz eta azken unean presionatu nahian aritu delako»

 

Sindikatuak salatu duenez, mobilizazioak martxan zeuden bitartean, Hezkuntza Sailaren jarrera «fede txarrekoa» izan da; «batetik, negoziazioa luze blokeatu izan duelako eta bestetik, presaz eta azken momentuan presionatu nahian aritu delako». Era berean, sindikatuen aldarrikapenak «gutxietsi nahi» izan dituela gaitzetsi du, bere «helburu bakarra soldata» izan dela behin eta berriz azpimarratu baitu.

Honen inguruan, Steilasek argitu du erosahalmena «aldarrikapen politikoa» izan dela. «Hezkuntza Legearen eta Arantzazuko akordioaren ondorioz itunpekoak izandako soldata ekiparazioa apurtu nahi izan dugu. Hori horrela, eta akordioak argi islatzen duen moduan, beste aldarrikapen asko ere borrokatu ditugu irakasle eta Euskal Eskola Publikorako: lan-zama arintzeko neurriak, erretiroa hartzeko hobekuntzak, baliabideak, desburokratizazio plana, euskara, lan-osasuna eta abar», azaldu du.