
Jeff Koonsen Puppy eskultura loretsuaren inguruan, igande «tropikalaren» beroari aurre eginez, Museoen Nazioarteko Egunean Guggenheimera gerturatu diren bisitari sailari informazioa eskaini diete Urdaibaiko Biosfera Erreserban bizi diren animaliez mozorroturiko aktibistek.
Eskuorri horietan, gaztelaniaz eta euskaraz, Busturialdea eskualdean kontrako iritzi beroak sortzen dituen museoaren proiektuaren xehetasunak irakur zitezkeen: erreserbaren nukleoan, Muruetan, jarri nahi dela museo batentzat eraikin berri bat, gune babestutik joango den pasabidea mapan marraztuta, 15.000 bisitari espero dituztela lau hilabetean...
«Inork ez digu esan museoaren proiektuaren alde dagoenik, interes handiarekin entzun gaituzte», diosku orriok zabaltzen ari zen Busturialdeko auzokide batek. «Kanpotarrei eta hemengoei eman diegu informazioa, eta galdetu digute zer gertatzen ari den». Jende mordoa ibili da egun osoan Guggenheimen inguruan, Museoen Nazioarteko Egunean doan sartzeko aukera aprobetxatuz. «Bisitariek zer dioten? Ba, beraien herrialdeetan, adibidez Texasen, horrelakoak egiten ari direla», entzun diogu protestara gerturatu den nazioarteko hedabideentzat lan egiten duen kazetari bati.
Eider Gotxi, plataformaren bozeramaileak, hedabideei egindako adierazpenetan, han egotearen arrazoia zehaztu du: «Urdaibai museo bizia da eta hori aldarrikatzera etorri gara. Guretzat Urdaibaik ditu museo batek eduki behar dituen ezaugarri guztiek. Orduan, hona etorri gara, zeren museo hau da gure Urdaibain hedapen bat egin nahi duena. Hemen dauden bisitari guztiei esan nahi dieguna da: bisitatu ezazue hau, baina jakin ezazue, baita ere, museo honek zer egin nahi duen gure eskualdean. Informazioa ematea da gure helburua».
Maiatzaren 9an Miren Arzalluzekin, museoaren zuzendari berriarekin, hitzordua izan zuten. Eider Gotxi: «Hauxe bera esan genion: Museo honek zabaltzeko beharra badu, gu ez gara inor hedapen horren kontra egiteko, baina Urdaibaitik zilegitasun osoa daukagu esateko Urdaibai ez dela lekua. Horretara etorri gara. Handitu egin nahi dute? Aurkitu dezatela leku egokia eta egiteko modu egokia, zeren eta hori ez zaigu egokia iruditzen: inposizioaren bidez egiten ari dira diru publikoarekin egingo den proiektu bat da. Horrek gizarte osoari eragiten dio.: Bizkaiari, Euskadiri eta, Trantsizio Ekologikoaren Ministerioak 40.000.000 euro jarri dituela kontuan edukita, Espainiari ere eragiten dio. Beraz, guztion ardura da hemen egiten ari direna».
Eta Bizkaiko Diputazioak eskualdean martxan jarri duen entzute prozedurarekin kritiko agertu den arren –«aurpegiaren zuriketa» legez definitu du–, hauxe gehitu du: «Guk parte hartuko dugu, nahiz eta uste dugun berandu heldu dela, zeren gauzak erabakita daude: erabaki dute museo bat egin nahi dutela, erabaki dute non eta erabaki dute nortzuk esplotatuko duten, Guggenheimek. Orduan, guretzako berandu dator. Esan digute gainera ez dela izango loteslea eta esan digute prozesuak irauten duen bitartean ez dutela etengo ematen ari diren urrats administratiboa».
Eguerdian, ehunka lagunek elkarretaratzea egin dute, plataformak deituta, Puppyren ondoan. Oihu nagusi bat: «Urdaibai ez da saltzen!».
Ernairen manifestazioa Gernikan
Honen ildoan, ‘Guggenheim Urdaibai Ez!’ lelopeko manifestazio berri baten deialdia egin berri du Ernaik. Gernikan izango da, ekainaren 13an, ostiralean, 20.00etatik aurrera. Irteera, Merkurion.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

