Iñaki Artola alegiarra buruz buruko finalean ariko da Jokin Altuna amezketarraren aurka. 2021ean jokatu behar zen finala, baina azkenean ez zen jokatu Baikoko aurrelariaren lesioagatik. Bigarren aukera izanen da orain ekainaren lehenean, Bizkaia frontoian.
Iragan igandean, Larrazabali 22-12 irabazi zion finalerdia alegiarrak Gasteizko Ogeta pilotalekuan, partida gogor baten ondotik. Aste ederra izan zen Artolarentzat, ostiralean aita izan baitzen.
Pilotan ez ezik bertsotan ere trebea da eta egun batzuk lehenago ‘Galdu eta irabazi’ bertso sorta kaleratu zuen. Jendeak gustura aditu ditu eta zabalpen handia izan dute sareetan.
Euskal Herriko Bertsozaleen Elkarteak egin zuen grabaketa, etxean. Hau da jatorrizko bertsioa.
Galtzea, barruko indarraren pizgarri
Galtzeari buruz, honakoa dio Artolak: «Ekartzen duen arren batzutan negarra/ pena ta zer hobetu pentsatu beharra./ Galtzean pizten da maiz barruko indarra,/ mingarria da baina/ ez da beti txarra».
Hau ere bai: «Batzuk aitzaki bila beti eta nonahi/ bere bikoteari errua bota nahi/ horrela dabilena nahastuta dabil, ai!/ Partida gal lezake laguna ere bai».
Irabazi, lanean jarraitzeko
Irabaztea, berriz, hala ulertzen du: «Irabaztea dugu gauza mundiala/ poztu eta ospatu behar den bezala!/ Ikusiz saiatzeak saria daukala/ lanean jarraitzeko balio dezala!», dio seigarren bertsoan.
Eta ohartarazpen hau ere egiten du: «Aurkarien aurrean bazabiltz saltoka/ ez ahaztu borobila dugula pelota./ Hurrena zu geratu zintezke lur jota,/ beraz, kontuz ibili gandorra igota».
Hala ondorioztatzen du, azkenik: «Irabazi ta galdu, galdu, irabazi/ bi aurpegiak txanpon berean doazi./ Edozein alorretan nahi badugu hazi,/ horixe da erronka: bitatik ikasi».

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

Josu Urrutikoetxea recibe amenazas en Angelu con un lema de la Guardia Civil

La Red de Personas Torturadas de Euskal Herria exige nuevos pasos en su reconocimiento oficial

Declaran procedente un despido por no ir al trabajo tras cambiar la empresa las vacaciones
