
UEFA Europa League txapelketako finalak eta, orokorrean, Bilboko Udalaren hiri ereduak auzotarrengan eragiten dituen «ondorio latzak» salatu dituzte Alde Zaharreko bizilagunek arratsalde honetan.
Alde Zaharreko hainbat taldek deitu dute protesta, hala nola Bihotzean auzo elkarteak, Sos Alde Zaharra plataformak, Kalamiak talde feministak, Ernai gazte erakundeak, AZET etxebizitza sindikatuak eta Palestinaren aldeko BDZ eta Bilbo-Palestina taldeek.
Unamuno Plazatik udaletxera egin dute manifestaldia eta «Auzoan bizi nahi dugu», «Makroebentoak Bilbotik kanpora», «Gora borroka feminista» eta «Sionistak auzotik kanpora» leloak oihukatu dituzte, besteak beste.
Bilboko Alde Zaharreko auzokideen mobilizazioa #UELfinal-aren harira atzo bilbotarrok jasandako egoera salatzeko
— Asier Robles (@asierrobles) May 22, 2025
"Auzoan bizi nahi dugu", "Makroebentoak Bilbotik kanpora" "Gora borroka feminista" eta "Sionistak auzotik kanpora" oihuak
➕️ https://t.co/oULS5lLRd1|en https://t.co/ysaC6sDVmQ
«Etxebizitzaren espekulazioa, espazio publikoaren merkantilizazioa, kale, plaza zein parkeen inbasioa… Hau guztiaz gain, makroebento honek matxiruloak, sionistak eta desfase jasanezina ekarri dizkigu, auzo bizitza erasotuz. Auzokideon beharrizanen gainetik, giri mozkor eta unga-ungek bete dute hiria. Instituzioen babesarekin eta pasibidadearekin, espazio publikoa inbaditu dute, Plaza Berriko etxeetako balkoietaraino sartuz. Auzokideok benetan hau guztia jasan behar al dugu?», galdegin dute.
Izan ere, urteak daramatzate salatzen «Udalak gure auzo zein etxebizitzak negozio bihurtu nahi dituela, gutxi batzuen etekinak ongizate orokorraren aurretik jarriz».
«Hiria saldu nahi dute, baina ahaztu zaie haien negozioen aurrean auzokideok egongo garela. Ez dugu gure auzoak kapital pribatuaren onurarako parke tematikoak bihurtzen utziko!», argi utzi dute.
Izan ere, Bilboko Alde Zaharra auzoko jaiak ospatzen ari da aste honetan, autogestioz hainbat ekimen aurrera emanez. Zaharrean Berri jai batzordeak ere salatu du urteak daramala «Udalaren traba burokratikoak pairatzen, antolatzen duten ekimen bakoitzerako pegak aurkitzen eta inongo justifikaziorik ez daukaten kontuengatik isunak jasotzen».
«UEFArekin batera Alde Zaharrera etorri diren matxirulo, sionistak eta desfase jasanezinarentzat aldiz, alfonbra gorria», salatu dute.
«Hau guztia gutxi balitz, Israel estatu genozida palestinar herria masakratzen ari den bitartean, genozidioaren apologia ikusi dugu gure kaleetan. Palestinaren aldeko pankartak arrankatu, zapaldu, txizatu… dituzte. Gainera, polizia agenteek Palestinaren aldeko propaganda egin duten kideak identifikatu dituzte», gaineratu dute.

La peineta de Morante; el torero de Vox se encara con el tendido reivindicativo de Iruñea

Agradecimiento desde el hospital de Gaza a una Iruñea volcada contra el genocidio

«Aquí me voy a tatuar unos huevos con txistorra»

«Jasotzen ari naizen biolentzia Elizak oraindik duen indarraren adierazle da»
