
Ikastolen Elkarteak salatu duenez, ikasturtean zehar egiten diren ikasle zaurgarrien eta atzerriko jatorria dutenen matrikulak, matrikula biziak, ez dira orekatuak sare guztietan eta ikastolei dagokien kopurua ez zaie bideratzen. Gainera, hori «modu intentzionatuan» egiten ari dela zehaztu dute.
Azken hiru urteetako matrikulazio prozesuaren balorazio «oso kritikoa» egin du Ikastolen Elkarteak ostegun honetan Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean. Nekane Artola elkarteko lehendakariak eta Unai Mendizabal idazkariak hartu dute hitza.
Dekretuari dagokionez, Ikastolen Elkartearen ustez «prozesu honek ez ditu sare bakoitzaren beharrak modu egokian asetzen eta kudeatzen». Honen ondorioz, uste dute ez dituela «oreka eta justizia» bermatzen hezkuntza sistemaren barruan. Horrekin batera, deitoratu dute ez dagoela ekitatearen aldeko «borondate argi eta sendorik».
Zaurgarritasun indizea ere gogor kritikatu dute, «egokia eta sinesgarria» ez delakoan. Gogorarazi dutenez, zaurgarriak diren ikasleak aukeratzeko familiek beraiek borondatez galdetegi bat betetzen dute. «Horrek ez dizkigu datu fidagarriak ematen», salatu dute. Horren ordez, errenta, ondasunak eta labidea, kasu, aztertu beharko lirateke.
Prentsa agerraldian gaineratu dutenez, ez dira kritikara mugatu eta proposamen sorta bat ere ekarri dute. Izan ere, euskararen eta euskal kulturaren egoeragatik kezkatuta daudela adierazi dute, tartean Euskal Herrira etorri berri direnak euskalduntzeko «zailtasunak» direla eta. Beraz, «erronkei parez pare begiratzen» diotela azpimarratu dute.
Oreka, gertutasuna eta ikastolak aukera bat izatea
Beraz, sistema «inklusiboago eta orekatuago» bat lortzeko eta matrikulazioaren prozedura hobetze aldera, bost proposamen aurkeztu dituzte: zaurgarritasun indizea kalkukatzeko adierazle objektiboetan oinarritutako formula bat; herrietako eragin eremuen diseinua modu «orekatuan eta justuan» berrikustea, familia guztiek aukera berdinak izan ditzaten; udal matrikulazio bulego neutroak sortzea, familiek erabaki informatua har dezaten eta lehiakortasuna saihesteko; matrikulazio bizia modu orekatuan berrantolatzea eta ikastolen eredua Euskal Herriko edozein familiarentzat aukera bat izan dadila.
Proposamenekin batera, «Hezkuntza Sailak neurriak hartzen dituen bitartean» lanean jarraituko dutela argi utzi dute. Horrela, irailetik aurrera beka sistema propio eta koordinatu bat abian jarriko dute; euskalduntzeko plan berri bat aurkeztuko dute, herri mailako murgiltze guneekin etxetik euskara ez dakarten ikasleentzat eta, azkenik, ikastola hautatu duten familiek «gurean jarraitzeko» lan egingo dute.

La peineta de Morante; el torero de Vox se encara con el tendido reivindicativo de Iruñea

Hallan el cadáver de un iruindarra en el río Urumea en Donostia

Agradecimiento desde el hospital de Gaza a una Iruñea volcada contra el genocidio

«Aquí me voy a tatuar unos huevos con txistorra»
