NAIZ

Osasun Mahaiaren lehentasuna «pribatizazioari ateak ixtea» dela adierazi du Kortajarenak

EH Bildu Bilbon burutzen ari den osasun publikoaren gaineko jardunaldietan, Jaurlaritzak prozesua ixteko duen «presa» gaitzetsi eta Osasun Mahaiaren datorren asteko bileraren lehentasuna «pribatizazioari ateak ixtea» izan behar duela berretsi du.

Nerea Kortajarena, Bilboko jardunaldietan.
Nerea Kortajarena, Bilboko jardunaldietan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Osasun publikoaren gaineko jardunaldiak egiten ari da EH Bildu asteburu honetan Bilboko Arrupe Etxean eta, atsedenaldian prentsaren aurrean egindako adierazpenetan, prozesuaren emankortasuna nabarmendu du Nerea Kortajarena EH Bilduko Legebiltzarreko bozeramaileak.

«Ezagutzen ari gara oso lan eta esperientzia interesgarriak politika publikoen definiziorako», ziurtatu du, eta eskerrak eman dizkie Osasun Mahaian lantzen ari diren dokumentuei ekarpenak egiten ari diren dozenaka lagunei.

Izan ere, jardunaldiok bat egiten dute denboran Osasun Mahaian egiten ari den lanketarekin eta, zentzu horretan, Kortajarenak argitu du «publikoki kontrakoa esan bada ere» mahai gainean dauden dokumentuak «eztabaidatzen eta zuzentzen ari diren dokumentuak» direla: «Ez daude inola ere itxita. Argi utzi nahi dut hemen ezer ez dagoela amaituta eta oraindik asko dagoela egiteko», berretsi du.

Norabide berean, Jaurlaritzak prozesua «behar baino lehen ixteko dituen presek» kezkatzen dutela azaldu du, «badirudi hartzaren larrua saldu nahi dela ehizatu aurretik. Eta gogoratu behar dugu osasun publikoarekin ez dela jolasten: presak ez dira kontseilari onak, akordio onak lortu nahi baditugu».

Hala, argitu du dokumentu batzuk lantzen ari direla, beste batzuk oraindik mahaira iritsi gabe daudela eta azken batzuk emendakin fasean, «beraz, oraindik ere lan asko dago egiteko», ondorioztatu du.

Osasun Mahaia datorren astean bilduko da berriro eta, Kortajarenaren aburuz, bilkurari helburu argi batekin heldu beharko litzaioke: pribatizazioari ateak ixtea eta Osakidetza indartsu, kalitatezko eta publikoa izango denaren oinarriak ezartzea. «Esparru horretan adostu behar dira osasun publikoa indartzeko eta blindatzeko behar diren politikak», zehaztu du, eta eragile guztiei dei egin die «norabide horretan arraun» egiteko.

Azkenik, EH Bildutik Osasun Mahaiarekiko duten «konpromiso irmoa» ere berretsi du Kortajarenak, «kalitatezko osasun publikoaren aldeko erabateko apustua berresten dugun bezala».