Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Herri akordio bat adostu dute Araban zaintza sisteman «aldaketa errealak» lortzeko

Arabako hainbat eragilek herri akordio bat aurkeztu dute ostegun honetan Gasteizen, «zaintza sisteman aldaketa errealak lortzeko». Sistema feminista eta komunitario baterantz pausoak emateko beharra azpimarratu dute.

Ostegun honetan Gasteizko Etxanobe lorategian egindako agerraldia
Ostegun honetan Gasteizko Etxanobe lorategian egindako agerraldia (Raul BOGAJO | FOKU)

‘Denon bizitzak erdigunean’ dinamikari jarraipena emanez, Arabako hainbat eragilek –haien artean mugimendu feminista, etxeko eta zainketako langileen elkartea (Aezle), Zaintza Araba, Pentsionistak Araba, Enarak kooperatiba, Ernai, Gasteiz Antirrazista, Lagundu elkartea eta Zabalgana Hezkidetza, baita LAB, ESK eta Steilas sindikatuak ere– herri akordio bat eskuratu dute «zaintza sisteman aldaketa errealak lortzeko».

Ostegun honetan Gasteizko Etxanobe lorategian egindako agerraldian, akordio horretan jasotako dekalogoa aurkeztu dute, «zaintza sistema publiko eta komunitarioa ardatz, eman beharreko pausuak zehazten dituen aldarrikapen taula».

Hala, adineko pertsonentzako eta dependentzia edota ezgaitasunerako bideratutako zaintza zerbitzu guztiak progresiboki publifikatzeko eskatu dute, «eta sortzen doazen berriak publikoak izan daitezela». Zehazki, egungo egoitzak publiko bihurtzeko eta pertsonen ingurunetik hurbil dauden egoitza txiki eta etxebizitza komunitario berri publikoak sortzea proposatu dute, «behar demografikoak kontuan hartuta».

Era berean, zaintza langile guztientzako lan baldintza duinak exijitu dituzte. Horretarako, Arabako egoitza pribatuen eta etxebizitza komunitarioen sektore hitzarmena sortu eta egoitza sare pribatuko langileen lan baldintzak sistema publikoko langileekin parekatzeko mahaigaineratu dute. Etxeko eta zaintza langile egoiliarren erregimena desagerrarazteko eskatu dute,  txandakakoa eta lanaldika izatea proposatuz. Etxeko eta zaintza langileak lan erregimen orokorrean sartzeko ere galdegin dute, beren eskubideak bete daitezen.

Gainera, zaintza sistema feminista eta komunitario baterantz pausoak emateko beharra azpimarratu dute, «familiarizatu gabea, arrazakeriarik gabekoa eta ez sexista». «Gizonek zaindu behar dute», adierazi dute, eta «kontziliazio erantzukiderako neurri zehatz eta eraginkorrak» aldarrikatu dituzte, «eremu publiko zein pribatuan aplikatzekoak. Besteak beste, adingabeen zaintzarako lanaldia murrizteko eta egokitzeko eskubidean adina luzatzea».

Atzerritartasun Legearen abolizioa aldarrikatu dute ere, baita erroldatzeko eskubidea, «inolako betekizunik gabe»; eta landa eremuan oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzeko neurriak eskatu dituzte: «Osasun mentalaren, ginekologia/obstetriziaren eta pediatriaren lehen mailako arreta landa eremuan bermatu, adibidez, zerbitzu ibiltarien bidez».

Eskolaz kanpoko jarduerak, udalekuak, eskola zaintza eta eskola laguntza publikoak eta doakoak izateko urratsak eskatu dituzte, «gizarte arrakalarik gabeak izan daitezen»; gutxieneko pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko; adineko trans pertsonen ibilbideak eta bizitzak aitortzeko, «bereziki lan esparrutik baztertuak izan ziren trans emakumeenak»; eta aniztasun funtzional eta ezgaitasunaren alorrean, lan -baldintza duinak exijitu dituzte enplegu bereziko zentroetan.

Amaitzeko, zaintza pertsonan oinarrituta egotea proposatu dute, «entzuna izatea eta zaintza ereduaren diseinuan partaide izatea, herritarren parte-hartze espazioetan». «Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Udalak, zaintza enpresa pribatuak, gizonak, norbanakoak eta gizartea interpelatzen jarraituko dugu. Lorpenak lortu arte eta denon bizitzak erdigunean egon arte. Euskal Herriko zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde».