NAIZ

EAJren Enplegu Publikoaren Legearen erreformarako proposamena errefusatu dute ELAk eta LABek

ELAren iritziz EAJk proposatutako enplegu publikoaren lege aldaketak «gaztelaniaren nagusitasuna finkatuko du euskaldunon hizkuntza eskubideen kaltetan» onartua bada. LABek administrazioaren euskalduntzean atzera egiteko arriskuari ateak irekitzen dizkiola salatu du.

Markel Olano jeltzalea, proposamena aurkezten aurreko ostiralean.
Markel Olano jeltzalea, proposamena aurkezten aurreko ostiralean. (Europa Press)

EAJk Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko eta euskaldunen eskubideak bermatzeko lege proposamena erregistratu zuen aurreko ostiralean Gasteizko Parlamentuan. Jeltzaleek azaldu zutenez, ekimenak Lan Eskaintza Publikoen hizkuntza eskakizunak erakunde bakoitzaren «errealitatera» egokitzea planteatzen du, proportzionaltasun irizpideekin eta administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko irizpideekin.

Baina ELAren iritziz EAJk PSEren «presio euskarafoboari» men egin dio. Sindikatuaren ustez, EAJren proposamenak «ez du balioko pairatzen ari garen epai euskarafoboei aurre egiteko ere, legez ezartzen ez den euskararen jakite maila epaitegiek jurisprudentzia bidez ezarriko baitute, hainbat epaik egin duten moduan zuzenean Espainiako Konstituzioaren irakurketa hertsi baten bidez».

ELAk ohar batean adierazi duenez, euskara «indarrez minorizatutako» hizkuntza izan da gizartean zein administrazioetan. «Beste edozein zapalkuntza iraultzeko modu bakarra legezko babes nahikoa bermatzea da, bestela nagusitasuna lortu duenak, modu ‘normalizatu’ batean nagusitasun hori erreproduzitzen jarraituko baitu», gehitu du.

Era berean, gogora ekarri du oraindik ere EAEko administrazio askotan, hala nola Osakidetzan, Justizia administrazioan edo Ertzaintzan, «herritarrek ez daukatela bermatuta euskarazko zerbitzua eta langileek ere ez dutela euskaraz lan egiteko aukerarik».

«Gaztelaniarekin egin bezala, legez euskararen ezagutza exijitzeko ortzimugarik ezarri ezean, eta orain arte bezala sektore euskarafoboen presiopean, administrazioetan nekez egingo da aurrera euskararen normalkuntzan eta herritar euskaldunon hizkuntz eskubideen bermean», aldarrikatu du ELAk.

Sindikatuaren iritziz, euskaldunon hizkuntza eskubideen defentsan «ausartak» izateko momentua da, «alderdi, sindikatu zein komunikabide euskarafoboei, gaztelaniaren inposaketa normalizatzea ez den inongo konponbidek ez baitie balioko».

Horregatik, «gizartearen gehiengo batentzat bidezkoa eta justiziazkoa dena legez jasotzea» eskatzen du ELAk: «Euskararen eta gaztelaniaren exijentzia parekatzea, eta horretarako arrazoizko epe bat ezartzea; eta administrazioetan euskararen ezagutzarik ez duten langileentzat, bereziki behin-behinekoentzat, euskara ikasteko baliabideak bermatzea eta euskara ikasteko ibilbide pertsonalizatuak diseinatzea».

LAB: «onartezina da»

LABek «onartezintzat» jo du EAJk Legebiltzarrean aurkeztutako Enplegu Publikoaren Legearen erreformarako proposamena «administrazioaren euskalduntzean atzera egiteko arriskuari ateak irekitzen dizkiola» salatuz.

Sindikatuak azaldu duenez, proposamenak «ez du jasotzen administrazioek bete beharreko inolako irizpide zehatz eta egiaztagarririk, neurrien zenbatekoa ‘proportzionaltasun irizpide’ zehaztugabe eta arbitrarioen eremu lausoan kokatuz».

«Hau da, Derrigortasun Indizearen muga objektiboa kenduz gero, unean uneko arduradun instituzionalaren borondatearen esku geratuko da hizkuntza eskakizuna izango duten lanpostuen ehunekoa ezartzea. Mugarik gabe gorantz, baina bete beharreko gutxienekorik gabe ere beherantz. Izan ere, neurri politikoak ezartzea euskara normalizatzeko inolako borondaterik ez duten eragileen esku inolako mugapenik gabe uzten denean, horren emaitza euskararen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen kalterako izaten da», azaldu du ohar batean.

Administrazioek euskalduntzearen aldeko hizkuntza politika egokitzeko autonomia izatea defendatzen du LABek; «baina autonomia hau ezin da inola ere euskararen eta euskaldunon aurkako hizkuntza politika egiteko baliatu».

LABen ustez Enplegu Publikoaren Legea erreformatzea ezinbestekoa da oldarraldi judizialari aurre egin eta administrazio publikoaren euskalduntzean jauzi egiteko. Baina erreforma hori «norabide egokian» izan behar dela dio, «ez edozein erreforma».

Hala, LABek dei egin die alderdi eta sindikatu euskaltzaleei zein euskalgintzari «adostasunak eraiki eta elkarlanean administrazioa osoki euskalduntzeko paradigma berri bat indarrean jartzera».

«Elkarlana sustatzeko, euskaldunon hizkuntza-eskubideetan inolako atzerakadarik gertatzearen aurka eta administrazioaren euskalduntzean jauzi kualitatibo berriak aldarrikatzeko», datorren ikasturtean mobilizazio sendoak sustatuko dituela aurreratu du LABek.