NAIZ

Arrojeria Ligako jokalaririk onena izendatu dute eskubaloia utziko duen denboraldian

Usurbildarrarekin batera, Bera Berako beste lau izen ere daude: Imanol Alvarez entrenatzaile onena, Lucia Prades atezaina, Lyndie Tchaptchet pibote eta defendatzaile onena eta Anne Erauskin eskuin hegalekoa Maitane Etxeberria gaindituta. Elena Amores eta Ester Somaza fitxaketak ere ageri dira.

Esther Arrojeria –eskuinean–, Foru Aldundian, aurten irabazitako hiru garaikurretako batekin.
Esther Arrojeria –eskuinean–, Foru Aldundian, aurten irabazitako hiru garaikurretako batekin. (Maialen ANDRES | FOKU)

Super Amara Bera Berak sekulako denboraldia osatu duela ez dago dudarik. Kopa, Superkopa eta Liga eskuratu ditu, eta gainera, Europan maila bikaina erakutsi du. Taldean lorturiko lorpen guztiek, nola ez, indibidualki ere saria izan behar zuten. Hala, Esther Arrojeria Ligako jokalaririk onena izendatu dute.

MVPak jokalari guztiek nahi duten ibilbide amaiera izan du. Izan ere, Arrojeriak eskubaloia utziko duela iragarri zuen. Usurbilgoak hirukoa lortuz eta onena izanda esango dio agur kirolari.

Ez da Bera Beran saria jaso duen bakarra, ezta gutxiagorako ere. Ligako 14 taldeetako teknikarien eta sare sozialetako jarraitzaileen aukeraketekin, Espainiako Eskubaloi Federazioak 2024-25eko All Starrean beste bost izendapen izan ditu talde donostiarrak.

Horien artean, Imanol Alvarez entrenatzaile onena, Lucia Prades atezaina, Lyndie Tchaptchet pibote eta defendatzaile onena eta Anne Erauskin eskuin hegalekoa Maitane Etxeberria gaindituta, entrenatzaileen botoari esker (%40ko balioa zuen).

Horiek gaur egun Bera Beran daude, baina aipatu behar da hurrengo denboraldian talde donostiarrean egongo diren beste bi jokalari ere sartu direla All Star horretan: Elena Amores ezker hegalekoa eta Ester Somaza ezker albokoa. Jokalari hauek osatzen dute All Starra: Martina Capdevila zentrala, Estitxu Rodriguez eskuin albokoa eta Belen Rodriguez gazterik onena. Azkenik, Lorena Garcia eta Tania Rodriguez epailerik onenak izendatu dituzte.

Liga zozketa, ostiral honetan

Bestalde, Bera Berak jakinarazi duenez, ostiral honetan 2025-26 denboraldiko Ligako zozketa egingo da, 13.00etatik aurrera. Astelehenean aipatu bezala, Liga abuztuaren 30ean hasiko da. Lehiaketa sistemak ez du inolako aldaketarik izango: liga erregularraren ondoren, lehen zortzi taldeek titulua lortzeko play-offa jokatuko dute, 14. sailkatua zuzenean jaitsiko da, 9. sailkatua bi ligaxketatik salbuetsita geratuko da, eta 10. postutik 13.era jaitsiera plaza bat saihestuko dute. Beranduenez 2026ko ekainaren 3an amaituko da Liga Guerreras.

Bestalde, 2022an bezala, maiatzean antolatuko du Super Amara Bera Berak berriro Kopa. Maiatzaren 8tik 10era izango da Illunbeko Donostia Arenan eta Beti Onak-ek, azken denboraldiko txapeldunordea, ere plaza ziurtatua du.