NAIZ

Artola sasoiko iritsi da udarara Sanferminetako Lau eta Erdikoan Bakaikoa kanporatuta (22-13)

Alegiarra finalerdietara sailkatu da asteazken honetan, Hernanin, 8-8koa ondoren aurkaria aukera gabe utziz. Hurrengo aurkaria ostiral gauean ezagutuko du: Peña II.a edo Larrazabal.

Iñaki Artola, aurreko partida batean.
Iñaki Artola, aurreko partida batean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Iñaki Artola buruz burukora bueltatu da. Buruz Buruko finala amaitu eta aita lanetan oportxo labur batzuez gozatu eta gero, Bizkaia Torneoa jokatzeko bueltatu zen alegiarra, baina binakakoa jokatzeko. Albisurekin batera galdu egin zuen. Ondoren, Muskizen, berriro ere binakakoari ekin zion eta, Imazekin batera, garaipena erdietsi zuen. Asteazken honetan, ordea, bakarkako lanetara bueltatu da kantxetara, Sanferminetako Lau eta Erdikoa lehiatzeko, eta Bakaikoari 22-13 irabazi dio uztailaren 4an, Donostiako Atano III.ean, finalerdiak jokatzeko txartela eskuratuz.

Ez zuen aurkari erraza gipuzkoarrak. Aurrean B Serieko Buruz Buruko txapelduna den Joanes Bakaikoa zuen. Etxarri-Aranatzekoak beste bi kanporaketa jokatzetik zetorren Hernaniko San Juanak 'ospatzera'. Final-hamaseirenetan Agirre kanporatu zuen partida gogor batean (20-22) eta are gogorragoa izan zen final-zortzirenetako lehia: 22-21 irabazi zion Zubizarreta III.ari.

Asteazken honetan 8-8koa arte lehia estua proposatu dio Artolari, baina hr amaitu dira bere aukera guztiak. Hortik aurrera ezin izan du sasoiko dagoen Iñaki Artolaren aurka. Alegiarrak inoizko mailarik onena ematen dator azken denboraldian eta aukera gutxi ematen die aurkariei.

Hala, Baikoren adarretik, hurrengo aurkaria nor izango den zain geratuko da aurrelari gipuzkoarra. Ez du asko itxaron beharko, ostiral honetan bertan ezagutuko baita. Gernikan Peña II.a eta Larrazabal arituko dira aurrez aurre, eta irabazlea Artolaren aurka neurtuko ditu indarrak finalerdietan, uztailaren 4an.

Asteburu honetan bertan Aspeko adarrean finalerdia jokatuko duten bi pilotariak ere ezagutuko dira. Larunbatean, Sopelan, Ezkurdia eta Peio Etxeberria arituko diren bitartean, igandean, Mungian, Altuna III.a egungo txapelduna eta Zabala finalerdietarako beste txartela lortzen saiatuko dira.