NAIZ

Juanita Larando patatxak Galizako ontzi tradizionalen topaketara bidaiatuko du

Albaolan eraikitako Juanita Larando patatxa Galiziako ontzi tradizionalen XVII. Encontro-etara joango da, eta bertara heltzeko 400 milia zeharkatuko ditu Kantauriko kostaldetik. Igande honetan Getarian egingo du lehen geldialdia eta ontzia bisitatzeko aukera egongo da.

Kantauriko kostaldea zeharkatuko du patatxak Galizara bidean.
Kantauriko kostaldea zeharkatuko du patatxak Galizara bidean. (PASAIA ITSAS FESTIBALA)

Galizako ontzi tradizionalen XVII. Encontro-etara bidaiatuko du Albaolak eta bertara heltzeko 400 milia zeharkatuko ditu Kantauriko kostaldetik. Uztailaren 17tik 20ra bitartean Ribeiran (A Coruña) egingo da topaketa eta, aurreko edizioetan bezala, Albaolaren ordezkari batzuk itsasoz helduko dira: itsas zeharkaldia egingo dute Juanita Larando patatxean, 2023an Sada aldera egin zuten bezala. Ontzian 400 itsas milia inguru egingo dituzte Kantauri itsasoan zehar, haizeak lagunduta eta, zenbaitetan, arraunean.

‘Itsas Kulturaren Ermandadea’ izendatu dute zeharkaldia, eta geldialdiak egingo dituzte portu esanguratsuetan. 2026ko Pasaia Itsas Festibala ezagutzera emateaz gain, bisitak eskainiko dituzte patatxaren barruan. Lehenengo geldialdia Getarian izango da, uztailaren 6an, igandean; ondoren, Portugaleten, Santanderren, Gijonen, Cormen, Ribeiran eta A Coruñan izango dira.

Itsas zeharkaldia berezia izango denez —haizeak mugiaraziko du ontzia eta, beraz, klimatologiaren mende egongo da—, ezin da eskala bakoitzaren data aldez aurretik zehaztu, eta ontzia heldu baino bi egun lehenago jakinaraziko da Pasaia Itsas Festibaleko eta Albaolako sare sozialen bitartez.

Galiziako Encontro-ak bi urtean behin ospatzen dira 1993tik, eta itsas kultura tradizionalaren nazioarteko erreferente bihurtu dira. Albaolak edizio guztietan hartu du parte 2001etik, eta horrela lortu du harreman estua Culturmar erakundearekin eta Europako beste itsas erkidego batzuekin.

Topaketa Culturmar Galiziako Itsas eta Ibai Kulturaren Federazioak antolatu du. Galizia, Portugal, Irlanda, Euskal Herria, Katalunia eta Balear Uharteetatik etorritako ontzi eta proiektuak biltzen ditu, besteak beste. Horietako bakoitzak itsasoaz duen jakintza, lanbideak eta pasioak uztartzen laguntzen dute topaketek.

Ontzi kortsarioa haizearen alde

Juanita Larando patatxa XVIII. mendeko ontzi kortsarioa da, eta bidaia luzea du aurretik. Lehen, patatxak kostaldeko merkataritza ontziak ziren, eta oso aproposak ziren Atlentikoko itsasertzeetatik nabigatzeko. Mendeetan zehar kabotajerako erabili ziren, hau da, itsasertzetik portu batetik bestera ibiltzeko. Eta hau da, zehazki, zeharkaldi honetan egingo duena.

Ontzi mota hori euskarri teknologiko garrantzitsua izan zen bigarren mailako portu askotan, merkataritza eta portu jarduera egiten zituelako. Desagertuta egon da euskal kostaldean, aharik eta Albaolak erreplika bat eraiki zuen arte; 2021eko ekainean Pasaiako badian uretaratu zuten.

Festibalari buruzko albiste guztiak Pasaia Itsas Festibalaren webgunean egongo dira.