NAIZ

Emakunderen ikerketa batek hizkuntza inklusiboaren aurkako ohiko argudioak gezurtatu ditu

Hizkuntza inklusiboa genero ezberdintasunak ez areagotzeko tresna baliagarritzat jo du Emakundek plazaratu berri duen ikerketa batek. Halaber, hizkuntza inklusiboaren aurka erabili ohi diren argudioak baliogabetu ditu azterlanak.

Astelehen honetan aurkeztu dituzte azterlanaren ondorioak.
Astelehen honetan aurkeztu dituzte azterlanaren ondorioak. (IREKIA)

Emakunek egin berri duen azterlanaren arabera, hizkuntza inklusiboa erabiltzea lehendik dauden genero ezberdintasunak ez areagotzeko garrantzitsua da. Ikerketak hizkuntzaren ekonomia, anbiguotasun faltsua edo genero gramatikalaren eta sozialaren arteko nahasmena bezalako kontrako argudioak baliogabe utzi ditu.

Laura Vela-Plo, Marina Ortega-Andres eta Marta De Pedis ikerlariek egindako ‘Hizkuntza aldaketa sozialerako tresna: Hizkuntza inklusiboaren erabileraren ondorio batzuen azterketa teorikoa eta enpirikoa’ ikerketa aurkeztu du Emakundek. Azterlana Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa lanei ematen dien bekaren emaitza gisa argitaratu da, eta gizartean aldaketa bat lortzeko bidean aurrera egiteko hizkuntzak duen gaitasuna hobeto ezagutzea du xede.

«Azterketa honek hizkuntzaren garrantziaz hausnartzeko aukera ematen digu», azpimarratu du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak. Adierazi duenez, hizkuntza inklusiboa genero ezberdintasuna ez areagotzeko tresna da.

Ikertzaileek arlo honetan euskaraz zein gaztelaniaz dauden hutsune enpiriko eta teorikoa bete nahi izan dute; izan ere, haien esanetan, gai horren inguruan egindako ikerketa gehienak ingelesean edo alemanean oinarritu dira. Halaber, euskarari buruzko helburu zehatz bat planteatu dute, genero gramatikalik gabeko hizkuntza denez, hizkuntzaren erabilera sexistarik sortzen ez duela uste delako, baina egileek sinesmen hori ukatu dute.

Lanak hiru ikasketa esperimental biltzen ditu, horietako bi gaztelaniaz, EHUko ikasleekin eta biztanleria orokorrarekin egindakoak, eta bestea euskaraz, euskal unibertsitateko ikasleekin bakarrik egina. Lehenengo bien emaitzen artean ondoriozta daitekeenez, hizkuntza inklusiboaren erabilerak murriztu egiten du munduaren begirada erabat maskulinoa.

Erresistentziak

Hala ere, errentziak aurkitu dituzte bi taldeetan, diotelako ez dela erabiltzen erraza eta hizkuntza baino larriagoak diren arazoak badaudela uste dutelako. Baina, ez dute uste, inondik inora, hizkuntza inklusiboko estrategiak erabiltzea «alferrikakoa» edo «barregarria» denik.

Ikertzaileek, halaber, hizkuntza inklusiboaren erabilera baztertzeko erabili ohi diren aitzakiak baliogabeak direla baieztatzen dute, hala nola, «hizkuntzaren ekonomia, anbiguotasun faltsua edo genero gramatikal eta sozialaren arteko nahasmena».

Egileek, gainera, ikerketa esperimental horietan sakontzeko beharra azpimarratzen dute, bai euskaraz, bai gaztelaniaz, eta baita populazio zabal batean ere, genero gramatikalak nola eragiten duen zehatz-mehatz ulertzeko.