NAIZ

Adimen artifizialean eta 3D teknologian oinarritutako hamar proiektu lehiatuko dira Zinemaldian

Hamar proiektu teknologiko lehiatuko dira Zinemaldia Startup Challengen. Proposamenak Alemaniatik, Estatu espainoletik, Britainia Handitik eta Suediatik datoz.

Lehian parte hartuko duten proiektuak anitzak dira.
Lehian parte hartuko duten proiektuak anitzak dira. (ZINEMALDIA)

Hamar proiektu teknologiko (bost espainiar eta bost europar) lehiatuko dira Zinemaldia Startup Challengen, ikus-entzunezkoen sektorean aplika daitezkeen garapen teknologikoetan diharduten startup sortu berrietarako eta ekintzailetza-taldeetarako lehiaketan.

Zinemaldia & Technologyren ekimen nagusia da Zinemaldia Startup Challenge, eta irailaren 25ean, ostegunean, egingo da. «Aukeratutako hamar proiektuak aurkeztuko dira eta mahai-inguru bat egingo da teknologia berrien inplikazio etikoei buruz. Bertan, teknologia inklusibo, dibertso eta adierazgarriago bat nola lortu hausnartuko da», iragarri dute.

Estatu-lehiaketako bost finalistetako hiruk adimen artifiziala aplikatzen dute euren garapenetan: Bubbok plataformetako edukien gomendio pertsonalizatuak eskaintzen ditu; Crowdy ekosistema bat da, ikus-entzunezko proiektuak kudeatzeko eta edozein ekoizpen-fasetan talentua erakartzeko baliabideak biltzen dituena; eta IT'S ON streamingeko plataforma bat da, filmaketak urrunetik gainbegiratzeko aukera ematen duena. Bi aplikazio mugikor hauek osatzen dute hautaketa: Kultura Hub, Europako kultura-erakundeen ikus-entzunezko edukia konektatzen eta ikusarazten duena, hizkuntza gutxituetan arreta berezia ipinita; Quickets aplikazioak, berriz, zinema-sarreren last minute salmenta eskaintzen du, deskontuekin, prezio dinamikoetako tekniken bidez.

Europako proiektuei dagokienez, horietako lau adimen artifizialean ere oinarritzen dira: All-VP (Erresuma Batua) LED horma digitala moduko bat da, antzezlearen tamainatik eta itxuratik abiatuta, ingurune birtual batean argiztapena, itzalak eta islak birkalkulatzen dituena; Mimikek (Suedia) 3Dko abatar errealistak sortzen ditu telefono mugikorrarekin eskaneatutakoan funtsatuta; Signapsek (Erresuma Batua) zeinu-hizkuntzako interpreteen eredu fotorrealistak eskaintzen ditu gorren ikus-entzunezko edukietarako irisgarritasuna areagotzeko; eta Tape Itek (Alemania) hondo-zarata ezabatzen du soinua digitalki prozesatuz, audioaren kalitatea hobetze aldera. Azkenik, Novel Fire Masks Enginereed with 3D Technologyk (Erresuma Batua) suaren aurkako maskarak –silikonazkoak– sortzen ditu, manufaktura gehigarriko eta 3D inprimaketako teknikekin eta akabera hiperrealista batekin.

Bi sari

Bi epaimahai independentek 10.000 euroko sari bana emango dizkie Europako eta Estatuko proiekturik onenei. Bestalde, hirugarren epaimahai batek aipamen berezia emango du, 3.000 eurokoa, ekintzailetza-balioen aitorpen gisa. Horrez gain, irabazleek eta finalistek 500.000 eurorainoko finantzaketa eskuratu ahalko dute beren proiektua Euskadin garatzeko.

Gainera, proiektu finalistek –nola jada irtenbide finkatuta izanik euren merkatu objektiboan saltzen ari direnek, hala prototipo funtzionalik gabeko ideia soil bat baino ez dutenek– aukera izango dute Euskadiko Parke Teknologikoen Sarean kokatutako BICetako –business innovation center delakoetako– bateko inkubagailu batean urtebetez doan sartzeko.

Lehen bost edizioetako proiektu irabazleetako zenbaitzuk arrakastaz ari dira garatzen beren enpresa-estrategia. Dub.me-k (2024) EIC Accelerator programaren Bikaintasun Zigilua lortu du, eta Asia, Europa eta Estatu Batuetako funtsezko merkatuetan jarduteko aukera eman dioten akordioak ezarri ditu; Motmo.pro (2022) merkatuan dago jada; Hyperate.io-k (2023), bestalde, nabarmen handitu du erabiltzaile kopurua.

Lakuako Gobernuak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuna Sailaren eta SPRIren bitartez sustatu du Zinemaldia Startup Challenge, Zinemaldia & Technology jardunaldiaren ekimen nagusia. Donostiako Zinemaldiak hauekin lankidetzan antolatu du jardunalida: Tecnalia, ALÍA (Ikus-entzunezkoen Industria Aliantza); eta Vicomtech. Zinemaldia & Technology Donostia Zinemaldiaren apustu estrategiko bat da, eta ikus-entzunezkoen sektorean teknologiak izandako berrikuntzari buruz hausnartzeko gune bihurtu nahi du.