NAIZ

Hogei hildakotik gora Nasser erietxeari eginiko erasoan, horietatik bost kazetariak

Israelgo armadak Nasser ospitalari egin dio eraso eta hamabost pertsona baino gehiago hil ditu; horietako bost kazetariak dira. Lehen eraso baten ostean, laguntzera gerturatu direnen aurkako bonbardaketa izan da bigarrena.

Erasoan zauritutako mediku bat, ospitalean bertan.
Erasoan zauritutako mediku bat, ospitalean bertan. (AFP)

Gutxienez hogei pertsona hil dira Nasser ospitalaren aurkako eraso batean, horietako bost kazetariak. Jan Yunisen dagoen erietxea Gazako zerrendako hegoaldeko garrantzitsuena da eta bonbardaketa bikoitza burutu du Israelek haren aurka.

Hildako bost kazetariek nazioarteko informazio agentzientzat eta telebistentzat egiten zuten lan. Eraso honek eragindako hildakoekin, gaur gaurkoz 244 kazetari hil ditu Israelgo armadak 2023ko urritik.

Nasser ospitalean erasoan bertan hildako kazetariak Hossam Al Masri Reuters agentziako kameraria, Mohamed Salama Al Jazeerako kameraria, Mariam Abu Daqqa APren eta beste agentzia batzuen kazetaria eta Moaz Abu Taha, NBC agentzia estatubatuarraren kazetaria dira. Reutersek jakitera eman duenez, Hatem Khaled argazkilaria zauritu da erasoan, eta ordu batzuk geroago zendu da.

Eraso zehatza eta zuzena izan da Israelek burutu duena. Izan ere, dron baten bidez egin diote eraso ospitalearen Al Yassine eraikineko suteetarako eskailera baten azken eskailburuari, hain zuzen ere, kazetariek zuzenekoak egiteko erabili ohi zuten guneari.

Birritan egin dute eraso, lehen bonbardaketan Al Masri hil dute, eskaileran bertan lanean ari zen bitartean. Kideak eta erreskate taldeko profesionalak laguntzera joan zaizkionean bigarrenez eraso egin eta horiek ere hil dituzte.

Bigarren bonbardaketa zuzenean eman du Egiptoko Al Ghad telebista kateak, lehen erasoaren berri ematen ari zen bitartean, eta irudi latzek agerian utzi dute erabat neurtutako erasoa izan dela.

Nasser ospitala «gune gorri» gisa izendatuta dauka Israelek, beraz, bertan lan egitea benetan arriskutsua da. Hil dituzten bost kazetariak kanpin-dendetan bizi ziren eta batera egon ohi ziren seguruago sentitzeko.

Israelgo armada kazetarien aurkako eraso zuzenak burutzen ari da eta asko hil dira dagoeneko. Duela gutxi hil zituzten Al Jazeerako Anas al Sharif eta Mohammed Qreiqeh kazetariak eta Ibrahim Zaher, Mohammed Noufal eta Moamen Aliwa kameralariak, eta Sahat plataforma digitaleko Mohammed Khalidi.

Maiatzean Mugarik Gabeko Kazetariak GKEak Nazioarteko Zigor Auzitegiari galdegin zion Israelek gerrako krimenak burutu dituen zehazteko burutzen ari den ikerketan palestinar kazetariak biktima gisa agertu daitezela, ez bakarrik lekuko bezala.

Gaur egun gazako kazetariak dira bertan gertatzen ari denaren berri ematen duten bakarrak, Israelek ez baitio nazioarteko prentsari sartzen uzten, sarritan eskatu bazaio ere.

FPAk azalpenak eskatu ditu

Atzerriko Prentsaren Elkarteak (FPA) azalpenak eskatu dizkie Israelgo Armadari eta Benjamin Netanyahu lehen ministroari. «Atzerriko Prentsaren Elkartea suminduta eta shock egoeran dago», adierazi du elkarteak ohar batean.

«Kazetari gehiegi hil ditu Israelek Gazan, justifikaziorik gabe», azpimarratu du FPAk.

Philippe Lazzarini Nazio Batuen Errefuxiatu Palestinarren Agentziako (UNRWA) buruak astelehen honetan salatu duenez, Israelek «azken ahotsak isilarazten» jarraitzen du, eraso honekin.

«Kazetari gehiago hil dituzte gaur. Isilean hiltzen diren haurrei eta goseteari buruzko azken ahotsak isilaraziz. Munduaren axolagabekeria eta gelditasuna zirraragarriak dira», esan du Lazzarinik X.-n idatzitako mezu batean. 

Netanyahurentzat, «istripu tragikoa»

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak eraso «istripu tragiko» gisa definitu du.
«Israelek kazetarien, medikuen eta zibil guztien lana baloratzen du. Agintari militarrak ikerketa sakona egiten ari dira. Gure gerra Hamaseko terroristen aurka da. Gure helburuak Hamas garaitzea eta bahituak etxera ekartzea dira», azpimarratu du ohar batean.

Israelgo Defentsa Indarrek (FDI) onartu egin dute, lehentxeago, ospitalearen aurkako erasoa, kokagunearen hegoaldean, eta gatazkarekin zerikusirik ez duten pertsonei egindako kalteak deitoratu dituzte. Zentzu horretan, Armadak esan du «inola ere» ez diela kazetariei nahita eraso egiten.