
«Badira historian ia ezer gertatzen ez diren urteak, bolada luzeak. Eta badira aste batzuetan historiaren norabidea goitik behera astintzen duten gertakariak. Hala gertatu zen 1975ean Euskal Herrian». Horixe dio astelehen iluntze honetan Iratzar Fundazioak eta Olaso Dorrea Fundazioak elkarlanean aurkeztutako erakusta ibiltariaren sarrerak, ‘1975, dena jokoan zegoen urtea’.
Historiak eta memoriak museo handi zein historia liburuetatik atera eta herritarrengan zabaldu behar direla esan izan da maiz, kasu honetan ordea, sinetsita daude bi fundazioak oraina ulertu eta etorkizuna eraikitzeko tresna dela memoria. Horregatik, Azpeitian aurkeztutako erakusketa, urtea bukatu arte gutxienez herriz herri ibiliko den eraskusketa bizia izatea dute helburu.
Hiru helburu esleitu dizkiote erakusketari, eta horiek ere irekiera ekitaldian aurkeztu dituzte. Batetik, memoriaren eraikuntzan ikuspegi kritikoa mahaigaineratzeko unea dela iruditzen zaielako; bigarrenik, transmisio ariketa bat ezinbestea dela uste dutelako, «gaur egunerako zein etorkizunerako tresna da»; eta hirugarrenik, militante antifrankistak, «askatasunaren aldeko borrokalariak» gogoratzea herri honen eginbeharra dela uste dutelako.
Nola gogoratu
Nola gogoratu ordea duela 50 urteko garaia eta gertakariak? Andoni Olariaga Iratzar Fundazioko kideak gidatu du erakusketa, eta 15 panel informatibok osatzen dute, batik bat. Bost bloketan banatu du ibilbidea, lehenengoan Euskal Herriarentzat 1950.hamarkada zer izan den jaso dute, gertakari ezberdinei aipamena eginez, eta «euskal matxinadaren eztanda» nolakoa izan zen azalduz. Garaiko argazki eta kartelek ematen diote segida azalpenei, sarritan zuri beltzezko hizkiez baino gehiago oraoitzen delako gizakia irudiez.
Bigarren blokean testuinguruan sakondu du, eta bertan ageri dira 1975eko Gernikako Aberri Egun bateraturako deiak: ‘Eusko Lurra’ egunkarian, EAJren kartela edota ETArena. Burgosko prozesua, kartzela, torturak zein ‘Lobo‘ren infiltrazioa ere bigarren bloke honetan kontatzen dira.
Eta hirugarrenera heltzerakoan aurkezten zaizkigu Tupa, Otaegi eta Txiki, askatasunaren aldeko militanteak. Panelez haratago, objektuak ere biltzen ditu zati honek eta fundazioak oso eskertuta daude Txiki eta Otaegiren senideekin beren objektu pertsonalak uzteagatik. Hortik ere sortzen baita memoria kolektiboa, oroitzapen zehatzetatik.
Adierazpen politikoen ondoan, Otaegik jantzi zuen azken jertsea, Txikik eskalatzeko erabiltzen zuen kaskoa... gauza zehatzak memoria kolektiboa pizteko
Alde batetik, Otaegik hil aurretik zeraman jertsea eta erlojua ikusi daitezke, lanazko jertse berdea, eguzkiaren formako marrazki zuriekin eta kremaileraren inguru laranjarekin. Txikiren kasuan, bere mendizaletasuna gogoratuz eskalatzeko erabiltzen zuen kasko beltz eta gorria eta erretzeko bi pipa daude. Era berean badago beste objektu preziatu bat, fusilamenduak salatzeko Paristik Hendaiara egin zen mobilizazioko pankarta.
Laugarrenean trantsizioa nola eman zen jaso dute, Francoren heriotzetik hasi, potentzia amerikarren laguntzatik igaro eta zenbait lege frankista aipatzen dituzte. Eta bosgarrenean 78ko erregimenaren erradiografia labur bat egin eta hausnartuz amaitzen da: «Lotuta utzi nahi izan zuten dena; baina Euskal Herria ez dago lotuta, bizirik, borrokan eta abian baizik. Franco hil zen, Euskal Herria berriz ez!».

Erakusketarako propio sortutako bideo bat ere emititu da, bertan, Txiki eta Otaegik gaur egungo Azpeitiari eta gaur egungo Zarautzi begiratzen diote, off ahots baten bidez berpiztu eta Euskal Herria nola ikusten duten kontatzen digute. Asteartean, hilak 16, NAIZen emango da primizian, 22.00etan.
Zergatik gogoratu
Aurrera jarraitzeko atzera begirako honetan, Olaso Dorreko presidente Irati Jimenezek eta Iratzar Fundazioko Floren Aoizek hartu dute hitza, zergatik oroitu ere gako garrantzitsua delako. Gogoratzea ezinbestekoa da Jimenezen hitzetan, «gure herriaren kontzientzia kolektiborako, arriskuak badaudelako ahanzturan erortzeko edota frankismoaren zuriketaren aurrean».
«Mundua aldatzea posible dela sinesten dugunok, behartuta gaude gertatu zen hori begiak zabalik ikustera», adierazi du Jimenezek, eta gehitu du egia bere horretan dela iraultzailea, «etorkizuna eraikitzeko oraina ulertu behar da eta oraina ulertzeko iraganarekin akordatu behar gara».
Aoizek duela 50 urte Euskal Herria bidegurutzean zegola hausnartu du, eta aukera handi bat «galdu» zela, «lotura horiek hautsi nahian egoera berri batean gaude», baieztatu du. Eta azpimarratu «gure buruen jabe izateko, gure historiaren jabe» izan behar dugula, eta horregatik duela garrantzia berezia urteurrenarekin batera egiten ari diren ariketa honek. «Gure etorkizunaz ari gara Txikiz eta Otaegiz ari garenean», esan du, eta askapen borrokaren bidean bat egiten duela egun haiekin Euskal Herriak.

Investigan un brote de shigelosis en Bilbo; ¿qué es y cómo se transmite?

Fallece una trabajadora del Hospital de Cruces en un accidente laboral no traumático

Euskaltzaleak Arantzazun: «Mundua aurka dator, baina guk euskara dugu munduaren alde»

El concejal del PP que dio el gobierno al PNV en Durango pide ilegalizar a EH Bildu



