
Jon Paredes ‘Txiki’ zarauztarra eta Anjel Otaegi nuarbearra fusilatu zituzten 50. urtemugan, 1975ean gertatutakoa jasotzen duen erakusketari ateak itxi dizkio Zarauzko Udalak, NAIZek astearte honetan aurreratu duenez. Euskadi Irratiari EAJ eta PSE biltzen dituen udal gobernuaren iturriek orain baieztatu diotenez, erabakia politikoa da, ez teknikoa.
Zehatzago, erakusketa horrek ez dituela Gogora Institutuak ezarritako egia, justizia eta erreparazio irizpideak betetzen argudiatu du Udalak. Bere ustez, dakarren errelatoa «ez da inklusiboa», «ez baitu ETAk eragindako kaltea ikustarazten». PSEk izendatutako Alberto Alonso Gogorako zuzendariaren iritziarekin bat egiten du erabakiak, beraz.
Gauzak honela, aurrerapausoa eman du Zarauzko EH Bilduk: ‘1975, dena jokoan zegoen urtea’ erakusketa osatu duten Iratzar eta Olaso Dorrea fundazioei bere Bilgunea eskaini die, bertan ikusgai jar dezaten. Hilabete honen 22tik 26ra egongo da irekita, Urdaneta kalean.
EH Bildu: «Ez dugu ulertzen»
Zarauzko EH Bilduk gogora ekarri duenez, Azpeitiko Udalak oso bestelako jarrera izan du, udal jabetzakoa den Betharram aretoan ikusgai baita erakusketa, aurreko astelehenetik igandera arte hain zuzen ere.
Anjel Otaegiren herrian ez da arazorik izan, bai ordea Jon Paredesenean: «Ez dugu ulertzen eta partekatzen haren jaioterriko udalaren erabakia, ezta eskaerari ezetz esateko emandako arrazoiak ere. Eta, noski, hala jakinarazi genien Zarauzko Udal Gobernuaren ordezkariei gai honetaz hitz egiteko egin genuen bileran», jakinarazi du herriko EH Bilduk.
«Bost hamarkadaz, fusilamenduek eragindako sufrimenduaz gain, askotariko jazarpenak eta urte luzetako ahanztura jasan behar izan dituzte senide horiek. Zorionez, herri ekimenez haien senideei egindako oroimen eta aitortza ekitaldiak izan dira urteotan, eta horren erakusle da irailaren 28rako Zarautzen antolatutako herri ikuskizun ibiltaria ere», erantsi du.
Udalak «memoria ekitaldia» hilaren 26an
Ika-mika horren erdian, Zarauzko Udalak asteazken honetan bertan jakinarazi du «memoria ekitaldia» egingo diola Txikiri irailaren 26an, udaletxeko osoko bilkuren aretoan, 19.00etan. Hiru lerroko oharrean azaldu duenez, ekitaldian adierazpen instituzional bat irakurriko da, «udal ordezkaritza duten talde politiko guztien arteko lankidetza eta adostasunaren emaitza dena».
Sortu: «Zentsura politikoa»
Sortuk, bere aldetik, Zarauzko Udala, bere erabakiarekin, «zentsura politikoa» aplikatzen ari dela eta Txiki eta Otaegiren biktima izaera «auzitan» jartzen eta «diskriminatzen» ari dela salatu du, 2012tik Lakuako Gobernuak ofizialki aitortuak izan arren.
«Txiki eta Otaegi egiarik, justiziarik eta erreparaziorik gabeko biktimak dira oraindik. Nola esan daiteke, beraz, erakusketak ez dituela egia, justizia eta erreparaziorako printzipioak betetzen?», galdegin du ohar batean.
Indar abertzalearen iritziz, Txiki eta Otaegi kriminalizatzea «36ko gudariak, milizianoak, makiak, partisanoak edo erresistentzia frantsesa kriminalizatzea» ere bada, baita «tiraniaren aurka medio guztien bidez borroka egiteko eskubide unibertsala (NBEk aitortua) kriminalizatzea» ere. «EAJ eta PSE etxekalte ari dira, modu horretan jokatuz 36ko gudarien eta militante sozialisten jarduera ere kriminalizatzen dutelako. Eta hori kriminalizatuz, frankismoa eta estatu faxistaren biolentzia zuritzen ari dira», nabarmendu du, Txiki eta Otaegirentzat aitortza instituzionala eskatzearekin batera.
Azkenik, Sortuk deia egin du hilaren 27an Iruñeko Anaitasunako ekitaldian parte hartzera.

Emotiva llegada de la selección de Palestina a Bilbo

La Ertzaintza allana con porrazos e identificaciones el desahucio del fondo Cerberus en Basauri

La voz de la resistencia palestina llega a EHU de la mano de Sol Band Gaza

Fallece el expelotari Eneko Pelletrat tras un accidente por la caída de un poste eléctrico

