NAIZ

Salbuespena eta sufrimendua gehiago ez luzatzeko lanean aktibo izateko deia azken ostiralean

Gatazka politikoaren ondorioak ezin direla gehiago luzatu aldarrikatu eta horretarako eta konponbidea, bakea eta elkarbizitza lortzeko «herritar aktibo» izan eta «auzolan erraldoian» parte hartzeko deia egin dute Sarek eta Etxeratek hileko azken ostiraleko elkarretaratzeetan.

Azken ostiraleko mobilizazioa Hernanin.
Azken ostiraleko mobilizazioa Hernanin. (Jon URBE | FOKU)

Urriko azken ostiralarekin batera elkarretaratzeak egin dira Euskal Herriko hainbat txokotan, Sarek eta Etxeratek deituta. 2.400 lagunek egin dute bat, eman dituzten datuen arabera.

Sareren II. Konferentzian azaleratu zuten bezala, gatazka politikoak utzitako ondorioen konponbidea ezin dela gehiago luzatu nabarmendu dute. «ETAk bere jarduera amaitutzat eman zuenetik ia 15 urtera, oraindik orain, ondorio batzuek korapilatuak jarraitzen dute. Ez da hori nazioarteko beste hainbat herrialdetan eman diren gatazken logika, bake prozesu baten ondorioz, sufrimendua eragiten zuten ondorioak konponbidean jarri zirelako, Euskal Herrian ez bezala», oroitarazi dute.

Sare eta Etxeraten arabera, Euskal Herrian prozesua «bestelakoa» izaten ari da eta «hainbat eragile eta norbanakoren ahaleginak ekarri gaituzte honaino», baina behin betiko konponbidea lortzeko borondate politikoa behar dela aldarrikatu dute. «Urratsak denok eman behar ditugu. Oinarri politikoak dituen gatazkak konponbide eta borondate politikoak behar ditu».

Hala, preso, iheslari eta deportatuen auziak «konponbide azkar bat» behar duela azpimarratu dute. Horretarako, erantsi dute, «nahikoa da salbuespen lege eta politikak alde batera uztea».

«Egun zigorrak betetzen ari diren 125 euskal presoetatik 66 dira zigorrak erregimen irekian betetzen ari direnak, hau da, egunerokotasunean kalea zapaltzen ari direnak. Honek esan nahi du euskal presoen erdia egunerokotasunean kalea zapaltzen ari dela», azaldu dute.

Hori horrela izanik ere, zigorrak erregimen itxian betetzen ari diren presoen kopuruak «are txikiagoa» izan beharko luke, euskal presoei «beste edozein arrazoirengatik espetxean dagoen edozeini aplikatzen zaizkion lege eta espetxe politikak aplikatuko balitzaizkie».

Etxeratek eta Sarek salatu dutenez, salbuespen lege eta espetxe politikak «sufrimendu izugarria utzi du eta uzten ari da». Horren adibidetzat aipatu dute 2022 arte, 32 urtez espetxean eta baldintza gogorretan izan zen Jakes Esnal, berriki hila, baita erbestean jarraitzen duten hamalau iheslari eta hiru deportatuen egoera.

Horrenbestez, salbuespena ezin dela gehiago luzatu argi utzi nahi izan dute: «Sufrimenduak ezin dira gehiago luzatu eta konponbidea, bakea eta elkarbizitza behar bat dira gure herriarentzat».

«Izan gaitezen herritar aktibo»

Horrekin batera, biktima guztien egia, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea ere «elkarbizitzara jauzi egiteko ezinbestekoa» dela nabarmendu dute. «Euskal Herrian elkarbizitza ez da ahazturaren emaitza izango, aurrera egiteko borondate partekatuarena baizik; harresiak zeuden tokian zubiak eraikitzetik etorriko da, korapiloak zeuden tokian askatzetik, besteari aitortza ematetik, norbera izateari utzi gabe», defendatu dute.

Sare eta Etxeraten iritziz, zeregin horretan «denok dugu gure tokia», horregatik jendartea gonbidatu dute lan horretan parte hartzera eta Bilbon heldu den urtarrialaren 10ean ‘Ezin da gehiago luzatu’ lelopean egingo den «hitzordu garrantzitsuarekin» bat egitera. «Herri zein eskualdeetan hasi da auzolana. Berriz ere milaka izan gaitezen herritar aktibo, elkarbizitzaren, bakearen zein preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko auzolan erraldoian», egin dute dei.