
‘Deathstalker’, Steven Kostanskiren film berriak irabazi du aurtengo Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea; Film Luze Onenaren Ikusleen Saria lortu du.
80ko hamarkadako ezpata eta sorginkeria zinemari egindako omenaldia da: munstroak, magia, umore beltza, gorea eta izpiritu axolagabea topatuko dituzue bertan. Filmak genero horren oinarrizko elementuak ospatzen ditu, eta aldi berean, auto-ironiaz zipriztindutako izaera ludiko bat mantentzen du.
Narratiba, noski, ezin oinarrizkoagoa da: onak txarren aurka, misio zentzugabeak, eta sakontasun-geruza edo biraketa konplexurik gabe. Baina, hain zuzen ere, hor dago bere xarma: filma ez da serioa izateko sortua, baizik eta bere izaera pulp eta dibertigarriari eusteko. Buruak mozten dituzten eszenak, diseinu xelebreko munstroak eta umore absurdoa horren adierazgarri dira. Ikusleari barre egitea eta izu arinaren gozamena uztartzeko aukera eskaintzen diote.
Efektu praktikoen eta kreaturen diseinuaren aldeko apustua, eta 80ko hamarkadako esentzia gogora ekartzen dituen produkzioaren estiloa, nabarmenak dira filmaren lehen unetik. Horrek atmosfera nostalgikoa eta ukitu bereizgarria ematen dizkio, Steven Kostanskiren sinadura estilistikoa indartuz.
Pertsonaiak oso basikoak eta arketipoak dira –eta horrek ez du zertan txarra izan, tonua ikusita–, beraz zerbait sakonagoa bilatzen duten ikusleei filma nahiko kaskarra irudituko zaie.
Aitzitik, 80ko hamarkadako pulp dibertigarri baten espirituan murgiltzen bazara, filmak behar bezala asebeteko zaitu.
Ikuslearen gainerako sariak
Ikusleek beste hiru sail bozkatzeko aukera izaten dute; honakoak izan dira aurtengo irabazleak: Film Labur Onenaren Saria Fernando Alle portugaldarrak eraman du ‘Borbulha’ lanagatik; Animaziozko Film Labur Onena David Fidalgo-ren ‘Lucus’-entzat izan da; eta Estatu espainoleko Film Labur Onena: Alex Reyk zuzendutako ‘Pobre Marciano’.
Epaimahaiaren sariak
Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako epaimahaiak –Mery Cuesta, Gloria Fernandez eta Miquel Pastor– Film Labur Onenaren Epaimahaiaren Saria ‘Come Sit With Us’ filmari ematea erabaki du, «emakumearen sumisioa eta belaunaldiarteko bere garrantzia irudikatzeko duen ahalmen metaforikoagatik, eta generoko zinema kritika eta aldarrikapen soziala egiteko baliabide ona dela agerian uzteagatik».
Europako Fantasiazko Film Labur Onenaren Zilarrezko Méliès Saria aldiz ‘Mater Benefacta’ lanari eman zaio, «Estatu espainoleko historiaren pasarte gaitzesgarri bat erretratatzeko estetika eta hizkuntza doi batez baliatu eta ahanzturaren aurkako tresna gisa duen ahalmenagatik».
Gainerako sariak
Gainerako sariei dagokienez, Gazte Epaimahaiaren Saria Film Labur Onenari ‘El fantasma de la Quinta’ (2025) filmarentzat izan da, James A. Castillok zuzendua.
Syfy Saria Estatuko Film Labur Onenari ‘Depredador’-entzat (2024) da, Javier Fesserrena. EITB Saria Euskal Film Labur Onenari ‘Olentzerori eskatu nion’-entzat (2025) da, Amaia San Sebastianena. Eta, azkenik, Blogos de Oro Saria Film Luze Onenari ‘Silencio’ (2025) filmak eskuratu du, Eduardo Casanovak zuzendua.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

