NAIZ

Haurtzaroaren aldeko manifestua kaleratu du Oinherrik Haurtzaroaren Nazioarteko Egunean

Oinherri Elkarteak Haurtzaroaren Nazioarteko eguna aprobetxatu du haurtzaroaren aldeko manifestua kaleratzeko. Bertan jasotzen diren ideiekin bat egiten duen oro batzeko gonbidapena egin du. Haurra komunitatearentzat jakintza eta trebetasun esanguratsuak dituen subjektua dela aldarrikatu du.

Gure Haurrak ere Badira ekimenaren manifestazioa, iragan urrian Bilbon. Milaka zapata jarri zituzten Palestinan hiltzen ari diren haurren omenez.
Gure Haurrak ere Badira ekimenaren manifestazioa, iragan urrian Bilbon. Milaka zapata jarri zituzten Palestinan hiltzen ari diren haurren omenez. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Haurtzaroa historikoki eta kulturalki etengabe aldatzen den eraikuntza soziala da. Gaur egun, bi iruditegiren artean kokatzen da: bata, tradizionala, mendekotasuna nabarmentzen duena; bertzea, garaikidea, haurren eskubideak eta erantzukizunak aitortzen dituena. Lehenengoaren ondorio nabarmena da egun haurrak gehiegi babesteko eta kontrolatzeko joera. Bigarrenak, aldiz, haurrak gaitasundun eta eskubidedun subjektu bilakatzen ditu. Paradigma berri horrekin bat egiten du Oinherrik, «haurra subjektu politiko soziala delako orain eta hemen, ez etorkizunean soilik».

Herri hezitzailearen filosofia eta praktika Euskal Herri osora hedatzeko lanean ari den elkartea da Oinherri, eta haurra komunitatearentzat jakintza eta trebetasun esanguratsuak dituen subjektua dela aldarrikatu nahi du. Ondorioz, bere parte-hartzea komunitatearen eguneroko erabakietan txertatzea dagokigula defendatzen du.

Helduzentrismoa zalantzan jarri

Parte-hartze hori haurtzaroaren ezaugarrietara egokitzeko giltza topatu nahi du Oinherrik, haurrek mundua ulertzeko eta bizitzeko modu propioak dituztelako. «Helburuak, beraz, ezin du izan haurrak helduon moduetan parte hartzen jartzea, baizik eta helduak haurren kulturaz jabetzea. Horrek, halabeharrez, helduzentrismoa interpelatzera garamatza. Haurrekin benetako parte-hartzea sustatzea nahi badugu, desikaste prozesu bat eskatzen digu, besteak beste, heldu moduan jendarte honetan gorpuzten dugun botereaz kontzientzia hartzeko, helduzentrismoa zalantzan jartzeko eta sor ditzakegun zapalkuntza egoerak identifikatzeko», gogoeta egin du.

Haurrak adina haurtzaro existitzen direla ere aldarrikatu nahi du, haurtzaroa ere aldagai ezberdinek zeharkatzen dutelako, besteak beste, jatorriak, klase sozialak, generoak eta desgaitasunak. «Haurtzaro horien guztien oinarrizko beharrak asetzea bermatuko duten eta denak aske bizitzeko aukera izango duten herria izan nahi dugu», azpimarratu du.

Haurtzaroaren garapen on bat eman dadin ezinbestekoak diren lau aldagai kontuan hartu nahi dituzte herri moduan: «Herria haurren jolaserako espazio bihurtzea, non jolasteko denbora ahalbidetuko den; haurren autonomia sustatzea; elkar topatzeko espazioak eraikitzea; eta birnaturalizazioan sakontzea.

Eskubideak

Eskubideak 54 badira ere, Oinherrik honako hamarrak ekarri ditu: diskriminaziorik eza; haur desgaituen eskubideak; iritzia emateko eta entzunak izateko eskubidea; norbere gaitasunak eta nortasuna ahalik eta gehien garatzera bideratutako hezkuntza jasotzeko eskubidea, baita giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak errespetatzen ikasteko hezkuntza ere; elkartzeko eskubidea; lan arriskutsuaren eta lan esplotazioaren aurkako babesa; jolaserako eta atsedenerako eskubidea; intimitaterako eskubidea; indarberritzeko eta gizarteratzeko eskubidea; eta egunerokoan gurasoen edota arduradunen arreta jasotzeko eskubidea.

Oinherri proiektuari buruzko informazio gehiago nahi duenak www.oinherri.eus helbidean du horretarako aukera.