
Abenduaren 27an musikariz, kulturgilez eta aldarrikapenez beteko da Bilbao Arena, Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako ekitaldian. Ostiral honetan iragarri dutenez, «hamarkadatan euskararen taupadaren parte izan diren kantuak ekarriko dituzte Euskal Herri osoko eta beladunaldi ezberdinetako bederatzi musikarik, ‘Euskararen soinu-banda’ eratuz».
Honela, bizkaitar hiriburuan Gorka Urbizu, Anari, Gontzal Mendibil, Amets Aranguren, Joseba Tapia, Maia Iribarne, Benizze, Miren Narbaiza eta Flako Fonki egonen direla aurreratu dute. Era berean, Ramon Agirre, Itziar Ituño, Miren Gaztañaga eta Edurne Azkarate aktoreek eta Sustrai Colina eta Ane Labaka bertsolariek ere parte hartuko dute artistikoki Oier Guillan antzerkigileak gidatuko duen ekitaldian.
«Euskaltzaleak batzea eta elkarrekin euskarak behar duen pizkunde berrirako txinparta piztea» dela ekitaldiaren jomuga gogorarazi du Kontseiluak.
Hiru arrazoi
Hiru arrazoi eman ditu horretarako. Lehena, «euskaltzaleon indar eta batasunaren erakustaldi bat egitea». «Euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi dugun larrialdi linguistikoaren aurrean, zain gelditu baino, ekimen eta ilusio berrituak sortzea. Etsipenean jausi beharrean, euskaraz bizi nahi dugula adierazi, elkarrekin arnasa hartu, eta euskarari etorkizuna emateko prest gaudela erakustea».
Bestetik, «euskal jendarte osoari mezu argi bat helaraztea» da bigarren arrazoia. «Egiturazko minorizazioan dagoen euskararen normalizazioa eta biziberritzea guztion ardura da, gizarte berdintasunarekin, justiziarekin eta askatasunarekin lotutako beste auzi asko bezala».
Eta, azkenik, «hizkuntza-politiketan ezinbestekoa eta premiazkoa den jauzi sendo bat bultzatzea». «Eragile instituzional, politiko, ekonomiko, kultural eta sozial guztiei, bakoitzaren erantzukizun eta erabakimenaren arabera, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioaren eta erabilera normalerako baldintzen alde egin dezatela eskatzea».
Ekitaldirako sarrerak 10 euroko ekarpen ekonomikoaren truk eskuratu daitezke Pizkundea webgunean. Jasotako dirua osotasunean artisten lana ordaintzera eta ekitaldiaren gastuen zati bat estaltzera bideratuko da. «Ekitaldiaren helburua ahalik eta euskaltzale konprometitu gehien batzea eta euskaltzaletasunaren indarra erakustea» dela gogorarazi du Kontseiluak. «Horrexegatik, sarrera hartzen duten guztiei bertaratzeko» eskatzen die, «eta joaterik ez dutenei, beste pertsona bati emateko».

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

Matan al exlíder nacionalista corso Alain Orsoni en el funeral de su madre

El PNV defiende a Imaz y el PP lo elogia tras doblegarse ante Trump y una pintada en Zumarraga

Guardia Zibilak Altsasuko gaztetxearen eta Udalaren aurka egin du, zazpi kontzertu aitzaki


