Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

60 eragile eta norbanakok baino gehiagok babestu dute Ikamaren abenduaren 11ko greba deialdia

Abenduaren 11n ikasle greba deitua du Ikamak, euskararen aurkako oldarraldiari hezkuntzaren alorretik aurre egiteko asmoz. Mobilizazioen atarian, atxikimendu ugari jaso dituztela iragarri dute, 60 norbanako eta eragile baino gehiagorenak, hain zuzen ere.

Ikamak agerraldia egin du Bilbon.
Ikamak agerraldia egin du Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Abenduaren 11n egitekoak diren grebaren atarian, Ikamak agerraldia egin du Bilbon. Azaldu dute 60tik gora direla deialdia babestu duten eragile zein norbanakoak; tartean daude LAB, Ernai, Euskal Herrian Euskaraz, Bilgune Feminista, Sortu eta Guka.

Aimar Loiti eta Garazi Ubiria bozeramaileek adierazi dutenez, «euskara larrialdi betean dago». Horrela, Ikamak bat egin du euskalgintzaren inguruko eragileek hainbat urtez salatu izan dutenarekin. Izan ere, adierazi dute 60ko hamarkadan abiatutako susperraldi prozesua agortu dela eta, gainera, «atzeraldian sartzen» hasita gaudela. «Testuinguru honetan ulertu behar dugu azken hilabeteetan bizi dugun logika atzerakoia duen eta forma judizial, mediatiko zein soziopolitikoa hartu duen euskararen aurkako oldarraldia», azpimarratu dute.

Horren aurrean, «oldarralditik indarraldira» pasatzeko ezinbestekotzat jo dute ikasleriaren bultzada. Azaldu dute hezkuntzak hizkuntzaren biziberritzean «ezinbesteko papera jokatzen» duela. Horrela, salatu dute gaur egun indarrean dagoen eredua agortuta dagoela, ez baita gai «kualitatiboko euskararen gaitasun maila egokia bermatzeko». Gaineratu dutenez, «erabilera handitzeko eginkizunean ez du herri honek behar duen jauzirako ekarpenik egin».

Jakitun dira Euskal Herriako eremu administratibo bakoitzean egoera desberdina dela. Hala ere, azpimarratu dute euskara ofiziala den eremuetan ere ez dela euskararen normalizazioa bermatzen.

Egoerari aurre egiteko asmo irmoa agertu du Ikamak: «Hizkuntza baten etorkizuna hezkuntzatik sortu eta mantentzen da, eta guri dagokigu eremu honetan euskara eskubide gisa aldarrikatzea». Horrela, aurreko belaunaldiei lekukoa hartzeko prest daudela argi utzi nahi izan dute ikasleek.

«Gure hizkuntza politiketan, gure hezkuntzan eta gure herrian erabakitzerik ez badugu, ez dago euskararen biziraupenik», berretsi dute. Horregatik, azpimarratu dute ezinbestekoa dela Euskal Herriak Estatu propioa izatea, «espainiar eta frantziar markoetatik at euskal hezkuntza euskaldun propioa» izateko.

Euskal gazteria «herri pizkunde batek sustengatzen duen elementu fusionatzailea izango» dela eta da, abenduaren 11 mugarri gisa aurkeztu dute. Horregatik, 12.00etan Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu dute.