Agustina Otaola raketista errenteriarra zendu da; astelehenean 99 urte beteko zituen

Errenteriako raketistak 15 urte zituela hasi eta 41era bitartean jokatu zuen Madril, Bartzelona, Kuba eta Mexikoko pilotalekuetan. Raketisten munduak ez du inoiz ahaztuko, ezta bere herriko pilotalekura doazenek, bere izena baitarama.

Agustina Otaola, 2015eko uztailean, Errenteriako pilotalekuari bere izena eman zitzaion egunean.
Agustina Otaola, 2015eko uztailean, Errenteriako pilotalekuari bere izena eman zitzaion egunean. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Agustina Otaola Zapiain zendu da, 99 urte betetzeko egun gutxi falta zitzaizkionean –astelehenean bete behar zituen–. Errenteriako raketistak 15 urte zituela hasi eta 41era bitartean jokatu zuen Madril, Bartzelona, Kuba eta Mexikoko pilotalekuetan. Raketisten munduak ez du inoiz ahaztuko.

Gaur egun, bere herriko Fanderia auzoan dagoen pilotalekuak bere izena darama: Agustina Otaola. Duela hamar urte –2015eko uztailaren 23an, Madalenak jaietan– jarri zitzaion izena eta emakume baten omenez jartzen zen lehena izan zen. «Pilotalekuak nire izena eramateak harrotu egiten nau», adierazi zuen orduan Otaolak.

2015eko urrian, Amagoia Mujikak Gaur8-ko erreportaje berezi honetan bildu zituen Otaola eta beste lau emakume kirolari profesionalen ibilbideak: Soroa, Asteasu, Emili eta Txikita de Aizarna.

Erreportajean biltzen den moduan, Agustina Otaola lehen emakume pilotarien ondorengoa da. «Nire izeba izan zen kantxa bat zapaldu zuen lehen emakumea, 13 urte zituela. Guztira nire lau izeba aritu ziren raketista, lehenengoak izan ziren. Nik anaiarekin jokatzen nuen, eskuz oso ondo jokatzen zuen hark eta harekin entrenatzen nuen. Enpresario bat etorri zen neska batzuk entrenatzera eta ni ere tartean izan nintzen, nire izebek hala eskatuta. Eta horrelaxe joan nintzen Madrila, izeben etxera. Pilotaria izatea gustatzen zitzaidan, baina ez zitzaidan batere gustatzen etxetik urrun joan beharra. 14 urte nituen, sekula ez nintzen herritik atera eta ez zen erraza izan. 1942ko otsailean debutatu nuen, 15 urte egin berri».

Agustina 1967 bitartean aritu zen pilotan, ibilbide distiratsua marraztuz. Bere sakea famatua izan zen Madrilgo eta Bartzelonako frontoietan. Habanara ere joan zen 1957. urtean, Habana-Madrid frontoian jokatzeko fitxatu zutelako. Baina, Kubako giro politikoa gori-gori zegoenez, espero baino lehenago bueltatu zen.

Erakustaldiak

1980. urtean itxi zen Fronton Madrid, raketisten azken pilotalekua, aurreko hamarkadetan arrakasta itzela izan zuen mugimenduari amaiera emanez. Pentsa, 1943. urteko estatistika baten arabera, pilota jokamolde guztietako 1.432 pilotari profesional ziren, eta horietatik erdiak baino gehiago, 734 zehazki, emakume raketistak ziren. Hala ere, inork gutxik du emakume aitzindari haiek egindakoaren berri.

Isiltasun eta ezjakintasun horrekin amaitzeko Jon Juanesek eta Ainhoa Palomok gidatzen duten Raketistak Lehen eta Orain Kultur Kirol Elkarteak zenbait ekintza egin ditu azken urteetan, eta horietako bat izan zen 2016an, Errenterian, 36 urte igaro ostean, raketisten artean egindako partida, Jon Ormazabalek erreportaje honetan jaso zuen moduan.

Orduan Agustina Otaola zen bizirik jarraitzen zuen bakarra eta bere izena daraman pilotalekuan jokatu zuten, Madalena festen barruan, Amaia Irazustabarrena-Nagore Martin / Susana Muneta-Maria Saez.