
Futbolzaleak inoiz ez datoz bat. Zer da hobe, Ligan emaitza txar bat jaso ostean, hurrengo neurketa ahalik eta azkarren iristea edo egun batzuk pasatzen uztea ideiak argitzeko eta zerotik hasteko?
Kirol honek, beste askok bezala, eztabaida ugari pizten ditu. Argi dagoena da astearte honetan lehiatuko diren Lehen Mailako bi taldeak, Alaves eta Osasuna, poztasun baten faltan direla. Gasteiztarrek oso lan txukuna egin zuten larunbatean Camp Nou zelai berrian, nahiz eta Barçaren kontra 3-1 galdu; eta iruindarrek 2-0ekoa berdintzea lortu zuten Mallorcan. Hala ere, ez daude festarako eta Kopa Ligako zauriak sendatzeko erabil lezakete.
Itxuragatik agian ez, baina emaitzengatik bereziki, Alavesek beharra du garaipena ospatzeko. Derbi bikoitza du aste honetan: astearte honetan, La Florida zelaian, Portugaleteren aurka (19.00) eta larunbatean Mendizorrotzan Realaren kontra.
Kopako lehen kanporaketan 0-7 irabazi zuten babazorroek beste derbi batean, Getxon. Baina gaur aurrean izango duten aurkaria ez da edonolakoa. Izan ere, Portugalete moralez gainezka iritsiko da hitzordu honetara. Aurreko kanporaketan Bigarren Mailako Valladolid kanporatu zuten bizkaitarrek, eta bihar Lehen Mailako aurkaria izango dute aurrean.
Maila honetako bosgarren aurkaria izango du Portugaletek bere historian, lehenago Unai Emeryk zuzendutako Valentzia –1-4 galdu zuen 'Portuk'–, Getafe –kanporatuta geratu zen, 1-1 joanekoan eta 0-0 itzulerakoan–, Betis –0-3 galdu zuen– eta Levanteren –0-2 galdu– aurka lehiatu ostean. Beraz, esperientzia falta ez dute izango, zentzu horretan.
Gainera, 3. Federazioko mailako liderrak dira, bigarrena den Errenteriako Touringi zazpi puntuko aldea ateraz, eta horrek «lasai eta konfiantzarekin» jokatzeko lagunduko diela aitortu du egun hauetan Pedro Belar jokalariak. Bestalde, Mikel Ortiz de Urbina, Alaveseko bazkidea dena, «ilusio handiarekin» dagoela aitortu baina irabaztera aterako direla azpimarratu du.
Osasuna, «tranpa» ekidin nahian
Eta zer esan Osasunaren inguruan? Mallorcan markagailuan 2-0 atzetik zihoazen gorritxoak 82. minutuan, baina dena galtzeko zutela ikusi zutenean, partida berdintzea lortu zuten. Iruindarrak ez daude erlaxatzeko, jaitsiera postuan dagoen Gironarekin berdinduta baitaude.
Gauzak hala, Alessio Liscik buelta ugari emango zizkion buruari Ebroren aurkako Kopako partidari begira. Italiarrak oso argi adierazi du prentsaurrekoan «oso mentalizatuta» egon behar dutela «partida tranpa» bat ez izateko. Hasteko, 22 jokalariko deialditik kanpo utzi ditu Moncayola, Aimar, Valentin Rosier eta Iker Benito. Hauen ordez sartu dira harrobiko Pedroarena, Arroyo, Arguibide, Mikel Serrano eta AlyKall.
Nafarrek ez zuten arazo handiegirik izan Sant Jordi kanporatzeko (0-5) eta Raul Garcia de Harok hiru gol sartu zituen, gol usaina duela argi utziz. Hamaikakoan egotea entrenatzailearen erabakia izango da, baina aurrelariak aukera handia du jokatzeko.
Ebro, aldiz, 2. Federazioko taldea da eta aski sufrituta lortu zuen kanporaketa honetarako sailkapena. Izan ere, etxean, 1-1 amaitu zuen Tarazonaren aurka, baina penaltietan 4-3 gailendu eta beste aukera baten bila zelairatuko dira jokalariak.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Robe Iniesta, el poder del arte

‘Xiberutikan Mendebaldera’ ZETAKen abestiak jarriko dio doinua 24. Korrikari

