NAIZ

‘Ezin da gehiago luzatu, etxera kantuz’ topaketa nazionala antolatu du Sarek Durangon 7an

Igande honetan, abenduak 7, bigarren ‘Etxera Kantuz’ topaketa herrikoia egingo du Sarek Durangoko Azokaren kanpoaldean, Landakon, ‘Ezin da gehiago luzatu’ dinamikaren baitan. 11.30ean hamaiketakoa hartuko dute, eta 12.00etan hasiera ekitaldia izango da Xiberoots, Unai Iturriaga eta Bego Atxarekin.

Lehendabiziko ‘Etxera Kantuz’ topaketa, iazko Durangoko Azokan.
Lehendabiziko ‘Etxera Kantuz’ topaketa, iazko Durangoko Azokan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Sarek bigarren ‘Etxera Kantuz’ herri topaketa antolatu du Durangon. Igande honetan izango da, abenduaren 7an, Landakon, Durangoko Azokaren kanpoaldean. 11.30ean hamaiketakoa hartuko dute eta 12.00etan hasiko da ekitaldia. ‘Ezin da gehiago luzatu’ dinamikaren baitan egingo da. Ekimen horrek euskal preso, iheslari eta deportatuek pairatzen dituzten salbuespen egoerak salatu eta gatazkak eragin dituen ondorio guztiei aterabidea eskatzea du helburu. Eta bakea, elkarbizitza eta konponbidearen behin betiko agertokia aldarrikatzea ere bai.

Bide batez, konponbidea, bakea eta elkarbizitza lema gisa hartuta urtarrilaren 10ean, 17.00etan Bilboko La Casillatik abiatuko den manifestazio nazionalerako motorrak berotzeko balioko du topaketak.

Ekimena Landakon hasiko da, ekitaldi xume batekin. Bertan izango da Xiberoots taldearen emanaldia formatu akustikoan, Unai Iturriagak hainbat kulturgilek sinatutako adierazpena irakurriko du eta, azkenik, Bego Atxak hartuko du hitza.

Ondoren, Kantuz-ari ekingo diote Landako gunetik abiatu eta alde zaharrerako bidean hainbat geldialdi eginez.

Kultur eremutik ere bai

Bigarren urtez jarraian antolatu du Sarek Kantuz topaketa hau Durangoko Azokaren testuinguruan, uste baitu kultur eremutik ere euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidean eta elkarbizitza agertokietara jauzi egiteko norabidean urratsak egin
daitezkeela.

Kantuz talde eta zale norbanakoei deialdia luzatu diete kantua eta aldarrikapena uztartuko dituen ekimen herritarrean parte hartzeko.