NAIZ

Pradalesek Parisen aurka jo du AHTaren lotura ez egiteagatik: «Aukera paregabea galtzen ari da»

Imanol Pradalesek Bordelera egindako bidaia aprobetxatu du frantziar Gobernuaren aurka jotzeko AHTaren lotunea aurrera ez eramateagatik. «Alferrik galtzen ari da aukera paregabea», nabarmendu du lehendakariak, eta presioa mantendu behar dela ohartarazi.

Alain Rousset eta Imanol Pradales, Bordelen egindako agerraldian.
Alain Rousset eta Imanol Pradales, Bordelen egindako agerraldian. (IREKIA)

Imanol Pradales lehendakariak prentsaurrekoa eskaini du astearte honetan Bordelen Alain Rousset Akitania Berriko presidentearekin batera. Agerraldian, François Bausch korridore atlantikorako koordinatzaile europarrarekin astelehenean izandako bileraren nondik norakoak azaldu dituzte, eta Lakuako Gobernuaren buruak gogor jo du Parisen aurka AHTaren lotura epe laburrean aurrera ez eramateagatik: «Alferrik galtzen ari da aukera paregabea».

Pradalesek azaldu duenez, estatuei presioa egiteko unea da Paris-Madril-Lisboa korridorea aurrera eramateko. Izan ere, «berebiziko garrantzia» du Euskal Herriaren eraldaketa industrial eta ekonomikorako, baita Europaren berrindustrializaziorako ere. «Ez da edozein une», baizik eta «erabaki handien eta erabaki horietan egoteko unea». «Gure etorkizuna dugu jokoan, eta eztabaida eta erabaki horien parte izan behar dugu», gaineratu du.

Ildo horretan, Akitania Berriak eta EAEk «Europako Batzordearen eskutik lanean eta elkarlanean jarraituko» dutela adierazi du, «unea aprobetxatu behar delako».

Hiru konpromiso

Bestetik, Pradalesek azaldu duenez, atzoko bileran François Bausch Europako koordinatzaileak hiru konpromiso hartu zituen. Lehena da datorren astean frantziar ministroari bileraren ondorioak helaraziko dizkiola.

Gainera, udaberrian, Tsitsikostas komisarioaren esta espainiar eta frantziar ministroen arteko goi bilera egingo dela Euskal Herrian, Lapurdi eta Gipuzkoako mugan. Bertan izango dira ere Pradales eta Rousset. Eta irailean lan jardunaldi bat egingo dute Bilbon, Europar Batasunean konexio eta mugikortasun proiektu estrategikoak bultzatzeko HSR funtsen inguruan. 

Beraz, Imanol Pradalesen ustez, atzoko bilera «beste urrats bat» izan zen. «Europako Batzordearen eskutik jarraituko dugu, estatuak presionatzen eta bultzatzen, egin behar dutena egin dezaten. Ezin dugu denborarik galdu. Europak ezin du itxaron, eta Ardatz Atlantikoak ere ez. Euskadiren lehiakortasuna, neurri batean, estrategia horretatik igarotzen da», azpimarratu zuen.