NAIZ

Euskararen balioa eta etorkizuna nabarmendu dituzte Lakua eta Nafarroako gobernuek

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Lakua zein Nafarroako gobernuek euskararen balioa eta etorkizuna nabarmendu dituzte, hizkuntza bizia, erabilgarria eta nortasun ikur gisa aldarrikatuz. Bakoitza bere adierazpen propioarekin, bi erakundeek bat egin dute euskararen sustapenean.

Euskararen Eguneko ekitaldia Ajuria Enean, ‘Euskara zugan, nigan, gugan’ lelopean.
Euskararen Eguneko ekitaldia Ajuria Enean, ‘Euskara zugan, nigan, gugan’ lelopean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Gobernuak, hiru foru aldundiak, Eudel eta Uema bat etorri dira aurten ere Euskararen Nazioarteko Eguneko manifestuarekin. ‘Euskara nigan, zugan, gugan’ lelopean Ajuria Enea jauregiaren ondoan kokatutako Elkargunea espazioan egin da ekitaldia eta herritarrei gonbidapena egin diete «euskararen argia pizteko eta euskaraz hitz egiteko hautua desiotik egiteko».

Imanol Pradales lehendakaria izan da ekitaldiaren buru, eta Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, hiru foru aldundietako ordezkariak, Andres Urrutia euskaltzainburua eta euskararen eta euskal gizartearen arloko beste kide batzuk izan dira. Kultur-performance modura egin da aurtengo manifestuaren irakurketa, herriaren aniztasuna ordezkatzen duten 10 pertsonen artean irakurri da, antzezpen baten barruan. Antzezpenean musika, dantza eta irakurketa uztartu dira, bertaratutako ia 200 lagunen aurrean.

Euskararen biziberritzearen prozesuan datozen hamarkadetako oinarri eta printzipioak definitzearen «herri erronka estrategikoa» aipatu du Pradales lehendakariak. Horrela, manifestuan, erakundeek «indarrak batzeko» deia egin dute, «euskara biziberritzeko prozesuari segurtasuna emateko eta urrats berri eta ausartak emateko».

«Euskararen erabilera eta transmisioa bermatuko duten bide berriak aztertzeko unea iritsi da»

«Euskararen erabilera eta transmisioa bermatuko duten bide berriak aztertzeko unea iritsi da. Espazio seguruak sortzeko unea, bai banakoetatik bai erakundeetatik, aisialdian zein lanean euskaraz komunikatu ahal izateko. Belaunaldi berrien artean euskararen transmisioa indartzeko unea», dio adierazpenak.

Pradalesek «euskarara hurbiltzen den pertsona bakoitza» hartzeko eta baloratzeko deia egin die euskaldunei. Euskara menperatzen ez dutenei edo euskaratik «urrun» sentitzen direnei zuzendu zaie Bengoetxea sailburua, eta euskara haiena ere badela adierazi die, «pertsona guztiengan dagoelako, baita oraindik ezagutzen ez dutenengan ere».

«XXI. mendeko Nafarroaren nortasun ikurra»

Nafarroan, Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Euskarako kontseilari Ana Ollok euskara «XXI. mendeko Nafarroa eleanitza, irekia, askotarikoa, modernoa eta berritzailearen nortasun ikurra» dela nabarmendu du.

Zabaldutako bideo baten bidez, Ollo lehendakariordeak egun honen ospakizuna aprobetxatu du nafar hizkuntza honen balioa nabarmentzeko, «mendeetan zehar eta lurralde txiki honetan egungoa bezalako mundu aldakor batean, berezko hizkuntza batek -Lingua Navarrorum- denboran zehar iraun izana harro egoteko modukoa baita».

Halaber, azpimarratu du «euskarak oraina sendoa eta etorkizuna itxaropentsua» duela, «datu soziolinguistikoak eta aurrematrikulak ikusita; datu horien arabera, Nafarroako lau gaztetik batek ezagutzen baitu euskara».

Nafarroako Gobernuak hizkuntzaren eta euskararen sustapenaren aldeko apustua egiten jarraituko duela azpimarratu nahi izan du Ollok, gizarte eta lurralde kohesioaren ikuspegitik, elkarbizitzarako balio gisa, eta hori beste erakunde eta entitate batzuen eskutik egin nahi duela gobernuak, hala nola «tokikoen eskutik; euskara gaur dagoen tokian egon dadin hainbeste egin duen gizarte zibilari lagunduz».

Ipar Euskal Herrian, Baionan, Euskal Konfederazioak deituta hainbat eragile batu dira Euskararen Erakunde Publikoak aurki egingo duen bileran aztergai izango duen aurrekontua «euskarak behar duenaren heinekoa izan dadin» eskatzeko, Kazeta.eus-ek jaso duenez.