NAIZ

Venezuelaren aurkako «eraso inperialista» salatzeko mobilizazioak iragarri ditu Askapenak

Askapenak mobilizazioak deitu ditu aste honetan Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta Durangon, Venezuelaren aurkako «eraso inperialista» salatzeko eta herri venezuelarrari babesa adierazteko. Erakundeak gogorarazi du erasoa ez dela berria eta prozesu bolivartarraren kontrako ofentsiba areagotu dela.

Askapenak antolatutako Venezuelaren aldeko kontzentrazio baten artxiboko argazkia.
Askapenak antolatutako Venezuelaren aldeko kontzentrazio baten artxiboko argazkia. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Askapena erakunde internazionalistak mobilizazioak egingo ditu aste honetan Venezuelaren aurkako «eraso inperialista» salatzeko eta herri venezuelarrari elkartasuna adierazteko. Deialdiak hiru egunetan banatuko dira: abenduaren 4an, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean; abenduaren 5ean, Donostian; eta abenduaren 6an, Durangon.

Askapenaren arabera, «Venezuelaren aurkako erasoa ez da berria; gertatutakoa aspalditik jasaten ari diren ofentsibaren areagotzea baino ez da». Antolakundeak gogorarazi du Venezuelako herriak jasandako erasoen jatorria Hugo Chavez presidente bihurtu zen garaira atzera egiten duela, eta ordutik «etengabeak izan direla jasotako erasoak».

Antolakunde internazionalistak azpimarratu duenez, bi hamarkadatan zehar «prozesu bolivartarra suntsitzeko saiakerak zenbatezinak» izan dira. Horien artean kokatu ditu Estatu kolpeak, presidenteen hilketa saiakerak, kanpotik babestutako matxinadak, talde paramilitarren sarrerak, sabotaje ekonomiko eta infrastrukturaren kontrako ekintzak, kale indarkeria eta «guarimbak», migrazioaren erabilera interesatua, gerra finantzarioa, zein «kapitalaren zerbitzupeko desinformazio medioek garatutako gerra mediatikoa». Horri guztiari gehitu dio gobernu eta GKE batzuen diskurtsoak ere eraso estrategia horretan kokatzen direla.

Hala eta guztiz ere, Askapenaren iritziz, inperialismoak ez du bere xedea lortu: «Azken hauteskundeetan chavismoa garaile aterata,Venezuelako eskuina gero eta ahulago egonda eta eragiteko gaitasuna gero eta mugatuagoa izanda, alboko Estatuekin harremanak onera ekarrita eta Venezuelako ekonomia gradualki hobetuta, eraso kategoria berri batera eraman nahi dute chavismoaren kontrako ofentsiba».

Bestalde, Askapenak gogorarazi du ez direla berriak interbentzio militarra justifikatzeko baliatzen diren aitzakiak. Horren adibidetzat jarri du Corina Machado politikari ultraeskuindarrari Bakearen Nobel Saria ematearen instrumentalizazioa, «Maduroren Gobernuari zilegitasuna kentzeko saiakera» gisa ulertuta.

Euskal Herritik, antolakunde internazionalistak elkartasun osoa helarazi dio herri venezuelarrari. Alabaina, salaketa ere bada mezuaren parte: «Inposatu diguten Europar Batasuna gerrazalea prozesu bolivartarraren etsai amorratua da», eta Estatu Batuen interesei lotuta ageri dela gogorarazi dute.

Horrez gain, Askapenak kritikatu ditu Euskal Herriko eragile, alderdi eta hedabide batzuk, Venezuelako prozesua «desitxuratzen» dutela iritzita. Haien esanetan, diskurtso faltsuen bidez prozesuaren aurrerapenak ezkutatu eta herri venezuelarrari ezarritako setioaren ondorioak manipulatu egiten dira, «deskonposizioan eta autoritarismoan itotako Estatu baten irudia» zabaldu nahian.

Azkenik, antolakundeak gogorarazi du mobilizazio guztiek helburu bakarra dutela: herri venezuelarraren autodeterminazio eskubidea defendatzea eta kanpoko esku-hartze oro salatzea. Hori dela eta, berriz azpimarratu dute mobilizazioen deialdia: abenduaren 4an Bilbon (Arriagan, 19:00etan), Gasteizen (Korreosen aurrean, 19:30ean) eta Iruñean (Udaletxe plazan, 18:00etan); abenduaren 5ean Donostian (Bulebarrean, 19:00etan); eta abenduaren 6an Durangon (Santa Ana plaza, 14:30ean, EHEren manifestazioaren ostean), azken ekitaldi bereziarekin eta elkartasun argazkiarekin.