NAIZ
Iruñea

Iruñera heldu da Mikel Zabalzaren historia jasotzen duen autobusa, torturaren lekukoa

Igandera arte Iruñean izango da Mikel Zabalzaren historia jasotzen duen erakusketa. Autobus baten barruan zenbait testigantza aurkitu daitezke Orbaitzetako gaztearen kasua ezagutzeko. Izan ere, duela 40 urte Guardia Zibilak atxilotu eta heriotzaraino torturatu zuen Intxaurrondon. 

Autobusa, Takonerako basotxoan.
Autobusa, Takonerako basotxoan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Guardia Zibilak Mikel Zabalza atxilotu zuen 1985eko azaroaren 26an eta hogei egun geroago Bidasoa ibaian agertu zen bere gorpua. Berrogei urte geroago, Iruñera heldu da Orbaitzetako gaztearen historia jasotzen duen autobusa. Igandera arte egongo da ikusgai Takonerako basotxoan.  

Ostegun honetan izandako ekitaldian egon dira Torturatuen Sareko kideak eta Zabalzaren familia bera, baita Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Memoria kontseilaria, Geroa Baiko eta EH Bilduko ordezkariak eta LAB, ELA eta Steilas sindikatuetakoak ere. 

Mikel Soto Torturatuen Sareko kideak gonbidapena luzatu die herritarrei erakusketa ikusteko. «Mikel Zabalzaren kasua baita Nafarroako tortura kasurik ezagunena, eta bertan elkartzen dira, nolabait, Nafarroan torturatuek jasan ditugun bidegabekeria guztiak, errekonozimendurik eza, justiziarik eza eta zigorgabetasuna», adierazi du.  

Espainiar Estatuak Zabalzaren auziko dokumentuak desklasifikatzea espero ote duten galdetu diotenean, Sotok aitortu du «familia ilusionatuta» dagoela, baina «gizarteak emandako pausoengatik». 

«Estatuaren aldetik egia da eman diren pausoak gutxi direla. Itxaropena, ez dugu galduko eta mobilizazioa da gure ustez egoera aldatuko duena. Behin baino gehiagotan aipatu dugu erabateko negazionismoaren garaia amaitu dela», gaineratu du. Beraz, «itxaropena» dute, nahiz eta «kontziente» izan ez dela «berehalakoa» izango. 

Ana Ollo kontseilariak gogorarazi du Nafarroako Gobernuak aitortu zuela Zabalza torturen biktima izan zela, eta azpimarratu du familiak egia eta justizia behar duela. «Mikelen espedientearen kasua Sekretu Ofizialen Legearen mende dago, eta lege hori aldatu beharko litzateke», aldarrikatu du.

«Franco jeneralak sinatutako legea da, lege frankista bat da eta, gainera, Batzorde Militarrari espedienteak irekitzeko ahalmena ematen die. Nekez egin ahal izango dugu aurrera hori aldatu ezean».