
Ernaiko 100 militante inguru batu dira astearte honetan Deustuko frontoian azken asteetan burututako ekintzak aldarrikatzeko eta euskal gazteriaren kriminalizazioa salatzeko.
Ribabellosako Osborneko zezenaren adarrak, Igeldon militar karlista baten omenez zegoen gurutzea, Gasteizko alkate frankistaren izena duen kalearen plaka eta Euskal Herriko zenbait eraikin publikotako espainiar banderak kendu edo eraitsi eta Durangoko Santa Ana plazan aurkeztu zituen Ernaik, larunbatean, 1978ko Konstituzio espainolaren egunean hain zuzen. Ekintza hauek nahiko zalaparta sortu dute, eta espainiar eta eskuineko alderdiek ez ezik, EAJk ere Ernairen kontra egin du azken egunetan.
Gaurko prentsaurrekoan, ekintza hauek «Euskal Herriaren ukapena salatu eta independentziaren aldarrikapena eztabaida publikoan kokatzeko helburua zutela» argitu du Ernaik.
«Ez lerratza, lerratzea da»
Izan ere, Euskal Herria «bidegurutze batean» aurkitzen dela ohartarazi du. «Eskuin muturraren eta faxismoaren erasoaldia bizi dugu mundu osoan, espainiar zein frantziar estatuetan, eta, ondorioz, baita Euskal Herrian ere. Krisi anitzak bizi ditugu; krisi ekonomikoa ekosoziala, gerrak... Eta guzti horren aurrean, Euskal Herriak ez du burujabetza maila nahikorik. Horrek gure herriaren biziraupena bera kolokan jartzen du. Herri gisa ukatuak eta belaunaldi gisa muturreko egoera baten aurrean aurkitzen gara», azaldu du Amaiur Egurrola bozeramaileak.
«Faxismoari aurre egin, gure herriaren askatasunaren alde borrokatu eta gazteon bizitza duinak defendatzea»
Testuinguru horretan, «ez lerratzea, lerratzea dela» nabarmendu du. «Duela hilabete gutxi Imanol Pradales EAEko lehendakariak ‘garai ilun’ gisa izendatutako garaiotan, ez dago erdibideko posizio posiblerik; bi aukera besterik ez daude: eskuin muturraren erasoaldira batu, Euskal Herria saldu eta ezberdintasun sozialak areagotu baino egiten ez duen eredu sozial eta ekonomikoa babestea, edo egoeraren jabe egin, arduraz jokatu eta urrats bat aurrera egitea. Bestela esanda, faxismoari aurre egin, gure herriaren askatasunaren alde borrokatu eta gazteon bizitza duinak defendatzea», aldarrikatu du gazte antolakundeak.
Kriminalizazioaren aurka
Zentzu horretan, «harrigarritzat» jo du «duela hilabete gutxi «garai ilunez» mintzo ziren berberak interes elektoral hutsengatik PP bezalako alderdi atzerakoi eta espainolista bat zilegiztatzeko eta ezker independentismoa higatzeko egiten ari diren eginahalak».

«Bizi ditugun garaiotan hura arduragabekeria izugarri da. Egunez egun, aho bizarrik gabe gure herria mehatxatu, gure hizkuntza mespretxatu, ilegalizazioak eskatu eta atxiloketak galdegiten dituztenen bidelagun bihurtu dira. Hain zuzen duela hilabete gutxi garai ilunetaz mintzo zirenak berdinak dira interes elektoralengatik herri hau saldu eta faxismoa elikatzeko prest daudenak. Interes alderdikoi hutsengatik, gazteria independentista kriminalizatu eta gure aurka operazio oso bat martxan jarri dutenak», azaldu du.
Hala ere, gazte independentistak ez direla «probokazioetan eta kriminalizazio kanpaina antzuetan» eroriko argi utzi du Egurrolak: «Erantzukizunez jokatzea dagokigu, garaiak begirada bakoitzaren zilbor eta interes alderdikoietatik altxatzea eta herri honen mesedetan jokatzea eskatzen du eta».
«Garai honek ardura eta borroka eskatzen ditu»
Horregatik, borrokan jarraitzeko deia luzatu dio Ernaik euskal gazteriari. «Garai honek ardura eta borroka eskatzen ditu, eta guk ez dugu hutsik egingo. Beraz, herri hau defendatu eta gazteon bizitza duinen alde lan egiteko prest gaude. Espainolismo ultra borrokatu eta faxismoari lekurik txikiena ere ez diogu utziko. Gure miseriaz aberasten direnen aurka borrokatuko dugu. Etxebizitza duinaren alde bultza egingo dugu. Eta, oro har, gure herria eta herriko gazteria defendatuko dugu», azpimarratu du Egurrolak.
Datozen asteetan 70 herri baino gehiagotan Independentzia Egunak ospatuko ditu Ernaik, eta apirilean Abadiñon Gazte Topagunea ospatuko duela iragarri du berriki. Gainera, ostegun honetan, abenduak 11, Ikamak deitutako ikasle greban mobilizatzeko deia ere egin du.

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba


