NAIZ

Zestoan indarkeria matxistaren aurrean elkartasuna adierazteagatik sei lagun epaituko dituzte

Zestoako sei pertsonei lau eta bost urte arteko kartzela zigorrak eskatzen dizkiete indarkeria matxistako kasu baten aurrean biktimari babesa adierazteagatik. Hala salatu du Zestoako Mugimendu Feministak, abenduaren 14rako, 13.00ean, herriko plazan deitutako elkarretaratze batera deituz.

A25ean Mugimendu Feministak Donostian egindako manifestazioa.
A25ean Mugimendu Feministak Donostian egindako manifestazioa. (Jon URBE | FOKU)

Zestoako Mugimendu Feministak jakinarazi eta salatu duenez, datorren abenduaren 16an herriko sei lagun epaituko dituzte derrigortze eta integritate moralaren aurkako delituak leporatuta. Hauetako bat salaketa jarri zuen gizonaren bikotekide ohia da, eta gainontzekoak, denbora luzez une jakinetan nahiz modu jarraituan emakume hori babestu duten pertsonak.

Azpeitiko Feministen Sareak, Zarauzko Morroxkak taldeak eta Zumaiako Mugimendu Feministak ere babestutako adierazpenean, Zestoako feministek «elkartasun feminista epaituko» dutela deitoratu dute, 2018an abiatu zen «prozesu latz eta bidegabe batean». Egoera «larria» dela gaineratu dute, lau eta bost urte arteko espetxe zigorrak eskatzen baitituzte beraientzat akusazio partikularrak zein Fiskaltzak.

«Asko dira beldurragatik, sistema judizialarekiko mesfidantzagatik edo beste hainbat arrazoirengatik erasotzailearen kontra salaketarik jartzen ez duten emakumeak, eta horrela izan da kasu honetan ere», azaldu dute adierazpenean. «Ez da harritzekoa: nola izan genezake konfiantza akusatuen aulkian indarkeria matxistaren biktima eta ez erasotzailea eseriko duen sistema judizial batengan?», gaineratu du Zestoako Mugimendu Feministak.

Gainera, bitartean erasotzailea herrian «normaltasunez eta inpunitate osoz» bizi dela salatu dute. Joan den azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean, Mugimendu Feministak gizonen arteko konplizitate sareak seinalatu zituela gogorarazi dute. «Kasu honek ezin argiago erakusten du anaidia horien funtzionamendua», esan dute, epaiketa honek sistema judizialaren «oinarri heteropatriarkala» agerian uzten duela gaineratuz.

Epaituko dituzten sei pertsonei elkartasuna adierazteko, abenduaren 14an Zestoako plazan elkarretaratzea deitu dute, 13.00ean. Epaiketak iraun bitartean Donostiako Epaitegiaren aurrean deitu dute mobilizazio bana hilaren 16an, 17an eta 18an, 9.00etatik aurrera. «Elkartasuna ez da delitua eta ez dugu pausu bat atzera egingo: horrelako erasoei elkartasun gehiagorekin erantzungo diegu», adierazi dute.