NAIZ

Sorturen Nazio Idazkaritzarako zuzendaritza hautagaitza aurkeztu dute, «inoizko orekatuena»

Nazio Kontseiluak Sorturen Nazio Idazkaritzarako hautagaitza proposatu dio militantziari. Nabarmendu dutenez, «genero, lurralde eta belaunaldi ikuspegitik inoizko hautagaitzarik orekatuena» da. Urtarrilaren 21etik 23ra bozkatuko dute, eta 24ko Irungo itxiera ekitaldian aurkeztu.

Sortuk irailean Iruñeko Anaitasunan egindako ekitaldia.
Sortuk irailean Iruñeko Anaitasunan egindako ekitaldia. (Aitor Karasatorre | FOKU)

Nazio Idazkaritzarako hamabost kidez osatutako hautagaitza aurkeztu du Sorturen Nazio Kontseiluak. «Herri gogoa ponentziak zehazten dituen ardurak betetzeko proposatutako taldea askotariko belaunaldiek osatzen dute, eta inoizko orekatuena da generoari eta herrialdeei dagokienez», adierazi dute ohar baten bidez.

Bederatzi azken Nazio Idazkaritzako kideak dira, eta beste seiak berriak, «ikasle zein gazte mugimenduetan militatzen hasitakoak». Xabi Iraola da datozen urteetarako Sorturen norabidea gidatzeko proposatzen den Koordinatzaile Nagusia eta berarekin batera, beste 14 izen hauek proposatu dituzte:

Nuria Altzugarai Gartzia (Donostia, 1974), barne koordinatzaile eta eraldaketa planen arduraduna; Itsasne Fernandez Duarte (Oiartzun, 1987), antolaketa arduraduna; Oihane Agirre Ulaiar (Urdiain, 1998), barne komunikazio arduraduna; Paul Laka Garamendi (Algorta, 1990), harreman sare orokorraren arduraduna 1; Oihana San Vicente Saez de Cerain (Agurain, 1976), harreman sare orokorraren arduraduna 2; Maialen Kortabarria Zabala (Gasteiz, 1993), proiektu estrategikoen arduraduna 1; Asier Zamorano Arri (Algorta, 1993), proiektu estrategikoen arduraduna 2; Maialen Arteaga Gonzalez (Zornotza, 1998), komunikazio arduraduna; Txomin Poveda (Urruña, 1992), Ipar Euskal Herriko arduraduna; Idoia Zengotitabengoa Laka (Ondarroa, 1989), Iratzar fundazioko arduraduna; David Pla Martin (Iruñea, 1975), eskola politikoko arduraduna; Haimar Altuna Ijurko (Lizartza, 1976), gatazkaren ondorioen konponbiderako arduraduna; Iker Araguas Jusue (Iruñea, 1986), Estatu biktimen aitortza eta memoriarako arduraduna; eta Elena Beloki Resa (Hernani, 1961), nazioarteko arduraduna.

«Proposamen horrekin, Euskal Herria eraikitzeko begirada ezberdinak bildu eta josi asmo ditu Sortuk, nola ezker abertzaleko ibilbide militantean metatutako esperientziarena, hala ziklo politiko berrian ezker abertzaleko antolakunde eta borroka sozialetatik eratorritakoena», azaldu du oharrean.

Zentzu horretan, «belaunaldiartekotasunarekin batera, beste oreka batzuk» ere nabarmendu dituzte. «Generoari dagokionez, zortzi emakumek eta zazpi gizonek osatzen dute. Herrialdeen kasuan, honako hau banaketa: bost gipuzkoar, lau bizkaitar, hiru nafar, bi arabar eta lapurtar bat. Kopuru horiek herrialde bakoitzeko Sortuko afiliatuen kopuruekin bat datoz. Adinari dagokionez, berriz, 35 urtez azpikoak dira hamabost kideetatik sei, eta 39,4 urtekoa da taldearen adin media».

‘Herri gogoa’, bide-orria

Urte bukaeran babes zabalarekin onartu zuten sortzaileek ‘Herri gogoa’ ponentzia. «Gure ekarpen behinena askotariko dinamika erreal eta eraginkorretan egitea ahalbidetuko dugu», adierazi dute. Hala, herri gogoa pizteko gai izango den «eskala handiko nazio bulkada bat» martxan jartzeko ardura euren gain hartuko dutela adierazi dute. Bestetik, «munduaren luze-zabalean zein espainiar eta frantziar Estatuetan indartzen ari diren autoritarismoaren eta eskuin muturraren kontrakarrean, Euskal Herrian eraldaketa sozial eta politikoa posible dela» azpimarratu dute.

Azkenik, herritarrek ezkerreko independentismoari eskainitako konfiantza eta arduraz jabetuta, EH Bildu eta EH Bai are gehiago indartzeko apustua berretsi dute ponentzia honekin.

Nazio Kontseiluak bere hautagaitza aurkeztuta, hautagaitza alternatiboak aurkezteko aldia irekiko da bihar, urtarrilaren 14ra arte. Hilaren 20an publikatuko dira behin betiko hautagaitzak, eta 21tik 23ra bozkatuko dituzte sortzaileek. Urtarrilaren 24an amaituko dute Sorturen IV. kongresu prozesua, Irungo Ficoban egingo duten batzar-ekitaldian.