NAIZ

Robert Grenier hil da, San Juan baleontziaren ikerketan funtsezkoa izan zen arkeologoa

Robert Grenier, San Juan baleontziaren hondoratze-lekua aurkitu eta aztertu zuen lantaldearen zuzendaria, hil da. Nazioarteko urpeko arkeologian erreferentea zen Grenier eta 2015ean San Juanaren aitabitxi izendatu zuten, ikerketa arkeologikoaren eta berreraikitze prozesuaren arteko lotura indartuz.

Robert Grenier, San Juan baleontziaren aitabitxia.
Robert Grenier, San Juan baleontziaren aitabitxia. (ALBAOLA ITSAS KULTUR FAKTORIA)

Robert Grenier arkeologoa hil da, San Juan baleontziaren berreskurapenerako funtsezkoa izan zen arkeologoa. Izan ere, itsasontziaren hondoratze-lekua Red Bay-n (Labrador, Kanada) aurkitu eta aztertu zen bere zuzendaritzapean.

Albistearen berri jakitean doluminak adierazi dituzte Albaola Itsas Kultur Faktoriatik, eta gogora ekarri dute Trois-Rivieresen (Kanada) jaiotako arkeologo honek ibilbide profesional luzea egin zuela urpeko kultura-ondarearen bilaketa, ikerketa eta babesean. Europan, Amerikan eta Artikoan egindako indusketetan hartu zuen parte, eta 1983 eta 2008 artean John Franklin-en ontziak (HMS Erebus eta Terror) bilatzeko hainbat espedizio zuzendu zituen.

Parks Canada-ko Urpeko Arkeologia Zerbitzuko burua izan zen eta Unesco/Icomos erakundeko Urpeko Kultura Ondarearen Babeserako Batzorde Zientifikoko presidentea. Bere lana hainbat sari garrantzitsurekin aitortu zuten: 2004an Kanadako Ordenako Ofizial izendatu zuten, eta 2010ean Grand Diplômé izendapena jaso zuen Laval Unibertsitatean.

San Juanen hondoratze-lekua

1978an, Selma Huxley historialariak emandako informazioari esker, Parks Canada-ko Urpeko Arkeologia Sailak, Grenier buru zuela, Red Bay-n aurkitu zuen 1565ean hondoratutako San Juan baleontziaren hondoratze-lekua. «Aurkikuntza horretatik abiatuta, ordu arte inoiz egin gabeko eskala handiko indusketa hasi zen. Artikoko uretan egindako lehen indusketa handi hau, mugarri zientifikoki bihurtu zen, erabilitako metodologiagatik eta ikuspegi zabalagatik», nabarmendu dute Albaolatik.

San Juanaren ikerketak, 30 urtez baino gehiagoz iraun zuen laborategian. 2007an argitaratutako bost liburukitan eta 2.000 orrialdetik gorako azken txostena urpeko arkeologiaren nazioarteko erreferente bihurtu zen, bai eta XVI. mendeko euskal itsas ondarea ezagutzeko funtsezko iturri. Lan horren garrantzia dela eta, Unescok San Juanaren saskarraren irudia aukeratu zuen urpeko kultura ondarearen munduko ikur gisa.

Ikerketa horri esker, 2013an Red Bay herria Unescoren Gizateriaren Ondarearen Zerrendan sartu zen. Gaur egun, Red Bay-ko National Historic Site museo eta aztarnategi arkeologikoak nazioarteko erreferente dira eta milaka bisitari jasotzen dituzte urtero.

2014an, Robert Grenier eta Parks Canada-k San Juanaren ikerketaren lekukoa Albaolari pasatu zioten, hiru hamarkadatik gorako ikerketan sortutako dokumentazio zientifiko osoa emanez. Ekintza horrek baleontziaren erreplika zientifikoa eraikitzeko proiektua abiarazi zuen. 2015ean, Grenier San Juanaren aitabitxi izendatu zuten, ikerketa arkeologikoaren eta berreraikitze prozesuaren arteko lotura indartuz.

Grenierrek 2011n hartu zuen erretiroa, Parks Canada-n 40 urte baino gehiago eman ondoren, urpeko kultura ondarearen ikerketa eta babesean. 

«Urte hauetan guztietan, Grenier-ek hainbat aldiz bisitatu zuen Faktoria, eta nabarmen parte hartu zuen erreplikaren gila jartzeko ekitaldian. 2025eko azaroaren 7an egindako botaduran ezin izan zuen parte hartu, baina bertan izan zen bere emaztea, Caroline Marchand, eta hura izan zen, Grenier ordezkatuz, ontziaren txopa sagardoarekin bataiatu zuena», ekarri dute gogora Albaolatik, eta eskertza ere egin diote, urte guztiotan emandako babesagatik: «Gure esker ona eta aitortza adierazi nahi diogu Robert Grenierren ekarpen erabakigarriari, itsas historia unibertsaleko kapitulu garrantzitsuenetako baten ezagutza berreskuratzeagatik. Halaber, gaur San Juan berriro existitzea posible egin duen proiektuaren jatorrian izan duen paper garrantzitsua ere nabarmendu nahi dugu. Albaolak pena handiz jaso du albistea, izan ere, batez ere, aliatu eta lagun maite baten galera izan baita».