NAIZ
Donostia

13/13 epaia salatu eta babesa adierazi diete Enparantza, Zulueta, Sarriegi eta Zuriarraini

13/13 sumarioaren epaiketan zigortu zituzten Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegiri elkartasuna adierazteko eta Auzitegi Gorenaren epaia salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Donostian eta Bilbon.

Antiguako Gaskuña plazan egin duten elkarretaratzearen argazkia.
Antiguako Gaskuña plazan egin duten elkarretaratzearen argazkia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Espainiar Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak berretsi egin ditu aste honetan Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuei 13/13 sumarioaren epaiketaren baitan ezarri zizkieten zazpi urte eta erdi eta lau urteko espetxe zigorrak, hurrenez hurren. Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegiren kasuan, partzialki onartu ditu haien errekurtsoak eta zertxobait murriztu dizkie hasiera batean jasotako kondenak. Hala, lehenari hiru urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra bi urtera jaitsi dio, eta bigarrenari hiru urte eta hilabete batekoa urte eta sei hilabetera.

Laurei elkartasuna helarazteko eta Gorenaren erabakia gaitzesteko elkarretaratzeak egin dituzte ostiral arratsalde honetan Donostiako Antigua auzoan eta Bilbon, «Ez gaitzatela atzera eraman. Konponbidean aurrera» lelopean.

Elkarretaratzeetan salatu dutenez, «Estatu sakona eta bere makinaria juridiko/legalak indarrean dirauela argi» adierazten du epai honek. «Beraien militantzia politikoa konpromiso irmoz Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatu duten militanteen kontrako kolpea da hau. Beste behin, euskal herritarren kontra jotzeko, ezkerreko independentismoaren kontra jotzeko, Euskal Herriaren kontra jotzeko. Kolpe hau hotzean pentsatu eta hartutako erabakia da, mendeku gosean oinarritzen dena», nabarmendu dute.

Ildo horretan, «kezka eta haserrea» azaldu dute hurrengo egun eta asteetan gertatuko denarekin.

Gatazka politikoari zein presoen aferari «irtenbide demokratikoa emateko ordua» dela defendatu dute, eta ez dutela «ez errepresio, ezta espetxeratze gehiago onartuko».

Bilboko Alde Zaharrean egin duten elkarretaratzea. (NAIZ)

Auzitegi Nazional espainiarrak 2022ko martxoan zigortu zituen laurak, fiskalaren akusazioa ontzat eman eta «talde terroristako kide» izatea leporatuta. Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo absolbitu egin zituzten.

Epaiketan agerian geratu ziren hainbat irregulartasun, hala nola CNI espainiar inteligentzia zerbitzuen aktuazioa –epaileak ez zuen onartu baliogabetzea, nahiz eta defentsak hala eskatu–, eta Naia Zuriarrain eta Saioa Agirreren tortura salaketak ere entzun ziren.