
Larunbateko Bilboko manifestazioaren atarian, zaharrak berri datoz euskal preso eta senideentzat. Azken bost urteotako aurrerapenek leundu egin dute egunerokoa, batez ere urruntzea baliogabetu dutelako, baina salbuespen politikaren inertziak ez dira oraindik indargabetu.
Zenbait datu adierazgarri bildu ditu NAIZek, Sare, Etxerat eta Sorturen bitartez. Beste garai bateko erabaki politikoen ondorio dira, espetxealdien luzapenari, progresio arloan jarritako oztopoei edota presoen adinari dagozkionak.
Preso diren 105 lagunez gain, 29 baldintzapean aske
Indarren segitzen duen Jose Maria Aznaren garaiko 7/2003 legearen bitartez batez ere, baldintzapeko askatasuna eskuratzeko zailtasun handiak topatzen dituzte euskal preso hauek oraindik ere. Gaur egun 29k baino ez dute lortu, eta beste 105ak preso daude era batean edo bestean.
Hauetatik 35 laguni hirugarren gradua 86.4 artikuluaren arabera onartu zaie, eta ondorioz nork bere etxean bete dezake espetxealdia, zenbait baldintzarekin. Zortzi pertsona gehiago 3. graduan daude baina ez etxean. Hemen ezinbestekoa da oroitaraztea zenbait aldiz Auzitegi Nazionalak Lakuak onartutako 3. graduak bertan behera utzi dituela eta presoa espetxera itzularazi duela.
60 bigarren graduan oraindik
Hamarkada luzetan ia zigorra amaitu arte orokortu zen lehen gradua desagerraraztea lortu da azken urteotan, baina legeak dioenaren kontra gehiegi dira bigarren graduaren giltzarrapoa jarrita dutenak: 60 hain zuzen ere.
Horietatik 16ri 100.2 artikulua onetsi zaie, eta ondorioz asteko zenbait egunetan zehar kalera atera daitezke lan egitera, gauean espetxera lotara itzuliz betiere.
Gainerako 44ek ez dute kalea zapaltzeko aukerarik. Joseba Azkarraga Sareko eledunak GARAn aipatu zuenez, hauetatik 22k jada 25 urteko espetxealdia gainditu dute, eta hala ere ez zaie aukera hori onartzen ustez birgizarteratzearen alde diren erakundeen partetik.
Bi herenak, 20 urtetik gora kartzelan
Guztiz ezohikoa da Estatu espainolean inor 20 urte baino gehiago preso izatea, baina oso ohikoa da oraindik Auzitegi Nazionalak zigortatutako giza-multzo honetan. Unai Parotekin gainditu dituzte langa guztiak, jada 35 urtetik gora egin baititu preso. Beste 21 lagunek 25 eta 29 urte artean daramatzate espetxean; 44 gehiagok, 20 eta 24 artean; eta 27k, 15 eta 19 bitarte.
Beste era batera esanda, hamabost urte baino gutxiago giltzapean egin dituztenak oso gutxi dira: 12 baino ez, kolektibo honen %11.
28 presok 60 urte baino gehiago ditu
Aurreko aldagaiak eragin handia du adinean, nola ez. Ondorioz, gaur bada 75 urte baino gehiago duen preso bat; beste bik 70ak gainditu dituzte; 12 dira 65-69 urteen artean direnak; eta 13, 60-64 tartean dira.
Konputo bikoitzaren ezabapenaz, 35 hobera
7/2003koa ez, baina beste salbuespen lege bat baliogabetu ahal izan da azken urtean, nahiz eta oraindik ez den guztiz inplementatu. ‘Konputo bikoitza’ delakoaren ezabapenak Estatu frantsesean kondena beteta zuten 52 presoren egoera hobetu behar zuen, Sarek jakitera eman zuenez. Lege aldaketa aplikatzen hastea atzeratu egin zuten espainiar auzitegiek, frantziar agintariei dokumentazioa eskatzen, baina gero astiro-astiro betetzen joan dira.
Gaur egun 52 preso horietatik 35 inguruk konputo berria lortu dute espetxealdiari dagokionez, frantziar espetxeetan betetako denbora kenduz, eta ondorioz batzuk aske geratu dira eta beste batzuentzat epeak murriztu dira, gradu progresioak erraztuz.
Estatu frantsesean bi baino ez
755 preso ziren 2008. urtean, ziklo aldaketa abiatu aurretik. Geroztik espetxeak husten joan badira, zigorrak amaieraraino heldu direlako izan da gehienbat. Egoera hau bereziki nabaria da Estatu frantsesean, gaur egun bi preso baino ez dagoelako: Mikel Karrera eta EPPK-ko kide ez den Saioa Sanchez.

Identifican a la navarra María Luisa Eugui entre los fallecidos en el accidente de Adamuz

Euskotren pospone por «motivos operativos» el cambio de andenes anunciado horas antes

Oihu bat Palestinara jaialdia, martxoaren 21ean Durangon, «ondorio errepresiboei» aurre egiteko

La Fiscalía archiva la denuncia contra el acceso al chalet de Xabi Alonso en Igeldo


