NAIZ

Unrwak 1.000 milioi euro bildu nahi ditu 2,4 milioi palestinarri laguntzeko

Unrwak 1.000 milioi euro hildu nahi ditu Gazan eta Zisjordanian bizi diren 2,4 miloi pertsonari laguntza emateko. Ohartarazi duenez, palestinarrek «aurrekaririk gabeko krisi humanitarioan murgilduta jarraitzen dute, eta krisi hori larriagotu egin da azken euriteen ondorioz».

Gazan 1,9 milioi pertsona inguru daude oraindik lekuz aldatuta.
Gazan 1,9 milioi pertsona inguru daude oraindik lekuz aldatuta. (Omar ASHTAWY | EP)

Unrwa Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak 1.260 milioi dolar (1.000 milioi euro inguru) biltzeko deia egin du, bere programak finantzatu ahal izateko eta Gazan eta Zisjordanian bizi diren 2,4 milioi palestinarri laguntza emateko.

Iragarpena testuinguru konplexuan iritsi da, izan ere Israelek Unrwaren operazioak oztopatzea helburu duen legedia onartu du eta Zerrendan jarduten duten 37 GKE-en jarduera lizentziak ere bertan behera utzi ditu.

Ohar batean, Unrwak berretsi egin du oinarrizko laguntza humanitarioa mantentzeko konpromisoa, Palestinako lurralde okupatu guztietan dauden 17.000 langile inguruko talde bati esker, eta deitoratu du ez dagoela bere lana tokian bertan egiteko gaitasuna duen beste erakunderik.

Azpimarratu duenez, Gazako 2,1 milioi biztanleek «aurrekaririk gabeko krisi humanitarioan murgilduta jarraitzen dute, eta krisi hori larriagotu egin da azken euriteen ondorioz». Gainera, elikagaien segurtasun ezak ia herritar guztiei eragiten die, eta osasun sistema gainezka dago. 

«Ospitale eta lehen mailako arretako zentro guztien %35 inguruk funtzionatzen dute partzialki, eta ondorio katastrofikoak dituzte herritarrentzat», jasotzen du testuak, eta Al Shifa ospitalearen kasua nabarmendu. Palestinarrek «egunero borrokatzen dute bizirauteko, ekipo mediko eta medikamentu eskasiaren aurrean».

2 milioi desplazatu

Unrwak adierazi duenez, 1,9 milioi pertsona inguru daude oraindik lekuz aldatuta, eta ez dute beharrezko babes materialik. «Ur eta saneamendu sistemak kolapsatzear daude, iturriak kutsatuta daude eta hondakin urek gainezka egn dute, eta osasun publikoaren sistemaren narriadura larriagotzen dute», gaineratu du.

Zisjordanian ere egoera «izugarri» okertu dela salatu du: «Indarkeriak, eraispenek eta Israelen politikak gora egin dute», eta legez kanpoko anexioa ematen ari dela ohartarazi du. «Horrek errefuxiatuen kanpalekuetan bizi ziren 40.000 palestinarren desplazamendua eragin du», zehaztu du.

«Horren ondorioz, 32.400 pertsona inguru muturreko baldintzetan bizi dira gaur egun», ohartaazi du, eta lekualdatutako pertsonen babes beharrei lehentasuna emango diela azaldu du, berehalako laguntza emanez. Gainera, 1,6 milioi lagunentzako oinarrizko osasun zerbitzuak bermatu nahi ditu, desnutrizioa pairatzen duten adingabeei eta haurdun dauden emakumeei arreta berezia eskainiz.