Ramon Sola

Presoekiko elkartasunaren doinu zirraragarriak lau haizetara NAIZ Irratiaren eskutik

Zenbaezinak dirudite hamarkada hauetan presoen egoera salatu edota beraiekin elkartasuna agertu duten kantuek. Ozen entzunarazi ditu NAIZ Irratiko ‘MusikHaria’ saio bereziak Bilbiko Plazatik larunbat eguerdi honetan.

Audio_placeholder

Presoekiko elkartasunaren doinu zirraragarriak lau haizetara NAIZ Irratiaren eskutik

Loading player...
Iraia Cambrak eta Iker Gurrutxagak gidatu dute Bilbiko Plazan eginiko saio berezia.
Iraia Cambrak eta Iker Gurrutxagak gidatu dute Bilbiko Plazan eginiko saio berezia. (Marisol Ramirez | Foku)

Manifestazioa zuzenean emititzeaz gain, ‘MusikHaria’ saio berezia egin du NAIZ Irratiak eguerdian Bilbiko Plazan, Sareren mobilizazioari ekarpen berezi gisa. Bi ordutan zehar, presoen eskubideen aldarria josi duten kantuak eta elkarrizketak tartekatzen joan dira, Iker Gurrutxaga eta Iraia Cambra gidari zirela. 

Iker Gurrutxagak nabarmendu duenez, asko eta asko dira presoen gaia ardatz duten euskal kantuak, eta aurten bertan beste baten bat sortu da, inoiz eten ez den katean: Iruñerriko Burutik taldeak bisitetan hain labur geratzen diren 40 minutu horiei erreparatu die. Ez da lehena, azkena izan dadila... 

Beste adibide batzuk emateagatik, ‘564’, ‘No time for love’, ‘Badator eguna’, ‘Zurekin’, ‘Itzala’, ‘Oroitzak’, ‘Itsasoa gara’, ‘Etxerat’, ‘Amnistiaren dema’… aurreko eta egungo sortzaileek asmatuak; talde lana batzuetan eta norbanakoa besteetan; hard-rock, punk, folk, kantagintza klasikoa... estilo guztietakoak; kitarra soinu gogorrak maiz eta trikitixak sarritan… denetarik, nahigabean bilduma zirraragarria sortzen joan da.

Hauetako batzuk era akustikoan entzun dira irratsaioan zehar. Eta honezaz gain, ekarpen berezi batzuk ere bildu dituzte, tarteka bideo bitarteko agurrekin lagunduta: ‘Zapalduen olerkia’ Eñaut Elorrietaren eskutik, ‘Harrera’ Brigade Locoren bidez, ‘Gau iluna amaitu da’ Aitor Gorosabelen ahotan, ‘Silencio en la sala‘ Francisen eskutik, ‘Mugitu harriak’ Esne Beltzarena… 

Tono berekoak edo bestekoak izan, emozioak lotzen ditu abesti guzti hauek. Gainera, letrak espetxe errealitate gordinaren isla zehatza bilakatu dira. Adibide bat ematearren, Ken 7ren honako hau: «Ohe hutsei, amaren malkoei, lapurtzen diguten denbora iheskorrari, burdin hotsei, aitaren beldurrei» kantatu zien. 

Musikaz gain historirarako lekukotasuna

Historiarako ere gelditu dira kantuok, lekukotasun gisa. Esaterako, urruntze politikak eragiten zuena ulertzeko ‘Gau iluna amaitu da’ entzutea aski da, ‘564’-k izenetik bertatik ematen du arazoaren neurria, ‘Itzala’-k gogora ekartzen ditu ‘dena da ETA’ aroaren kartzelaratzeak, eta egungo erronka berriez ohartarazteko ‘Harrera’ oso adierazgarria da.

Benetako zirrara eragin dute Oiartzungo Anek, Iratik eta Joxe Leonek. Eta beraiek ere onartu dute askotan hunkitu egiten direla kantuok abesterako unean

Kantakailu egitasmoak eman dio hasiera irratsaio bereziari. Lau kide bertaratu dira, ekimena azaltzeko eta entzunarazteko: Kalamiak Bilboko Alde Zaharreko talde feminista ekonomikoki sustatzeko beharratik abiatu ziren eta ia ohartu gabe euskal kantu bilduma polita osatu dute bazkal ostekoetan eta abar emanaldi xumeak egiteko. ‘Zazpiak oihal batetik’, ‘Arrosako zolan’ eta ‘Ametsen piratak’ kantuak eskaini dituzte oholtza gainean zuzenean. 

Antzeko bidetik jo zuten Oiartzungo lagun batzuek duela 17 urte, lagun arteko giroan abesteko asmo xumeaz. Ekimen horren nondik norakoak azaldu dituzte irratsaioan, aipatutako kantuei akustikoan ekin aurretik. Benetako zirrara eragin dute Anek, Iratik eta Joxe Leonek. Eta beraiek ere onartu dute askotan hunkitu egiten direla abesterako unean. Ez da gutxiagorako, Gurutze Iantziren tragedian oinarritutako ‘Irtenbiderik ez zen’ bezalakoak entzuterakoan.