NAIZ

Norberaren arrakalak estali eta aurkariarenak irekita, Laso eta Albisu jaun eta jabe

Lasok eta Albisuk osatutako bikoteak Binakako txapelketako erregularrena izaten jarraitzen du. Igande honetan zortzigarren garaipena eskuratu zuten, Gasteizko Ogetan Jaka eta Iztueta txikitu ostean, 5-22 markagailuarekin.

Lasok sasoiko jarraitzen du, gaurkoan beste bederatzi tanto eginda.
Lasok sasoiko jarraitzen du, gaurkoan beste bederatzi tanto eginda. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Olatu erraldoi baten pare jardun dute Lasok eta Albisuk, igande honetan, Gasteizko Ogeta pilotalekuan, erritmo oldarkor batekin pareko guztiak astinduz. Jaka eta Iztuetak lehen bost tantoetan mantendu dituzte aukerak; hortik aurrera, ezinean aritu ziren, egoerak guztiz gaindituta.

Sasoiko daude Bizkarreta-Gerendiaingoa eta Ataungoa, garaipen gosez eta zirrikiturik erakutsi gabe. Binakako txapelketako multzoen faseak bederatzigarren jardunaldia bete duen honetan, zortzigarren garaipena eskuratu dute eta hurrengo jardunaldia irabaziz gero, finalerdietarako txartela lortu dezakete –Larrazabal eta Mariezkurrenaren aurka neurtuko dituzte indarrak–.

Eta aurkaria sasoiko dagoenean, edozein akats gogotik ordaintzen da. Hala ulertu beharko da Ogeta pilotalekuko partida nagusia, batez ere Iztuetak adierazi duenari kasu eginez: «Egurra eman digute, lotsagarria eta dena izan da. Beraiek asko jokatzen dute eta bi huts egindakoan ezin gara behera etorri, eta hori gertatu da», aztertu du tolosarrak. Bederatzi huts egiterekin bukatu zuen partida; ez da huts asko pilatzen dituen pilotaria baina azken partidetan «urduri» dabilela onartu du eta egoerari buelta eman beharrean dagoela.

Lasok ere Iztuetaren akatsei erreparatu die ETBko kameren aurrean balorazioa egiterako orduan: «Hasieran tanto gogorrak jokatu ditugu, baina beraien akatsengatik eta gurea egiten ari ginelako abantaila hartu dugu, eta Martxelek ez du izan bere eguna».  

Lasoren erritmora

Igande honetako bi irabazleak «hankak lurrean» dituztela agertu dira partidaren osteko adierazpenetan, aurkariaren egun eskasa gehiago nabarmenduz beraiek ondo eginikoari baino. Estrategia izan daiteke baina, egiari zor, gustora, eroso eta jaun eta jabe ikusten zaie kantxan. Beraien arrakalak estali eta aurkariarenak parez pare zabaltzeko gaitasunarekin.

Partidan atzetik hasi dira (2-1) eta aurrelariak mokoka jardun dute, tantoak elkartrukatuz, gantxoarekin eta txokoan utzitako pilotakadekin. Iztuetak huts egin duen lehendabizikoan abantaila hartu zuten urdinek (2-3) eta Lasok egindako akats bakanarekin, gorriek hirugarren berdinketa jarri dute markagailuan. Hirugarrena eta azkena, ordutik aurrera, Laso freskoago aritu da errematean eta tarte polita irekitzea lortu dute (3-7).

Aurrelari nafarraren erritmora jokatu da partida, Iztuetari lan asko eman eta aurrean aurkariak engainatuz. Defentsa ona ere erakutsi du, atzean Albisu bizkarzain perfektua izan dela. Egindakorik ez eta galdutakorik gabe bukatu du partida Ataungoak.

1-15eko aldeko partzialarekin egin dute bidea urdinek, Iztuetaren barrenean mamuak areagotzen zirela egindako hutsegite bakoitzarekin. 5-20koan lortu du pilota gozatzea, amorruari erantzun ona ematea, baina Albisuk, azken koadrotik ere, ondo eutsi du, bai eta Lasok, Jakaren gantxo bat eraman eta ostean kontraerasora jota. Partida irabazteko zantzu guztiekin ere lana egin dute urdinek, zortzigarren puntua batu eta hanka bat finalerdietan jartzeko, umiltasunez. «Gozatzen ari naiz pilotalekuan», laburbildu du Albisuk. Aldarte horrekin gauzak beti dira samurrago.

FITXA TEKNIKOA

JAKA-IZTUETA 5

LASO-ALBISU 22

Partidaren iraupena: 52:52 minutu. Pilotakada kopurua: 387 pilotakada. Egindakoak: 2 Jakak eta 1 Iztuetak; 9 Lasok eta 0 Albisuk. Galdtutakoak: 4 Jakak eta 9 Iztuetak; 2 Lasok eta 0 Albisuk. Markagailua: 0-1, 1-1, 2-1, 2-2, 2-3, 3-3, 3-4, 3-7, 4-7, 4-8, 4-10, 5-10, 5-11, 5-22. Gertaerak: Gasteizko Ogetan jokatuko jaialdia, Binakako txapelketako bederatzigarren jardunaldiko azkena. Harmailetan hutsune ugari. Sakea, urdin.