NAIZ
Altsasu

Guardia Zibilak Altsasuko gaztetxearen eta Udalaren aurka egin du, zazpi kontzertu aitzaki

Nafar Gobernuaren Barne Zuzendaritza Nagusiak 42.000 euroko isuna galdegin dio Altsasuko Udalari, bertako gaztetxean 2024 eta 2025ean egindako zazpi kontzerturengatik, Guardia Zibilaren salaketa batzuetatik abiatuta. Javier Ollok neurria gaitzetsi du eta gaztetxea ez duela «inoiz» hustuko baieztatu.

Altsasuko gaztetxea, 2019ko Ospa egunean hartutako irudi batean.
Altsasuko gaztetxea, 2019ko Ospa egunean hartutako irudi batean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Nafarroako Gobernuko Barne Zuzendaritza Nagusiak zehapen-prozedura bat hasi du Altsasuko Udalaren aurka, Guardia Zibilak zazpi salaketa jarri zituelako Gaztetxean 2024ko martxotik 2025eko irailera beste horrenbeste kontzertu egiteagatik. Udalak eta Gazte Asanbladak gogor gaitzetsi dute prozedura. 42.000 euroko isuna galdegin diote Udalari, 6.000 euro aipatutako kontzertu bakoitzeko.

«Guardia Zibilak errazena egin du. Sare sozialetara jo du zer ekitaldi egiten diren ikustera, eta, horrekin batera, zehapen-prozedura bat abiarazi du Altsasuko Udalaren aurrean, eraikinaren titular gisa edo, gutxienez, arduradun gisa», adierazi du Javier Ollo alkateak. Gaztetxea duela 35 urte, 1990ean, izan zen okupatua, baina titularra Udala da.

Alkateak azpimarratu du salaketak «lankidetza eta leialtasun instituzionalaren printzipioetatik urrun» geratzen direla eta hauek «bidegabeak» direla iritzi du. «Jakin badakigu Guardia Zibilak erabaki duela Udalaren kontrako horrelako salaketak egitea presioa egiteko helburuarekin, bai eraikinaren lagapena erregularizatzeko, bai eraikina husteko».

Hala ere, eraikin hori ez dutela «inoiz» hustuko baieztatu du Ollok. «Gaztetxearen antolaketarekiko ezberdintasun ideologikoez aparte, beti defendatuko dut, azken 35 urteetan bezala, beren jarduerak egiten jarraitzea. Herri osoko alkatea naiz, baita gaztetxera joaten diren gazteena ere. Ez diet Guardia Zibilaren presioei amore emango kasu honetan, eta gaztetxeak Altsasuko eragile sozial eta kulturalen beste agente bat izaten jarrai dezan borrokatuko naiz», ziurtatu du.

Asanbladak gaztetxearen «funtzioa» jarri du prozeduraren jomugan

Bere aldetik, Altsasuko Gazte Asanbladako kideek «Euskal Herrian gaztetxeen kontra egiten ari diren erasoaldiaren baitan» kokatu dituzte Guardia Zibilaren salaketak eta nafar Gobernuaren prozedura. «Antolakuntzaren eta okupazioaren kontrako ofentsiba orokorraren beste adierazle bat da», adierazi dute ohar baten bidez.

Bertan gogora ekarri dute Guardia Zibila 2010ean saiatu zela gaztetxea husten. «2010ean tximiniak su hartu zuenean gaztetxea desalojatzen saiatu ziren, zuzenean mehatxatu izan gaituzte espazioa desalojatuko dutela esanez eta, orain, isun ekonomikoen bidez, Udala bitartekari gisa erabili nahi dute erasoa gauzatzeko». 

Eta nafar Gobernua ere erantzule egin dute. «Ardura zuzena dauka isunak tramitatu eta alegazioa ezeztatu duelako». Zentzu horretan, «argi» ikusten dute «arazoa» ez direla kontzertuak, «baizik eta gure herrian gaztetxe eta asanblada bat izatea, benetan zapuztu nahi dutena honek betetzen duen funtzioa delako». 

Horren aurrean, gaztetxearen proiektua defendatu dute. «Logika kapitalistaren kontra egiten duelako eta gazte langileoi espazioaren gaineko kontrola ematen digulako. Proiektu hau klase kontzientzia zabaltzeko tresna izanik, sua piztuko duen txinparta izan daitekeela argi dugu», azpimarratu dute.